Iritsi da; abenduaren 22an eta 23an, ostirala eta larunbata, Sakanako Mankomunitateak Etxarri Aranazko Gure Pilota elkartearekin antolatutako XIX. Sakanakao Pala Txapelketako finalak jokatuko dira. Guztira zortzi final jokatuko dira: kategoria txikietako sei final eta maila nagusiko bi, eliteena eta lehen mailakoa.
Maila txikiko kattagorrien, tximeleten, pottoken eta txitoen finalak abenduaren 22an, ostirala, 18:30etik aurrera jokatuko dira eta abenduaren 23an, larunbata, 10:00etatik aurrera usoen eta txitoen finalak izango dira. Ondoren, lehen eta elite mailako finalak izango dira, 11:00 aldera.
Txapelketa azaroaren 24an hasi zen eta ordutik maila handiko pala partaideak izan dira asteburuero Etxarri Aranazko Euskalerriari frontoian; lehen mailan eta elite mailan Euskal Herriko palistarik onenetakoak lehiatu dira.
Larraza finalean
Abenduaren 15ean eta 16an jokatutako finalerdietan, elite mailan Irati Igoa etxarriarrak eta Amaia Irazustabarrenak ezin izan zituzten Galdos eta Ruiz de Azua mendean hartu. Beraz, "pena handiz" Igoak ezingo du etxeko finala jokatu. Lehen mailako finalerdietan, ordea, Maialen Larraza etxarriarrak eta Enara Maziziorrek Zabalza eta Tolaretxipi bidean utzi zituzten partida ikaragarrian. Beraz, Maialen Larraza izango da final handietan izango dugun ordezkari sakandar bakarra, eta oso pozik dago erronkarekin.
XIX. Sakanako Pala Txapelketaren finalak
Abenduak 22 ostirala
18:30, Euskalerriari pilotalekuan
Kattagorriak: Izar - Naiara / Maialen - Nerea.
Tximeletak: Natale - Katixa / Juna - Irati M.
Pottokak: Uxue - Izadi / Laida - Iraia
Txitoak: Katixa - Amaia / Aurize - Izar
Abenduak 23 larunbata
10:00, Euskalerriari pilotalekuan
Usoak: June C. - Arhane G. / Jare - Irati L.
Txitoak: Iraia - Laia / Nahia - Itzea.
Lehenengo maila: Aizplea - Sarasibar / Mazizior - Larraza.
Elite maila: Murillo - Eizmendi / Galdos - Ruiz de Azua.