Ontziratutako jana, bertako produktuekin

Guaixe 2023ko urr. 24a, 09:06

Etxarriarrak jakinminez gerturatu ziren Ondalankoopekoengana.

Ondalankoop mikrokooperatibak bere egoitza, sukaldea, Burlatatik Etxarri Aranatzera aldatu du. Bere burua ezagutzera emateko prestatzen dituzten jakien dastaketa eskaini zuen plazan lastailaren 12an. Hain justu hiru urte bete zituzten egunean.

Elikadura burujabetasunaren aldeko proiektutzat du bere burua Ondalankoopek. Sukaldea aurretik Burlatan zuten. Uholdeek sukaldea hondatu zuten. Sukalde onik lortu ez dutelako lekualdatu dira Etxarri Aranatzera. "Antolatutako dastaketarekin gure lanaren berri eman nahi genien etxarriarrei", azaldu du kooperatibako kide Garikoitz Elizalde Ekisoainek. Proiektua Iruñea, Burlata, San Martin Unx eta Tafalla inguruan abiarazi zuten. "Eta hemen gaudenez, proiektua Sakanara zabalduko dugu. Jendeak interesa badu, banaketa puntu bat sortuko dugu", gaineratu du Elizaldek. Iruñerrian prestatutako janari ontziak banatzeko hainbat modu dituzte: bazkide bakoitzari berea hozkailuak dituen egoitzan utzita, denda txikiak... 

Kooperatibistak azaldu duenez, "ideia zen herri eta hirien arteko sinergiak sustatzea. Hirietan azkar bizi dira, beste behar batzuk sortzen dira, eta herrietatik elikatzen dira beti, barazkiak, haragia... Dependentzia dute. Guk ekoizleak diren herri txiki horiei, eta ekoizleei beraiei, hirian aukera emanez indarra eman nahi diegu; ezagutarazteko eta harremanak sortzeko", azaldu zuen Elizaldek. 

Zubi lan hori egiteko Ondalankoop ekoizle txikien produktuak jaso eta hirian eta herrietan zerbitzua ematen hasi ziren. "Baina herrietan, beharbada, arduratsuago jaten da, beste aukera batzuk dituzte. Hirietan, azkartasun horretan murgilduta dagoela, jendeak enpresa handiei edo beste motatako enpresetan uzten dute bere hilabeteko diru asko. Ekoizle txikien lan hori hiritarrei gerturatzen diegu", argitu du kooperatibistak. Horretarako, ekoizle txikien produktuak jaso, sukaldean prestatu eta asterako hamar platerez osatutako menua osatzen dute. Ondoren haien banaketa puntuetan uzten dituzte prestatutako jaki horiek. 


 
Jatekoez
Ondalankoopen zerbitzua jaso nahi dutenek izena eman behar dute aurretik. Horretarako, kooperatibaren posta elektronikora mezua bidali behar da izen-abizenak, eta norberaren e-posta eta telefono zenbakia eman. Haiek bueltan pasahitza eta erabiltzaile izena bidaliko dituzte eta, horiekin web orrian eskaera egiteko aukera izanen da. Han asteko menuaren berri ematen dute. Jasotze puntua zehaztu behar zaie, jakina. 

Astean 30 euroko gutxieneko eskaera bat egin behar da. "Diru horrekin lau eta sei janari ontzi artean eskuratzen dira. Ontzi bakoitzak bere prezioa du. Ahalik eta justuen izan dadila saiatzen gara. Ontzien prezioa 5 eta 8 euro artekoa da, osagaien salneurriak ere desberdinak direlako". Bi aste barrurako menuaren berri bidaltzen dute, eta jasotako eskaeraren arabera prestatzen dituzte jakiak. "Horrela, bakoitzari dagokiona prestatzen dugu, ez dugu behar baino janari gehiago egiten, eta ez da soberakinik sortzen", argitu du kooperatibako kideak. 

Elizaldek aitortu zuenez, beraien menuetan ez dago ez haragi ez arrain askorik, "askoz gehiago dira zerealekin eta barazkiekin egindakoak". Aste honetako menuaren zati baten berri eman du Elizaldek: zerba egosia arrozarekin; txitxirio entsalada ziazerbekin; txindillak txorizo eta piperrekin; moxala gisatua; haragi-bolak; bakailaoz betetako piperrak... "Osagai guztiak tokiko produktuak dira. Orain egoitza Etxarri Aranatzen dugula Sakanako ekoizleengana joko dugu produktu bila. Ekoizleekin elkarlana edo merkataritza harremanak sustatzen ari gara orain. Ideia da hemen erostea eta hemen produzitzea, bertako produktuekin", jakinarazi du.  

Merkatuan dauden gainontzeko eskaintzez bereizten dituena Ondalankoopen ontzi bakoitzak duen "karga ideologiko handia" dela gaztigatu du Elizaldek, "jatea ekintza politiko bezala ulertzen dugu. Jabetu behar dugu gure soldatako euro bakoitza nora doan. Ekoizle eta proiektu txikietara badoa, askoz hobeto makroindustria handi horiek gizentzea baino", azpimarratu du. "Guk prestatzen ditugunak ez dute kontserbagarririk. Ahalik eta produktu ekologikoenekin lan egiten dugu.... Beste industria horiek sortzen duten janari horiek baino arduratsuagoak gara". 

Haien bezeroez galdetuta, "bezeroen profila hasieran pentsatzen genuena baino askoz zabalagoa da. Hasieran, kontzientziatuagoa zen pertsonendako izanen zela uste genuen. Baina etorri da jendea beharragatik, proiektuaren karga ezagutu duelako... Hasieran, batik-bat, gazteak ziren. Orain familia, adineko eta norbanakoetara zabaldu da. Esparru zabala hartzen du".