Etxarri Aranazko Triku Trail taldekoek asteburu betea izan zuten Etxarriko kanpinean abenduaren 9an eta 10ean. Abenduaren 9an, goizean, Etxarri Aranazko Gazte Trail lasterketa antolatu zuten lehendabizikoz, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioarekin batera. Iluntzean Triku Trailek Euskanikrosekin batera antolatutako Etxarri Aranazko Txakurkrosaren gaueko saioaren txanda izan zen, eta hurrengo egunean, abenduaren 10ean, Txakurkrosaren goizeko saioa. Triku Traileko Igor Artieda Galdeano, klubeko gainontzeko kideekin batera, buru belarri ibili da lanean.
Nola joan dira asteburuko hiru probak?
Bikain esatea agian gehiegitxo da, beti dagoelako zer hobetu, baina asteburua oso ongi joan da. Ez zen aparteko arazorik egon, giroa ederra izan da, eguraldi ona izan dugu, lokatza nahi adina eta gehiago... (kar-kar). Ongi, giro polita izan dugu.
Etxarri Aranazko Gazte Traila izan da nobedade nagusia, lehenengo aldiz antolatu duzuelako. Nola animatu zineten neguan gazteendako lasterketa antolatzera?
Joan zen urtean Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak Nafar Kirol Jokoen barruan mendi lasterketa kopa bat antolatu zuen estrainekoz, hiru lasterketez osatutako kopa. Kopa antolatu ahal izateko hiru lasterketa lotzea kosta egin zitzaien, lasterketa horiek eskola ikasturtean izan behar direlako, hau da, urritik maiatza-ekaina hasiera bitartera. Guk Triku Traila ekainean antolatzen dugu, egutegi horretatik kanpo, eta federaziokoei esan genien Etxarri Aranazko Txakurkrosa abenduan antolatzen genuela, eskola ikasturte barruan, eta ez bazuten beste lasterketarik lotzen, prest geundekeela gazteen lasterketa hori Txakurkrosarekin batera hartzeko. Azkenean hiru lasterketak lotu zituzten, baina 2023/2024 ikasturterako Triku Trailek lasterketa horietako bat antolatzea proposatu ziguten. Erronkari heldu genion, erronka zaila baina polita aldi berean, eta nik uste dut ongi atera zela.
Nafar Kirol Jokoetako kategoriez ari garenez, ibilbide edo zirkuitu berriak prestatu behar izango zenituzten, Triku Traila 21 kilometroko lasterketa baita.
Triku Trailean oinarritutako hiru ibilbide edo zirkuitu markatu genituen Etxarri Aranazko Gazte Trailerako, hiru kategoria baitzeuden: infantilak, kadeteak eta gazteak. Hiru distantzia eta ibilbide ezberdin ziren (7km, 8,1 km eta 11,4 km), baina zati bat amankomuna zuten. Ibilbideak bere zailtasunak bazituen: bidegurutze pare bat, kategoria bakoitzak bide ezberdina hatzeko, aldapak eta bestelakoak. Ongi joan zen.
Korrikalari kopuru polita animatu zen, ezta?
Bai, 42 korrikalari gazte hurbildu ziren Etxarri Aranazko Gazte Trailera. Gehienak Nafarroako Kirol Jokoetako Gazte Trail Kopan parte hartzen ari direnak, baina baita Burgostik hurbildu ziren bost gazte eta Kantabriatik etorritako bi gazte, Gipuzkoatik eta Bizkaitik hurbildutakoekin batera. Eguraldiak lagundu zuen eta goiz ederra pasa zuten korrikalariek.
Lasterketa antolatzen jarraitzeko keinurik egin al dizue federazioak?
Printzipioz aurtengo lasterketa antolatzea eskatu digute; ez dakit proba iraunkortzeko asmorik duten. Aurrera begira, ez dakigu. Baina datu gisa, guraso dezentek komentatu ziguten normalean gaztetxoendako lasterketak lasterketa handi baten barruan txertatzen dituztela, eta korrikalari gaztetxoak “gonbidatu” gisa sentitzen direla; hau da, bigarren maila batean egoten direla. Larunbatean, Etxarri Aranatzen, aldiz, gaztetxoak, neskak eta mutilak protagonista sentitu zirela. Izan ere, lasterketa beraiendako zen. Ikusgarritasuna eurena izan zen, eta gozatu zuten.
"Kirolariek Etxarri Aranazko ibilbidea oso gustuko dute. Hala diote, urtero"
Gazteen Traila bukatu, eta Etxarri Aranazko Txakurkrosa hasi. Zer moduz joan ziren bi saioak?
Larunbat iluntzekoa ikusgarria izan zen. Joan zen urtean baino ilunago zegoen. Iaz argi gehixeago zegoen, ilargi betea baitzegoen eta lainorik ez. Aurten, aldiz, laino betean geunden. Ez zuen euririk egin, baina eguna oso iluna joan zen, eta gaua ere. Ibilbideko markak ikusten ziren, argiztagarriak zirelako, eta kirolariek frontala zeramaten, baina aipatu ziguten ibilbideko lurra ikusteko zailtasunak izan zituztela. Hala ere, gustura ibili ziren, gozatu ederra hartu zuten.
Ibilbidea gustuko zuten?
Oso. Etxarri Aranazko ibilbidea oso polita da, hala esaten digute urtero partaide guztiek. Guztira ehun partaide izan ziren, bi probak kontuan hartuta. Gehienek iluntzean eta goizean errepikatu zuten.
Pozik zaudete partaidetza datuarekin?
Bai, txakur-krosarendako kopuru polita baita. Joan zen urtean 114 partaide izan genituen eta aurten 100, gutxixeago, baina kontentu egon gaitezke, aurtengo txakur-kros lasterketetan orokorrean izena ematean beherakada ematen ari delako. Gurea mantentzen dela esan daiteke, eta pozik gaude.
Partaide sakandar bakarra izan zen, Juan Bautista Urtasun Perez urdiaindarra, bikejoring modalitatean.
Bai, sakandar bakarra izan zen Juan Bautista, eta historikoa. Iluntzeko proban bere kategorian bigarren sailkatu zen, baina goizeko proba ezin izan zuen despeditu. Irteera baino lehen arazoak izan zituen bere txakurretako batekin, eta ezin izan zuen ibilbidea bukatu. Hala ere, oso kontentu zegoen. Juan Bautista disfrutatzera dator, lagundu ere egin izan digu aurreko prestaketetan, eta gustura zegoen. Eta gu berarekin, zer esanik ez.
Hurrengo urtean, gehiago.
Hasteko eta behin, aurtengo probaren balorazioa egingo dugu eta ondoren hartuko dugu erabakia. Hurrengoa ekaineko Triku Traila izango da.
Triku Trailekoak ez zarete aspertzen.
(Kar-kar) Hemen aspertzen ez dena gure burua da. Ideiak borborka izaten ditugu eta, aurrera!