Abenduaren 9an I. Etxarri Aranazko Gazte Trail Mendi Lasterketa jokatu zen Etxarri Aranazko kanpinean. Triku Trailek antolatu zuen lasterketa, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioarekin elkarlanean. Lasterketa Nafarroako Kirol Jokoen 2023/2024 Gazte Trail Txapelketako bigarren proba puntuagarria zen, Agoizko mendi lasterketaren atzetik. Hirugarren proba puntuagarria maiatzaren 5ean jokatuko den Xtreme Higa Monreal izango da.
Guztira 42 korrikalari gaztek hartu zuten parte, infantilen mailan (7 km, 151 m+), kadeteen mailan (8,1 km, 330 m+) eta jubenilen mailan (11,4 km, 564 m+) banatuta. Triku Trail taldeak ibilbide zoragarria prestatu zuen kanpinaren inguruetan. Hasieran elkarrekin joan ziren hiru kategoriak, baina gero kategoria bakoitzak bere bidea hartu zuen, Etxarriko kanpineko helmugara iritsi arte. Korrikalari gehienak Nafarroako Kirol Jokoetan lehiatzen ari diren nafarrak ziren, tartean zenbait sakandar, baina Gipuzkoatik, Bizkaitik, Kantabriatik eta Burgostik ere hurbildu ziren zenbait korrikalari.
Maila ederra
Infantilen mailan gizonezkoetan Burgosko Lucas Gomez izan zen azkarrena (31:39). Ekhi Girado altsasuarra seigarren sailkatu zen (35:11) eta Aratz Mendoza altsasuarra zazpigarren (36:15). Emakumezkoetan Castro Urdialesetik hurbildutako Aitana De Valles izan zen txapelduna (36:47), Uxue Oiarbide tolosarrari ia 4 minutuko aldea aterata (40:26).
Kadeteen mailan gizonezkoetan Aratz Pardok irabazi zuen (42:29), Victor Fernandezi minutu eta erdi aterata (44:02). Aner Artieda etxarriarra hamaikagarren sailkatu zen (51:28), eta Jon Orella etxarriarra hamabigarren (51:37). Emakumezkoetan Lide Etxarri gailendu zen (51:58), alde handiz. Saioa Cenozi 5 minutu pasa atera zizkion (51:58).
Gizonezkoen jubeniletan Peio Ziarsolo errezildarra gailendu zen (57:38). Ia 4 minutu atera zizkion Eder Tapiari (1:02:00). Kimetz Arregi lakuntzarra hamargarren sailkatu zen (1:29:06). Emakumezkoetan Irati Sanchezek ez zuen areriorik izan (1:13:21), eta Madi Lizarragari ordu erdi baino gehiago atera zion (1:47:21).