Pala

Etxekoan, inoiz baino palista sakandar gehiago

Guaixe 2023ko aza. 24a, 11:36

2022ko Sakanako Pala Txapelketako finalista guztiak. ARTXIBOA

Azaroaren 24tik 26rako asteburuan hasiko da Sakanako XIX. Pala Txapelketa, Etxarri Aranatzen. Guztira 76 palistek parte hartuko dute. Elite eta Lehen mailan palista onenek hartuko dute parte, eta bi maila horietan zazpi sakandar daude, orain arteko kopururik handiena.

Sakanako Mankomunitateak Gure Pilota elkartearekin eta bestelako entitateekin antolatutako XIX. Sakanako Pala Txapelketa azaroaren 24tik 26rako asteburuan, ostiraletik igandera, hasiko da. Urtero lez, palista onenak lehiatuko dira txapela preziatuenen bila. "Etxarri Aranazko Gure Pilotako Miguel Aristorenak eta Yanira Aristorenak lan handia egiten dute txapelketa antolatzen, eta aurten ere goi mailako txapelketa prestatu dute" azaldu du Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak. 

76 palista
XIX. Sakanako Pala Txapelketa hiru mailatan jokatzen da: eliteak, lehen maila eta txikiak. Guztira 38 bikotek hartuko dute parte: sei bikotek elite mailan, bi multzotan banatuta; bederatzik lehen mailan, hiru multzotan banatuta; eta txikien mailan 26 bikotek, bost kategoriatan banatuta: txitoak (zortzi palista dira eta elkarren artean jokatuz erakustaldia egingo dute); kattagorriak (bost bikote); tximeletak (bost bikote); usoak (bost bikote) eta pottokak (lau bikote). Beraz, guztira 76 palista lehiatuko dira Sakanako Pala Txapelketan. Partida gehienak Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan jokatuko dira. 

Harrobi ederra
Txikien mailako 23 bikoteetatik gehienak Gure Pilota klubeko palistak dira. "Eskola oso osasuntsu dago. Aurten junta berria dute Gure Pilotan, eta sartu diren guraso batzuk asko inplikatu dira elkartean, aristorenatarrekin batera. Udan Nafarroako herri askotan ibili dira pala partidak jokatzen, eta palaren zabaltze lan polita egin dute" nabarmendu du Gerrikagoitiak. 

Baina aurten nabarmentzekoa da goiko mailetan, eliteetan eta lehen mailatan, guztira zazpi palistar daudela, orain arteko kopururik handiena. Hori oso albiste ona da, harrobian lan bikaina egiten ari den seinale. Elite mailan Naroa Otxoa eta Irati Igoa etxarriarrek parte hartuko dute, eta lehen mailan Maialen Larraza etxarriarrak, Lexuri Lazkoz lizarratarrak, Onditz Gaintzarain arbizuarrak, June Astitz uhartearrak eta Auritze Beltza etxarriarrak. 

Sakanako Pala Txapelketaren egutegia

Azaroak 24 ostirala
18:00, Etxarri Aranatzen

Txikiak
Bigarren jardunaldia

Izar B. - Naiara / Goiatz - Izane

Laiatz - Sarai / Irene - Olaia

Izaro - Anitz / Natale - Katixa S.

Sua - Olaitz / Leire - Alaine

Azaroak 25 larunbata
10:00, Etxarri Aranatzen

Txikiak
Bigarren jardunaldia

Haizea - Nahia I. / Malen - Arhane J.

Jare - Irati L. / June C. - Arhane G.

Eider - I.Zabalza / Laida - Iraia A.

Uxue - Izadi / Olaia - Nahia G.

16:30, Etxarri Aranatzen

Lehen maila
Lehen jardunaldia

Lexuri - Kerejeta / Auritze - Eguskiza

Lopez - Sarasibar / Artazkoz - Astitz

Azaroak 26 igandea
11:00, Etxarri Aranatzen

Eliteak
Lehen jardunaldia

Irazustabarrena - Irati Igoa / Espinal - Ardanaz

12:30, Etxarri Aranatzen

Lehen maila
Lehen jardunaldia

Mazizior - Larraza / Purroy - Onditz