Abenduaren 15ean, ostirala, 19:30ean, 2022 eta 2023 urteetako Sakanako kirolaririk onenei oroigarria eskainiko die Sakanako Mankomunitateak. Ekitaldia Etxarri Aranazko Kultur Etxean izango da, 19:30ean hasiko den ekitaldian. Guztira hamar sari banatuko dira. Batetik, adin tarte ezberdinak kontuan hartuta, banakako sei sari banatuko dira: 18 urtez azpiko, 18-35 urte bitarteko eta 35 urtetik gorako kirolari sakandar onenak, gizonak eta emakumeak. Bestetik, Sakanako talderik onena sarituko da, eta euskara gehien sustatu duen taldea. Eta, azkenik, epaimahaiak bi aipamen berezi egitea erabaki du.
Erabaki luzea
Azaroaren 27an, astelehena, bildu zen epaimahaia, sakandarrek proposatutako kirolarien artean aukeraketa egiteko. Hautaketa egiterakoan, hainbat faktore hartu ziren kontuan: kirolarien progresioa, kirolari gisa lortutako emaitzak, bere kirola sustatzeko egindako lana, eta bestelako hainbat faktore. Lan luzea zuten aurretik. Epaimahaiaren lana ez zen batere erraza izan. Zorionez, makina bat kirolari daude Sakanan, kirolari asko eta onak, bai maila gorenean daudenak, eta baita maila amateurrean edo kirol herrikoian aritzen direnak ere. Guztiak dira garrantzitsuak eta guztiek dute meritua.
Azkenean, adinez adin, eta kirol ezberdinak kontuan hartuta, epaimahaiak 2022 eta 2023 urteetako Sakanako kirolaririk hoberenak hautatu zituen. Ordu eta erdi pasa behar izan zuen erabakia hartzeko. Horrela, Mikel Zufiaurre altsasuarra, Iratxe Lapuente ziordiarra, Markos Beraza irintarra, Maitane Vilariño olaztiarra eta Juan Luis Maiza eta Graciela Prado Garcia-Jove etxarriarrak dira hautatutako kirolari onenak. Taldeei dagokienez, Iskizako juniorren taldea izendatu dute talde onena, eta CBASK Altsasuko saskibaloi taldeak euskara gehien sustatu duen taldearen saria jasoko du. Bukatzeko, epaimahaiak bi aipamen berezi egingo dizkie Jesus Mari Arzari eta Imanol Erbitiri, lehenari herri kirolak sustatzeko lan handiagatik, eta, bigarrenari, txirrindularitzako ibilbidean sustatutako balioengatik.
2022 eta 2023 urteetako Sakanako Kirolari Hoberenak
Mikel Zufiaurre Estevez, 18 urte baino gutxiagoko gizona
Hipikan duela lau urte inguru hasi zen zaldizko altsasuarra, eta epe laburrean salto handia egin du Mairu bere zaldiarekin elkarlanean. Bereziki TREC modalitatean lehiatzen da, hiru proba dituena eta orientazioa, erresistentzia, doma eta oztopoak hartzen dituena. 2022an TREC Hipikako Espainiako Txapelketan hirugarren sailkatu zen, eta Orleansen (Frantzia) jokatutako Mundialean parte hartzeko txartela lortu zuen. 2023an Espainiako TREC Txapelketa irabazi zuen, eta Avilan jokatutako Europako Txapelketan lehiatzeko txartela lortu zuen. Nahiz eta Mairuk istripua izan, Europako brontzezko domina lortu zuten Zufiaurrek eta Mairuk, merezimendu osoz. Etorkizun handiko zaldikoa da.
Iratxe Lapuente Perez, 18 urte baino gutxiagoko emakumea
Irristalari ziordiarra txikitatik hasi zen nabarmentzen. 2018an Sakana Patin taldean zebilela Espainiako Txapelketan brontzezko domina lortu zuen 3.000 m puntuazioan, eta 2019an Lagunak taldearekin zilarrezkoa lortu zuen 500 m esprintean. 2022an eta 2023an P2P Nazioarteko Abiadura Irristaketa Maratoian, Iruñean hasi eta Garesen despeditzen den proba ikusgarrian, emakumezkoen lehen juniorra izan zen, emakumezkoen sailkapen orokorrean zortzigarren. Bestalde, berriki jokatutako Behobia Donostian podiumera igo zen, hirugarren emakume azkarrena izan baitzen. Irristalari handia.
Markos Beraza Vitoria, 18-35 urte arteko gizona
Irañetako motor gidaria 12 urterekin hasi zen motor txapelketetan parte hartzen, anaien bidea segituz. Moto-krosean, cross countryan eta enduroan ibili izan da eta berehala hasi zen nabarmentzen. Aipatu hiru modalitateetan Nafarroako, Euskadiko eta zona Norteko txapelduna izan da sarritan. Zenbait urtetan txapeldunorde izan eta gero, 2022. urtean Espainiako Enduro Txapelketa irabazi zuen lehenengoz bere kategorian, Senior B mailan, lau eta erdiko KTM motorrarekin. Aurten, 2023an, titulua berritu du, merezimendu osoz, txapelketak zituen bost lasterketetan (Santiago, Oliana, Lalin, Estrada eta La Torre Dóristan) gailenduta.
Maitane Vilariño Mendinueta, 18-35 urte arteko emakumea
Maitane Vilariño futbolaria 2020/2021 denboraldian hasi zen Osasunako bigarren taldean, baina denboraldi horretan bertan Osasunako talde nagusira igo zuen Kakun Mainz entrenatzaileak. Ordutik, Mainzen, eta aurten bere tokia hartu duen Josu Dominguezen ezinbesteko jokalaria da. Osasuna lehen mailara igotzeko borrokan jarraitzen du Vilariñok. Hori da bere ametsa. Joan zen denboraldian atean gelditu ziren, eta aurten borrokan sartuta daude. Bestalde, 2022ko abenduaren 30ean Euskal Selekzioarekin debutatu zuen Vilariñok. Txileren kontra 3 eta 0 gailendu zen Euskadi, eta Vilariñok hirugarren golaren asistentzia egin zuen.
Juan Luis Maiza Begiristain, 35 urte baino gehiagoko gizona
Duatleta eta triatleta etxarriar beteranoak ibilbide luze bezain oparoa darama. Lesio larri bat gainditu eta gero, lehian hasi eta 2022an Espainiako Duatloi txapelduna izan zen bere mailan, 55 eta 59 urte arteko kategorian, eta urte berean Bilbon jokatutako Europako Duatloi Txapelketan Europako txapelduna izan zen, kategoria berean. "Europako Txapelketa lortzea kosta egin da. Poz handia da" esan zuen orduan. 2023an, atzera ere Espainiako duatloi txapelduna izan zen bere mailan, eta Europako Txapelketan lortutako emaitzei esker 2023ko apirilean Munduko Duatloi Txapelketan parte hartu zuen, Ibizan. Bere mailako munduko bosgarren duatleta onena da.
Graciela Prado Garcia-jove, 35 urte baino gehiagoko emakumea
2014an istripu baten ondorioz hanka galdu zuen etxarriarrak, eta ordutik berea gainditze historia hutsa da. Errehabilitatzaile batek gomendatuta hasi zen Pole Sport kirolean, gimnasia teknika eta elementuetan oinarrituta barra batean egiten diren koreografietan. Iruñeko Backflip eskolan trebatzen da, Amaia Belokirekin. "Pole Sporta gogorra da, kirol osoa. Dena eman dit" dio. 2023ko apirilean Portugalen jokatutako txapelketan urriaren bukaeran Polonian jokatutako IPSF (International Pole Sports Federation) Mundialetan parte hartzeko txartela lortu zuen Gracielak. Para Pole Sport kategorian, anputatutakoen atalean, munduko txapelduna da.
Iskiza oinarrizko jubenilen taldea, Sakanako talderik onena
Iskiza Sakana Gimnasia Erritmikako oinarrizko junior mailako taldeak hiru urte zoragarri daramazki. Olaia Agirrek entrenatzen duen taldeak Nafarroako Taldekako Txapelketa hirugarren urtez jarraian irabazi du bere kategorian, bigarren mailan, eta aurreko asteburuan Nafarroa Arenan jokatutako Espainiako Txapelketan 147 talderen artean 29. postuan sailkatu zen, orain arteko posturik onena. Jakina, honen atzean entrenamendu ordu asko daude. Aurten Ane Iturrioz, Eider Goikoetxea, Irune Etxaniz, Naroa Erdozia eta Naroa Diaz gimnastek osatzen dute jubenilen taldea.
CBASK saskibaloi taldea, euskara gehien bulkatu duen taldea
CBASK Altsasuko Saskibaloi Klubak urte asko daramatza saskibaloia sustatzen. Egun zortzi talde ditu: benjamin mistoa, preminibasket mistoa, nesken aurreinfantila, gizonezkoen kadetea, emakumezkoen kadetea, gizonezkoen juniorra, emakumezkoen seniorra eta gizonezkoen seniorra. Iosu Mendiola da saskibaloi taldeen koordinatzaile berria eta euskara sustatzeko jarrera irmoa du klubak. Ildo honetan, zenbait aurrerapauso egin dira. Egun, taldeetako monitore gehienak euskaldunak dira, eta komunikazio gehienak elebiz egiten dira.
Jesus Mari Arza Bergerandi, aipamen berezia
Herri kiroletan trebatzen edo lehiatzen diren sakandarrek aski ongi ezagutzen dute jaiotzez iturmendiarra baina Lakuntzara ezkondu zen Jesus Mari Arza Bergerandi. Sakanan antolatzen diren herri kirol eta aizkora erakustaldi guztietan han egoten da epaile eta arbitro lanak egiten eta laguntzen. Horretaz gain, Iñigo Aritza eta Andra Mari ikastoletako herri kirol taldeetako trontza irakaslea da aspalditik. "Edozein herri kirol erakustaldi edo topaketarako, Arza deitu eta bera beti prest: egurra jaitsi eta prestatzeko prestu, ekitaldia antolatzen laguntzeko borondatez, epaile lanak egiteko prestu... denetarako prest" azaldu du Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak. Herri kirolen sustatzaile handia.
Imanol Erbiti Ollo, aipamen berezia
Profesionaletan bere 19. denboraldia osatu duenean, guztiak eskuadra berean, txirrindularitza utziko du tropelean errespetatua eta mirestua den Hiriberriko talde gizon fidel eta umilak. Palmares ikusgarria du: Frantziako hamahiru Tour, Espainiako hamabost Vuelta, Giro bat, 2016ko Rioko Olinpiar Jokoak, Munduko zortzi txapelketa eta Europako hiru, azkena, 2023ko irailaren 24an jokatutakoa. Hiru garaipen lortu ditu: 2008an eta 2010ean Vueltan lortu zituenak, eta 2011n Errioxako Itzulian lortu zuena. Bere ibilbidean jaso duen miresmena eta egunotan jasotzen ari den aitortza amaigabea da. Larunbatean omenaldia egin zioten Ermitagaña klubean, eta astelehenean Nafarroako Gobernuaren domina jaso zuen.