Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2023

Eneko Lazkozek irabazi du Leitzako saioa

Guaixe 2023ko urr. 23a, 09:44

Eneko Lazkoz, azken finalaurdeneko irabazlea, saioaren une batean. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA

Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finalaurdena jokatu zen urriaren 21ean, eta bertsolari etxarriarrak lortu zuen finaulaurrekorako txartela. Hurrengo fasean ariko diren hemezortzi bertsolarien zerrenda osatu zen ere; lau bertsolari sakandarrak ariko dira.

Leitzan jokatu zen urriaren 21ean, larunbata, Nafarroako Bertsolari Txapelketako laugarren eta azken finalaurdena. Ander Aranburu izan zen gai jartzaile eta sei bertsolari aritu ziren kantuan, zozketak erabakitako ordenean: Saats Karasatorre Martinez etxarriarra, Endika Legarra Nuin, Josu Sanjurjo Alzuri, Eneko Lazkoz Martinez etxarriarra, Bittori Elizalde Soto eta Fernando Ziganda Urdanpilleta. 200 entzule inguru elkartu ziren Herri Aretoan, Nafarroako Bertsozale Elkarteak Leitzako Udalaren laguntzarekin antolatutako saioa zuzenean entzuteko.

Saioko ariketa puntuagarriak behin eginda, Eneko Lazkozek eskuratu zuen epaileen puntu gehien, 354,5, eta, beraz, saioa irabazi eta Lesakako finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Josu Sanjurjo (325,5), Saats Karasatorre (323,5), Endika Legarra (291,5), Bittori Elizalde (286) eta Fernando Ziganda (278).

Urriko 21eko finalaurdena fasearen azkena zen, eta beraz, finalaurrekoetan ariko diren hemezortzi bertsolarien zerrenda osatu zen. Lau finalaurdenetako irabazleei puntuazioaren araberako hurrengo hamalau bertsolariak gehitu zaizkie. 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartzen ari diren lau sakandarrek aurrera egin dute: Eneko Lazkoz, Idoia Granizo, Ekain Alegre eta Saats Karasatorre. Hortaz, azaroaren 4an Altsasuko Iortia kultur gunean jokatuko den lehenengo finalaurrekoan Saats Karasatorre ariko da; Agoizko bigarren finalaurrekoan, azaroaren 11n, Ekain Alegre eta Idoia Granizo ariko dira, eta azken finalaurrekoan, Lesakan azaroaren 19an, Eneko Lazkoz. Sarrerak bertsosarrera.eus atarian eros daitezke. 

2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketaren laugarren finalaurdeneko sailkapena

Eneko Lazkoz Martinez: 354,5

Josu Sanjurjo Alzuri: 325,5

Saats Karasatorre Martinez 323,5

Endika Legarra Nuin 291,5

Bittori Elizalde Soto: 286

Fernando Ziganda Urdanpilleta: 278

2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetara sailkatu diren bertsolariak

Sarai Robles Vitas

Julio Soto Ezkurdia

Joanes Illarregi Marzol

Eneko Lazkoz Martinez

Xabat Illarregi Marzol

Ekhiñe Zapiain Arlegi

Saioa Alkaiza Guallar

Idoia Granizo Ulibarrena

Josu Sanjurjo Alzuri

Eki Mateorena Zozaia

Ekain Alegre Gil

Saats Karasatorre Martinez

Eneko Fernandez Maritxalar

Julen Zelaieta Iriarte

Mikel Lasarte Cia

Beñat Astiz Isasi

Urko Gartzia Aleman

Patxi Castillo Graciarena