Leitzako Herri Aretoan izanen da Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen faseko azken saioa, urriaren 21ean, larunbata, 17:30ean. Irabazleak zuzenean eskuratuko du finalaurrekoetarako txartela, eta saioa bukatutakoan argituko dira hurrengo fasera sailkatzen diren beste bertsolarien izenak. Azken finalaurdenean Eneko Lazkoz Martinez eta Saats Karasatorre Martinez bertsolari etxarriarrak ariko dira, Josu Sanjurjo Alzuri, Bittori Elizalde Soto, Endika Legarra Nuin eta Fernando Ziganda Urdanpilleta bertsolariekin batera. Ander Aranburu izanen da gai jartzailea.
Leitzako saioan puntu gehien biltzen dituen irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetako faserako. Dagoeneko Sarai Roblesek, Julio Sotok eta Joanes Illarregik eskuratu dute txartel hori. Lau saioetako lau irabazleekin batera beste hamalau bertsolari izanen dira finalaurrekoetan, lehen fasearen sailkapenaren arabera. Azaroaren 4an emanen zaio hasiera finalaurrekoen faseari, Altsasuko Iortia kultur gunean.