Garziandia Palentziako apezpiku

Guaixe 2023ko urr. 31a, 12:43

Mikel Garziandia Goñi Aralarko aingeruaren irudia eskutan duela. IGLESIA NAVARRA

Palentzian Manuel Herrero Fernandez apezpikuari lekukoa hartuko dio apaiz etxarriarrak.

Mikel Garziandia Goñi apaiza Palentziako gotzain izendatu du Frantzisko aita santuak. Hala jakinarazi du X sare sozialaren bidez Iruñeko eta Tuterako artzapezpikutzak. Garziandia Funtsezko Teologian lizentziatura eta doktoretza lortu zituen Erromako Gregoriar Unibertsitate Pontifizioan. Gaur egun Mendialdea pastoral eskualdeko gotzain-bikarioa da eta Uharte Arakilgo Zamartzeko espiritualitate etxeko zuzendaria da. Ikasketa Teologikoen Goi Mailako Zentroan apezgaiei irakasten die, eta Erlijio Zientzien Institutuko Teologia Ikasketen Goi Ikastegiko Teologia eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere irakasle aritzen da. 

Garziandiaren eginkizunen artean egon dira Bokazino Pastoraltzaren ardura; Mendialde aldeko Bokazinoetarako eta euskarazko pastoralgintzarako Gotzain Bikarioa (2015az geroztik); Espainiako Gotzainen Konferentziako Seminarioen eta Unibertsitateen Gotzain Batzordeko laguntzailea. 2020tik Erlijio Zientzien Goi Institutuko zuzendaria da. 

Europako hainbat herrialdeetako kongresuetan parte hartu izan du eta hainbat argitalpenaren egilea da Garziandia. Elizbarrutiko La Verdad aldizkariko kolaboratzaile ere bada. Iruñea eta Tuterako artzapezpikutzak X sare sozialean zabaldu duen mezuan adierazi du: “elizbarruti osoak laguntzen eta zoriontzen zaitu, zure otoitz egiten du”.  

Etxarriarra gotzain izendatzeko hautagaien artean egon da hirutan. 2012an Nafarroako gotzain izateko hautagaien artean izan zen, 2019an Arabakoan. 2022ko lastailean, Gipuzkoako gotzaina izateko hautagaien artean egon zen. 

Profila 
Julia eta Venancioren semea 1964ko martxoaren 21ean jaio zen Etxarri Aranatzen. Lau anaietan zaharrena da. Fedea etxean jaso zuen. Gaztetan katekesia eman zien herriko nerabeei. Universidad de Navarran Filosofia eta Letrak ikasi eta lizentziatu zen. Ikasi ondoren, zenbait urtez Santanderko ikastetxe batean irakasle izan zen. Han ondu zuen apaiz izateko ideia. Irakaskuntza utzi eta seminarioan sartu zen. Erroman, Pontifize Gregoriar Unibertsitatean, Funtsezko Teologian lizentziatu zen. 1995eko garagarrilaren 25ean apaiztu zen. Bera bezala bere anaia Alfonso ere apaiza da. Hura Iruritan bizi da eta Baztango hainbat parrokiaren ardura du. 

Garziandiak txistua jotzen du. Familiatik heldu zaio zaletasuna, aita Etxarri Aranazko bandako kide izateaz aparte, txistularia izan zen. Aitona ere txistularia izan zen. Garziandia 1991 eta 1992 urteetan Etxarri Aranazko abesbatzako zuzendaria izan zen.