Astekaria

Iluntzean zein goizean, Etxarriko Txakurkrosa ikusgarri

Maider Betelu Ganboa 2023ko abe. 18a, 10:00

Giro ederra egon zen Etxarri Aranazko Txakurkrosean.

Triku Trailek antolatutako lasterketa abenduaren 9an iluntzean eta abenduaren 10ean goizean jokatu zen. Guztira 100 partaide lehiatu ziren eta oso kontentu dago antolakuntza

Etxarri Aranazko Triku Trail elkarteak Euskanikros elkartearekin elkarlanean antolatuta, asteburuan Etxarri Aranazko Txakurkrosa hartu zuen Etxarriko kanpinak, inguruko paraje zoragarrian jokatu zena. Hitzordu bikoitza izan zen, abenduaren 9an iluntzean jokatu baitziren scooter, bikejoring eta txakur-kros modalitateak, distantzia laburragoan. Hurrengo egunean, abenduaren 10ean, goizez aritu ziren kirolariak eta euren txakurrak. Bai gauean eta baita goizean ere, kirolariek eta euren txakurrek gozatu ederra hartu zuten.

Hiru modalitateetako emaitzak
Etxarri Aranazko Txakurkrosa ongi joan zela adierazi du antolakuntzak. Iluntzeko probak ikusgarriak izan ziren, xarma berezikoak. Kirolariek frontala jantzita zuten, eta ibilbideko markek argiztapena zuten. Eta goizeko probak ere ikusgarriak izan ziren. Iluntzeko scooter edo patin proban Labianoko David Neira gailendu zen, hirukote baten artean (12:04). Kasu honetan, txakurrak scooter edo patin antzeko bati lotuta doaz, eta ziztu bizian jokatzen da proba. Neirak baino 56 segundo gehiago behar izan zituen Etxarri Aranazko Txakurkroseko Sakanako parte hartzaile bakarrak, Juan Bautista Urtasun Perez urdiaindarrak (13:00). Hurrengo goizeko scooter proba, ordea, ezin izan zuen bukatu Urtasunek, txakurren batekin arazoak tarteko. Nolanahi ere, Espainiako Txapelketa prestatzen ari dela aipatu zuen Urtasunek, ilbeltzean  pare bat proba dituela, eta gustura dabilela. 

Bikejoring edo txakurra bizikletari lotuta dagoen lasterketari dagokionez, iluntzeko probak hamar partaide izan zituen eta Ekaitz Erauskin hondarribitarra (8:58) eta Sant Pere De Ribeseko Marina Von Podolsky (16:26) izan ziren azkarrenak. Igandeko goizeko probak ere partaide berberak izan zituen, hamar kirolari, eta kasu honetan Iosu Varona donostiarra (13:11) gailendu zitzaion Ekaitz Erauskini (13:17). Emakumezko bakarra lehiatu zen, Marina Von Podolsky (22:58). 

Txakur-kros modalitatea, korrikalaria txakurrari lotuta joaten dena, izan zen jendetsuena. Larunbateko iluntzeko lasterketan 45 korrikalari sailkatu ziren, Eskoriatzako Josu Galvez (13:35) eta bere txakurra buru zirela. 37 segundo atera zizkioten Trapagako Aitor Portillori. Emakumezkoetan, Trapagako Sandra Jimenez eta bere txakurra gailendu ziren (15:56). Igande goizeko Etxarri Aranazko Txakurkrosak, partaide gehiago izan zituen, 77 guztira, baina bezperan bezala, Josu Galvezek lortu zuen garaipena (19:31), Oier Sanchez bilbotarraren aurretik (19:37). Emakumezkoetan, ordea, aldaketa egon zen. Lasterketa oso lehiatuan, Olatz Zabala irundarrak (21:50) bezperako irabazle Sandra Jimenezi irabaztea lortu zuen (21:56), 6 segundoko aldearekin.