Astekaria

"Nork esanen zidan niri Mundialetaraino iritsiko nintzela"

Maider Betelu Ganboa 2023ko aza. 8a, 12:54

Graciela Prado Garcia-Jove, Poloniako IPSF Mundialetan, bere kategoria, Para Pole Sport, seinalatzen.

Aurreko astean Polonian jokatutako Mundialen Para Pole Sport kategorian munduko txapelduna izan da Graciela Prado Garcia-Jove etxarriarra

Urriaren 25etik 29ra Polonian jokatutako Pole Sport Mundialetik ezin pozikago itzuli da Graciela Prado Garcia-Jove etxarriarra. Bere kategorian, Para Pole Sport mailako anputatuen mailan, munduko txapelduna da. 2014an istripu baten ondorioz hanka galdu zuenetik, gainditze historia hutsa da Gracielarena. 

Pole Sport kirol gogorra da, barra batean egiten dena. 
Kirol gogorra da, oso fisikoa, eta kirol osoa. Oinarrian teknika eta elementuak daude, eta beraietan oinarrituta barra batean elementuak eta akrobaziak egitea da koxka. Barrara igo baino lehen, indarra hartzeko eta malgutasuna izateko prestakuntza fisikoa egiten dugu. Hainbat mota daude: Pole Sport, Pole Dance, Pole Acrobat, Ultra Pole... Istripu baten ondorioz hanka galdu nuenez, ni Para Pole Sport kategorian aritzen naiz. 

Ubarminen errehabilitazioan zeundela izan omen zenuen Pole Sport Kirolaren berri. Istripuaren aurretik kirolen bat egiten al zenuen?
Ez. Paseora joan eta gutxi gehiago. 2014an izan nuen istripua, eta urte dezente pasa behar izan ziren hanka protesikoa jarri ahal izateko. Ubarmineko Eunate errehabilitatzaileak Pole Sportez hitz egin zidan, berak egiten zuelako. Nire egoeran ongi egingo zidalakoan, animatu ninduen. Iruñeko Backflip eskolan hasi nintzen, Amaia Beloki entrenatzailearekin. Orduan ez nuen protesirik. Hasieran tarteka joaten nintzen, ebakuntza asko izan nituelako, eta beti zerotik hasi beharra nuen. Pole Sportean, hiru urte inguru daramatzat jarraian, Covid garaitik. Gorputza indartzeko asmotan hasi nintzen, eta begira. Nork esanen zidan niri, Munduko Txapelketaraino iritsiko nintzela. 

Pole Sporta zure kirola da.
Guztiz. Oso gustuko dut eta nire egoerara primeran egokitzen da. Indar ariketetan erosoen sentitzen naiz. Gozatzen dut. Kirol estatikoa denez, ez duzu oinez ibili behar, hasieran, hanka protesikoa ez nuenean, bereziki enborra indartzeko primerakoa izan zen. Protesia dudanetik gusturago aritzen naiz, plastikozkoa den protesiko hankarekin, gutxienez heldu ahal dudalako. Hasieran protesia askatuko zitzaidanaren beldur nintzen. Noizbait gertatu izan zait, baina oso gutxitan. 

Amaia Beloki entrenatzailearendako hitz gozoak dituzu beti. 
Berak niregandik tira egiten du, etengabe. Lehenengo egunetan, Pole Sportean ezingo nintzela aritu uste nuen; ezinezkoa iruditzen zitzaidan. Berak animatu eta esaten zidan: lasai, eman denbora, iritsiko da. Gutxika, asko entrenatuz, egun batean barran igotzen zarela konturatzen zara, bestean barran mantendu ahal zarela, hurrenean goraka igotzen zarela... Amaiari esker iritsi naiz iritsi naizen tokira, hori oso argi dut. Berak hasieratik apustu egin zuen nire alde; berari esker sinetsi dut gaitasuna dudala. Oso eskertuta nago, ez dut hitzik. Bestalde, Blackflip eskolan taldekideekin familia txikia osatzen dugu, eta guztiek elkarri laguntzen diogu. 

Zer da garrantzitsuena Pole Sport kirolean?
Batez ere ez etsitzea, eta gutxika aurrera egitea. Lehendabiziko egunetan ez zaizu ezer ateratzen. Indarra hartzeko eta malgutasuna izateko prestakuntza egin beharra dago, behera ez egin, eutsi, eta aurrera egin. Denborarekin lortuko duzu barran emaitzak ikustea. Nire kasuan, hanka bat dudanez, txipa aldatu, nire mugak non dauden ikusi eta noraino heldu ahal naizen zehaztu behar izan nuen. Badakit Pole Sporteko zenbait elementu edo figura ezingo ditudala egin, baina beste batzuk egiteko ez dut arazorik. Bakoitzak bere mailan aritu beharra du. 

"Amaia Beloki entrenatzaileari esker iritsi naiz iritsi naizen tokira, hori oso argi dut"

Noiz egin zenuen lehendabiziko erakustaldia?
Iruñeko auzo batean izan zen, 2021ean, Blackflip eskolak Pole Sporta ezagutarazteko egindako erakustaldi batean. Nik ez nuen nahi, oso lotsatia bainaiz, baina Amaiak animatu ninduen, eta nahiz eta kosta izan, gelakideen arrimuan, atera nintzen. Iaz, 2022an, Uharte Iruñean egin genuen erakustaldia. Hor hobeki aritu nintzen. Bestalde, lehiatzera goazenean gure koreografiak gelakideen aurrean erakusten ditugunez, gutxika lotsa galdu eta gutxiago kostatzen zait. Larunbatean Morean erakustaldia egingo dugu, 19:00etatik 20:00etara. 

Txapelketetarako nolako lanak prestatzen dituzue?
Lehiaketetarako musikari jarraiki egiten dugun 4 minutu inguruko koreografia prestatzen dugu. Derrigorrezko ariketa batzuk sartu behar ditugu, eta gero nahi ditugun elementuak. Elementu bakoitzak puntuazio zehatza du. Zenbait ariketatan bi bira egin behar dituzu, beste batzuetan bira bat, bestean 2 segundo geldirik iraun... halakoak. 

Poloniako IPSF (International Pole Sports Federation) mundialean parte hartzeko txartela non lortu zenuen?
Portugalen jokatutako txapelketan. Ni Para Pole Sporten aritzeko sailkatu nintzen, eta Oihane Izco eta Cristina Martiarena taldekideak Pole Artistics kategorian aritzeko. Mundiala Polonian jokatu zen, aurreko astean. Para Pole Sport kategorian lauzpabost kirolarik parte hartu genuen soilik. Desgaitasunen bat dugunon kasuan, askorendako oraindik tabua da zenbait kirol edo aktibitateetan aritzea, baina aurkezten bagara, gutxika jende gehiago animatuko dela uste dut. Anputatuen atalean ni nintzen bakarra, eta, hortaz, banekien irabaziko nuela, baina nire helburua ariketa ongi egitea zen, barran ez irristatzea, eta entrenamenduetan egindako lana eta esfortzua erakustea. Une batean, urduritasunagatik, burua hutsik geratu nintzen, baina buelta eman nion eta ongi aritu nintzen.  

Blackflip eskolako kideak zer moduz aritu ziren?
Oihanek eta Cristinak lan ikusgarria egin zuten, baina Pole Artistics kategoriako sailkapena oraindik ez dute argitaratu. Modalitate artistikoa subjektiboagoa denez, baloratzeko zailagoa da eta geroago argitaratzen dituzte sailkapenak. Uste dut emaitza ona izango dutela, baina ez dakigu. 

Munduko txapelduna zara. Poloniako esperientzia nolakoa izan da?
Bikaina, zentzu guztietan. Amaia Beloki gure entrenatzailea IPSFko Espainiar Estatuko taldeko presidentea denez, selekzioko taldekide guztiekin egon beharra zuen eta gu ere beraiekin egon ginen. Mundialeko gainontzeko modalitateetako erakustaldiak ikusi genituen, oso gustura. 

"Mundialean entrenamenduetan egindako lana eta esfortzua erakutsi nahi nuen; ongi aritu nintzen"

Pole Sport kirola goraka doa?
Baietz esango nuke. Lehen oso jende gutxik ezagutzen zuen, eta orain jende gehiago biltzen du. Eta nahiago nuke gehiago izatea. Gurea sakrifizio eta diziplina handia eskatzen duen kirola da, eta gu kirolariak gara. Hori da federazioak erakutsi nahi duena. 

Zure kasuan, gainera, une oso kritikoan dena eman dizun kirola izan da.
Psikologikoki izugarri lagundu nau: Pole Sportak asko eman dit. Izan nuen istripua gainditzen lagundu dit, eta bi hankak banitu egingo ez nukeen kirola egiteko aukera eman dit, nire orduko errutina lan eta lan egitea baitzen. Gainera, etxetik ateratzen naiz, jende gazte askorekin egoten naiz, gustura, eta zoriontsu nago, Pole Sporta izugarri gustukoa dudalako. 

Gertukoak ere kontentu egongo dira. 
Oso. Semearendako eta senarrendako ere oso gogorra izan zen nire istripua. Eta ni orain horrela ikusita pozik daude. Amak eskatzen didan bakarra da barratik ez erortzea, dudanarekin nahikoa dudalako (kar-kar). Pole Sportean jarraituko dut, zoriontsu naizelako eta asko ematen didalako. Gorputzak jarraitzen didan bitartean, beti aurrera.