Urriaren 7an Iruritan abiatu zen 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta abenduaren 2an, larunbata, 17:00etan, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian izanen da azken geltokia. Bi hilabetez Nafarroako eskualde ezberdinak zeharkatu ditu txapelketak, bertsogintza "hedatuz, eta harekin euskara bera eta euskarazko kkultur sorkuntza", Nafarroako Bertsozale Elkarteak adierazi bezala. 1.700 lagun baino gehiago egin dute bat, momentuz, txapelketarekin. Finalerako 2.000 entzule aurreikusten dituzte.
Nafarroako bertsolaritza "sendo, osasuntsu eta anitz" agertzen dela esan du elkarteak; duela bi urteko finalean bi finalista berri izan ziren, eta aurtengoa beste bi izanen dira: Saats Karasatorre etxarriarra eta Sarai Robles. Gainerakoak, finalean arituak dira. Julio Sotok hamaikagarren finala du, Eneko Lazkoz etxarriarrak zortzigarrena, hirugarrena Joanes eta Xabat Illarregik eta bigarrena Josu Sanjurjok eta Saioa Alkaizak. Finalisten artean badira txapeldun izandakoak ere: Alkaiza egungo txapelduna da eta Sotok bost txapela irabazi ditu.
Finalak bi atal izanen ditu: lehenengoan zortzi bertsolariek jokatuko dute eta bigarren atalera lehen atalean puntuaziorik altuena lortzen dutenak pasako dira. Haiek jokatutako dute buruz burukoa.