Palestinaren aldeko bilkura jendetsua

Guaixe 2023ko aza. 1a, 10:57

Etxarriarrek Palestina askatuaren alde egin zuten. UTZITAKOA

"Genozidio sionista eta inperialista gelditzeko" eskatu zuten. Eta "gogor" salatu zuten "Europar Batasuneko estatuen konplizitatea eta Amerikako Estatu Batuen eta Israelen terrorismoa justifikatzen duten hedabideen parte hartzea". 

Etxarri Palestina elkartasun taldeak deituta, Sarraskia gelditu! Palestina askatu! leloa zuen kontzentrazioa egin zen Etxarri Aranazko plazako zabalgunean atzo. 350 bat pertsona elkartu ziren bilkuran. Deitzaileek azaldu zutenez, "herri oso baten zapalkuntzaren aurrean, ezin dugu beste alde batera begiratu. Duela 75 urtetik, Palestina Israelgo eta Amerikako Estatu Batuetako Gobernuen okupazioaren mende egon da inpunitate osoz". 

Israelen jardun militarra eta "kolapsatzeko zorian" dagoen Gazaren erabateko blokeoa salatu zituzten. "Gerra-krimen izugarriak dira, Giza Eskubideen eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urraketa larria". Taldeko kideek adierazi zutenez, "Palestinak eskubide legitimoa du bere burua defendatzeko, estatu propio batean bizitzeko eta aske bizitzeko". Euskal Herrian Palestinaren alde antolatzen diren deialdietan parte hartzeko deia egin zuten azkenik. 

Elkarretaratzea deitu zuen Etxarri Palestina elkartasun taldea "Palestinan gertatzen ari denaren aurrean isilik egon ezin ginen etxarriar talde bat gara. Talde irekia da eta bertan parte hartu nahi duten pertsona guztiak ongietorriak izanen dira".