Balea erraldoiaren istorioak "motibatzen" zion Xabier Artieda antzerkigileari. Etxarrin sortutako eta ekoiztutako lana da Moby Dick ikuskizuna, eta azaroaren 26an, igandea, 17:30ean, Etxarri Aranazko kultur etxean emanaldia eginen du, etxean. Ipuin kontalariaren mundutik gertu, baina antzerkiratutako lan bat dela azaldu du antzezleak, "txotxongiloak ere badaude; antzerki kapa desberdinak dituela esan dezakegu".
"Istorioa familia antzerkira hurbildu nahi nuen, eta nire ikuspuntua eman diot"
Herman Melville nobelaren "bertsio bat" egin du Artiedak. "Familia antzerkira hurbildu nahi nuen, eta nire ikuspuntua eman diot". Pertsonaiak osatu ditu eta beraien arteko erlazioak zehaztu ditu: "Batez ere pertsonaia hauek nola marraztu pentsatu nuen, Ahab kapitaina balearen atzetik doan pertsonaiak nola mugitzen dituen gaiak: obsesioa eta abar. Gero, itsasontzian dauden marinelen arteko laguntasuna, ekologismoaren inguruan ere zerbait dauka; itsasoa garbi mantentzeko deia, animaliak, natura...". Gai asko sartu dituela esan du etxarriarrak.
Istoriaren "bila"
"Itsasoa, baleak, atzean dagoen istorioa... Joko asko ikusten nion; mamia zegoen"
Artieda istorio baten "bila" zebilen. Bere sorkuntza eta produkzio propioak egiteko erabakia hartu zuen, alde batetik, proiektu askotan sartuta egoten delako, eta bere produkzioak egiteak bere prozesu eta lanera moldatzeko aukera ematen dio. Orain arte berak asmatutako istorioak taularatu ditu eta "komedia aldera eramanda", Everybody needs... antzezlanak esaterako. "Honek komedia badu, asko, baina kapa gehiago sartu nahi nizkion ere". Beste mundu batean sartu nahi zen: "Emozionaltasunean, beste gai batzuetan". Horregatik, hainbat istorioa begiratu zituen eta "bueltaka" aritu zen; "Istorio bat hartu nahi nuen, hasita zegoen zerbaitetik. Gauza oso onak daude dagoeneko eginak, eta berreskuratu nahi nuen". Azkenean, Moby Dick izan zen aukeratutako istorioa. "Motibazioa" ematen zion: "Itsasoa, baleak, atzean dagoen istorioa... Joko asko ikusten nion, mami asko atera zitekeen, eta horrek mugitu ninduen".
Moby Dick obra klasikoa antzezlan batean bihurtzeko Artiedak nobela irakurri zuen, pelikula bat ikusi zuen, "beste pelikula bat ikusi nuen" eta txotxongiloekin egindako bertsio bat ikusi zuen ere: "Gehienbat ikusi nahi nuen nola konpontzen zuten balearen agerpena, balea oso handia da, ikusgarria, beldurgarria, eta ni bakarrik nengoenez, nola atera zitekeen zalantzak izan nituen". Jasotakoarekin ideiak hartu zituen, "ez dut kontatuko nola agertzen den, bestela spoilerra izango zen".
Artiedak egiten ditu ateratzen lanean agertzen diren pertsonaia guztiak: "Asko gustatzen zait hori, pila bat motibatzen nau". Lau pertsonaia nagusi dira, "baina txikiagoak daude ere". Txapelak aldatzen ditu pertsonaia bakoitza desberdintzeko, "eta txikiagoak direnak objektuekin egiten ditut". Teknika, ahots aldaketa, gorputza, espazioa, kontrasteak eta abarrak erabiltzen ditu pertsonaia desberdinak egiteko, "lau pertsonaia izanda oso desberdinak izan behar dira. Bat goian badago, beste behean egon behar da". "Testura" desberdinekoak izan behar dira, "prozesu gehiago daude, baina azkar azaltzeagatik, hori da".
Familiarteko ikuskizun bat da, baina "denentzat" dela esan du antzezleak. "Sei urtetik aurrera gomendatzen dut nahiko hitz egiten dudalako. Narrazio puntu bat badago, narratzaile bat bezala".
"Hau ez da esateagatik, baina hemen oso gustura nago beti. Jendea oso emankorra da, oso maitatua sentitu naiz eta beti gogoz etortzen naiz". Etxarriko publikoa antzerkira "eskuzabaltasunarekin" joaten dela esan du Artiedak, "eta pila bat eskertzen dut". Dagoeneko ez dela hain urduri jartzen komentatu du etxarriarrak, "gehienbat urduri jartzen naiz kontrolatu ezin ditudan gauzak daudenean, esaterako, kalean ikuskizuna egin behar dudala eta haizea boladak daudela eta horrelakoak".
Moby Dick ikuskizunarekin Nafarroa osoan ariko da, Gora Gora Fest jaialdiarekin: "Helburua euskara eskura ez daukaten herrietan euskarazko kultura hurbiltzea". Azaroaren 3an Eulaten egon zen, azaroaren 14an Los Arcosen, gaur, azaroak 17, Larraintzarren egongo da eta abenduaren 6an Nabaskozen. Bestetik, azaroaren 26an, igandea, 17:30ean, Etxarrin eginen duen emanaldirako sarrerak udalaren webgunean eros daitezke.
Musika
"Musikaren mundu horretan sartu nahi dut. Betidanik gustatu izan zait abestea, pila bat, eta hor daukadan txirrinta bat da". Musika "zerbait berezia" dela esan du Artiedak, eta dagoeneko Road to Marte deitutako proiektua martxan jarri du musikari batekin. "Antzerkiaren inguruan gehiago ulertzen dut, baina musikaren inguruan ez daukat konposizio puntu hori. Hor nabil pertsona batekin ea zer egin dezakegun".
Udazkena antzerki denboraldia izaten da, eta urritik gabonak pasa arte "hainbat eta hainbat" gauzatan sartuta dago etxarriarra. Musika antzerki sasoia bukatzen denerako utzi du, "baina hor dago". Moby Dick ez ezik, besteak beste, Gasteizen Paraiso antzezlana mustu du eta Iruñean Galkdieapsikologo elkartearekin institutuetan indentitatearen inguruko bakarrizketak egiten ditu, "eta haiek tailerrak ematen dituzte". "Ez naiz aspertzen".