Andra Mari Ikastolako ordezkariek agerraldia egin dute Nafarroako Ikastolen Elkartean eta "oso pozik" agertu dira lastarilaren 8an Etxarri Aranatzen ospatu zen festak izandako harrera bikainagatik. Milaka eta milaka euskaltzale gerturatu ziren hotsein! lelopean ospatu zen festara, eta eguraldia lagun, programatutako jarduera guztiak normaltasunez burutu ahal izan zirela gaztigatu dute. Aukera baliatu dute bereziki boluntarioen lana eskertzeko.
Iñigo Orella Alzuetak, Andra Mari Ikastolako zuzendariak, boluntarioen lana goraipatzeaz
aparte, beste kolektibo batzuk ere eskertu nahi izan ditu: "familiak, ikasleak, langileak, sortzaileak, familia eta ikasle ohiak, Sakanako biztanleak eta babesleak". Orellak gogorarazi du duela urte eta erdi onartu zutela Nafarroa Oinez antolatzeko erronka eta ordutik 200 pertsonatik gora ibili direla urtean zehar antolaketa lanetan eta 1000 inguru egunean bertan. Orellaren esanetan "auzolanaren filosofia, ideia, oraindik bizirik dagoela erakutsi digu. Nafarroa Oinez honek gauza asko eman dizkio gure ikastolari, baina bat azpimarratu nahiko nuke: kohesioa. Azken urte eta erdi honen ondoren komunitate kohesionatuago bat gara".
Bestalde, Izaskun Errazkin Beltzak, Andra Mari ikastola lehendakari ordeak, Andra Mari
Ikastolak bere ibilbidean zehar izan duen koherentzia azpimarratu nahi izan du:
"1989ko Nafarroa Oinez Nafarroa euskaldun lelopean ospatu genuen eta 34 urte
beranduago, antzeko aldarrikapena gogorarazi dugu: euskara ofiziala Nafarroa osoan. 1996ko leloak, Herrikolorek, anbiguetatez jokatzen zuen, hitz jokoa eginez herri koloretsu baten eta herriko loreen artean; harrotasunez esan dezakegu oraindik ere Andra Mari Ikastola lore koloretsu bat dela, aniztasunari ateak irekitzen dizkiona. 2009ko Nafarroa Oinezen, berriz, gure hizkuntzaren handitasuna azpimarratu genuen Txikiak handi leloarekin. Gaur egun ozen esan dezakegu hemendik aurrera ere, koherentziaz jokatzen jarraituko dugula gero eta ozenago hotseiteko euskararen, aniztasunaren, auzolanaren, eta gure proiektu eraldatzailearen alde!"
Andra Mariko eledunek Oinez Basoari dagokion azken ohar bat ere eman dute, izan ere aurki hasiko baitira 2009ko Nafarroa Oinezen baitan sortu zen Arbizuko Oinez Basoari egingo zaizkion ekarpen lanak. Besteak beste, landaketa berria eta hegaztiak behatzeko postuak. Izan ere, basoa hartzen duen parajea izugarri aberatsa da hegazti espeziei dagokienez. Horretaz gain, hezkuntza arlora zuzendutako bisita gidatuak antolatuko dira. Basoa babestu nahi duenak oinezbasoa.eus webgunearen bidez egin dezake.
Zangozarren erronkak
Andra Mari ikastolako ordezkariek bere babes osoa adierazi diote Zangoza ikastolari, aurrean duten erronkaren aurrean.Zangozako Ikastolak hainbat erronkari aurre egin die bere bidean zehar eta Nagore Oria zuzendariak nabarmendu duenez, "azken urteetan despopulatze eta zahartze demografikoaren gaiak mahai gainean daude; horregatik, Nafarroa Oinezek eskaintzen dien erakusleihoa baliatu nahi dute joera horretan eragiteko".
Horrekin lotuta, Ikastolak kalitatezko hezkuntza euskaldun baten aldeko apustua egiten jarraitu nahi du Zangozaldean. Ildo beretik lan egiten jarraitu nahi dute, "herritik eta herriarendako, indarrean jarraitzen duten jatorrizko helburuei leial, Nafarroan euskararen normalizazioa lortzeko".
Bestalde, ikastolako seme-alabei, eskualdeko, Nafarroako eta Euskal Herriko bizilagunei auzolanaren balioa, elkartasuna eta hezkuntza eremua gainditu eta gizarte esparrura iristen den proiektu baten inguruko talde-lana erakusten jarraitu nahi dute: "Gure hizkuntza eta kultura zaindu nahi ditugu, gure eskualdea hobetuz eta gure lurra defendatuz", adierazi du Carlos Arcelus lehendakariak.
Beste bi helburu izango ditu Nafarroa Oinez 2024. Zangozako ikastolak finantzaketa behar du lan egiten jarraitzeko. Familiek 2005eko Haur Hezkuntzako eraikinaren zorrari aurre egin behar diote. Bestalde, Ikastolaren LH eta DBHko eraikina gaur egun energia beharretara moldatu nahi dute. Horrek isolamendu eskasa du eta hezetasunak kentzeko eta jasangarritasun energetikoa hobetzeko obrak behar ditu. Gainera, leihoak aldatu behar dira.
Piztu
Lelo hori du 2024ko Nafarroa Oinezek. Arduradunek adierazi dutenez, "hain egunerokoa den aditz horrek indar handia duela iruditu zaigu eta, gainera, hainbat adiera dituen hitza da, horietako askok Zangozako ikastolak 2024ko Nafarroa Oinez egiteko proposatu dituen helburuak oso ondo biltzen dituzte: Piztu! Sustatu! Kalitatezko hezkuntza! Piztu! Suspertu! Auzolana! Piztu! Sortu baliabideak! Piztu energia berriztagarrien etengailua!"