Astekaria

Garziandia apezpiku

Guaixe 2023ko aza. 8a, 09:01

Mikel Garziandia Itxasperrin meza ematen. ARTXIBOA

Mikel Garziandia Goñik Palentziako gotzain kargua ilbeltzaren 20an hartuko du. Eguna iritsi bitartean ikasleez eta pastoraltza lanaz despeditzen hasiko da Garziandia, hainbat herritan apaiz ari baita.

Adin muga zela eta, Manuel Herrero Fernandezen Palentziako elizbarrutiaren gobernu pastoralari uko egitea onartu zuen Vatikanoak lastailaren 31n. Horrekin batera, Palentziako apezpiku berria izendatu zuen: Mikel Garziandia Goñi etxarriarra. Palentziako elizari zuzendutako mezuan, Garziandiak jakinarazi du Francisco aita santuaren asmoen berri Nuntzioak lastailaren 10ean eman ziola, "ama hil zela bi aste betetzen ziren egunean". Garziandia Zamartzeko espiritualtasun etxean bizi da, Donejakue bidearen ertzean. Elizako ardura berriak hain ongi ezagutzen dituen bide horretan mendebalderago eramanen du. 

Garziandiak azaldu duenez, "gotzain ordenatu bitarteko hiru hilabeteak "intentsoak izanen dira. Gauzak ixten joan beharko dut. Esku artean nituen gaiak zeinek hartuko dituen... talde lanean egiten ari garenak finkatuta utzi beharko ditugu, beste batzuek haiekin segitu dezaten. Gaineratu duenez, "martxan dagoen eta hala jarraitu behar duen tren batetik atera behar dut, ondoren dinamika propioa duen elizbarruti batean sartzeko. Palentziakoak potentzialitate handiak ditu, asko eta ongi ari dira lanean. Haiengandik ikasi beharko dut". 

Bikario gisa Nafarroako gotzain Francisco Perezekin eskuz esku aritu da Garziandia, eta besteak beste Joan Carlos Elizalde bikarioarekin ere harremana izan du etxarriarrak. Azaldu duenez, haiengandik ikasi du pitteka apezpiku ardura zer den. "Bikario izateak gotzain baten bizitza zer den gertutik ezagutzeko aukera eman dit. Uste dut horrek ere pixkanaka hasten lagunduko didala. Hasieran asko entzun beharko dut, ondoren bereiztu, eta ekin eta erabaki behar denean, izpirituari argia eskatu, eta egin". 

Etxarriarrak jakinarazi duenez, dagoeneko Herrerorekin hizketatu da eta jaso du Palentziako elizbarrutiaren berri. Bat egin du han martxan dauden ekimenekin, batez ere hasi berri den hiru urteko plangintzarekin. "Gure Pastoral Arretarako Unitateen antzeko musika du. Hemen pasioz lantzen ari garen elementuak orain geografia eta kultura testuinguru pixka bat desberdinean bizi beharko ditut", azaldu du Garziandiak. "Nire ametsa da Jaunak agindu didan zerbitzuan talde lanak eta komunitate eta anaitasun esperientziak birdimentsionatuta jarraitzea ilbeltzean", adierazi du Garziandiak. Aldi berean, palentziarrei eskatu die "hasieratik bertatik beraien errealitatea sakon ezagutzen laguntzeko". Esan duenez, "San Migel goiaingeruari fede ibilbidean laguntzea eskatzen diot. Nire fede ibilbidea aldatu egiten da. Duela 30 urte diakono eta presbitero gisa hasi nuen ibilbidea, orain gotzain gisa bidea egitea dagokit".

Soslaia
Julia eta Venancioren semea 1964ko martxoaren 21ean jaio zen Etxarri Aranatzen. Lau anaietan zaharrena da; haietako bat ere, Alfonso, apaiza da. Hura Iruritan bizi da eta Baztango hainbat parrokiaren ardura du. Apezpiku izendatu berriak fedea etxean eta parrokian jaso zuen. Gaztetan parrokiako gazte taldeko kidea izan zen eta katekesia eman zien herriko nerabeei. Nafarroako Unibertsitatean Filosofia eta Letretan lizentziatu zen 1987an, eta lau urtez Kantabriako ikastetxe kontzertatu batean irakasle izan zen. Han ondu zuen bere apaiz bokazioa eta 1991n seminarioan sartu zen. 1995eko garagarrilaren 25ean apaiztu zen, eta ondoren Aresoko eta Leitzako apaiza izan zen. Fernando Sebastian apezpikuak Erromara bidali zuen eta Pontifize Gregoriar Unibertsitatean Funtsezko Teologian lizentziatu zen 1998an. Teologian Doktorea 2003an, ikasketa horiek Erromako Gregoriar Unibertsitatean egin zituen. 

Handik bueltan Iruñeko San Migel Goiaingeru Ikasketa Teologikoen Goi Mailako Ikastegian irakasle lana hasi zuen 1999an. Xabierko San Frantzisko Erlijio Zientzien Goi Institutuan ere irakasle da 1999tik; azken horretako zuzendari izendatu zuten 2022an. 2010-2011 ikasturtean Elizbarrutiko Teologia eta Pastoral Eskolan irakasle hasi zen. 

Garziandia seminarioko hezitzailea eta bokazio pastoraltzarako taldeko kidea izan zen. 2005az geroztik, elizbarrutiko Zamartzeko Santa Maria Espiritualtasun Etxeko zuzendaria da, eta bertako komunitatea hiru apaizek eta arreba batek osatzen dute. Aralarko San Migel santutegiko kapilau ministro 2009an izendatu zuten. Mendialdeko (eremu euskaldunena) Gotzain Bikarioa ere bada 2010etik. Sarasatetik Ziordira arteko 34 parrokiek osatzen dute Sakana Pastoral Arretarako Unitatea, eta Garziandia hainbat apaizarekin batera zenbait parrokiaren ardura du. Unitatean pastoraltza konbertsio programa garatzen ari dira apaizak, kontsakratuak eta laikoak. Haren bidez, komunitateetako kide guztien erantzunkidetasuna zehaztuko dute. Horretan aritu den "urte hauetan pozik nago", adierazi du etxarriarrak. 

Gainera, Europako hainbat herrialdetako kongresuetan parte hartu izan du eta hainbat argitalpenaren egilea da Garziandia. Baita hainbat hedabidetako kolaboratzaile ere bada, esate baterako, ETBko Hegi bidean saiokoa, edota La Verdad edo Hemen. Erlijio gogoetarako aldizkaria agerkarietakoa. Garziandia Europako San Migel santutegien sarearen koordinazioaz arduratzen da. Europako proiektu hori 2025eko Jubileoarekin lotu nahi dute sareko kideek. 

Otoitzerako deia
Etxarriarra Palentziako apezpiku izendatu dutela jakin ondoren, Iruñeko eta Tuterako artzapezpiku Francisco Perezek Elizbarrutiko apaiz eta fededun guztiei bi gauza eskatu die, batetik, Garziandia oroitu dezatela eta, bestetik, etxarriarraren alde otoitz egiteko. Otoitz horiek, bereziki, azaroaren 5 eta 12an ospatuko diren Eukaristietan egitea eskatu du Francisco Perez artzapezpikuak, "gure elizbarrutiko kide bat denez, otoitz horiek anai-arreben arteko maitasunezko adierazpen izan daitezela" eskatu du. Garziandiak "bere bizitzako etapa berri honetan Jesukristo, Ama Birjina eta San Migel lagun izatea", opa dio Iruñeko eta Tuterako artzapezpikuak.