Astekaria

Bederatzi jaialdi, hamaika talde

Guaixe 2024ko urt. 8a, 09:30

2024ko IX. Zama Doinuz Arindu. @ZAMADOINUZARINDU

Urtarrilaren 7an, 'Zama doinuz arindu' kontzertu eta ikuskizuna izan zen Etxarriko kultur etxean. Besteak beste, Xiberoots taldeko Pettek eta Jonek, Komako Brigik eta Natxok, eta Iheskide, Eire, Ibil bedi eta McOnak taldeek parte hartuko dute.

Bederatzigarren urtez izan zen urtarrilaren 7an, igandea, Etxarri Aranazko kultur etxean. Etxarriko Sarek eta senide eta lagunek antolatzen duten kontzertu eta ikuskizunaren bi emanaldi izan ziren; 17:00etan eta 19:30ean, eta antolakuntzatik esan dutenez, Euskal Herriko "abeslari ezagunek" urtetako gatazkak oraindik duten "zama doinuz arintzeko" aukera emango diete. Zama doinuz arindu jaialdiaren helburua "euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko legedia salatu eta ematen diren hainbat eskubide urraketen zama arintzea izango da", baita "luzatu den" gatazkaren konponbideak ematearen aldeko mezua zabaltzea ere.

2024ko Zama Doinuz Arindu kontzertuko kartela Xiberoots taldeko Pette eta Jon eta Koma taldeko Brigi eta Natxo musikariek, Iheskide, Eire, Ibil bedi eta McOnak taldeek eta Zigor DZk, Maider Ansa abeslariak eta Ion Barbarin aktoreak osatu dute. 2025ean ospatuko den X. edizioa aurkeztu zuten ere: Azken doinuak etxeruntz, "berezietan bereziena".

Elkartasuna
Parte hartu duten taldeek jaialdia "elkartasunarekin" erlazionatzen dute. McOnak taldeko kideek, esaterako, "elkartasuna, maitasuna, itxaropena eta abar" iradokitzen diela esan dute. Ibil bediko Ametsek "oraindik ere beharrezkoa den" elkartasun jaialdi bat dela esan du, "Euskal Herrian dauden beste batzuen antzera". Hiltzeko jaiotako beste emanaldi bat dela gaineratu du. Iheskide taldeko Gaizkak jaialdia "errepresaliatuei zein beraien senideei elkartasun eta maitasun keinu bat" dela esan du, eta Koma taldeko musikariek "euskal preso eta haien senideak laguntzeko kulturaren eta publikoaren arteko topaketa bat" dela esan dute.

Xiberoots taldeko kideek "musikak minak arintzen dituela" esaten dute: "Bost urte ETA desagertuz geroztik, euskal preso eta iheslarien etxera etortzeko baldintzak ez dira hor. Musikaz aipa dezagun eta erakuts dezagun gure anaitasuna azken presoa atera arte". Eire taldearendako jaialdiak "elkartasuna eta babesa" iradokitzen du: "Azken finean herri honek gatazka politikoaren ondorioak sufritu behar izan ditu urte luzeetan eta zoritxarrez batzuek gertuagotik sufritu behar izaten dute". Gaineratu dutenez, preso politikoak Euskal Herrira ekartzea "lortu bada ere", bidea eta borroka "luzea" geratzen da: "Zama Doinuz Arindu ekimenak borrokak segi dezan baliabideak lortzeaz gain, jendartea auziaz kontzientziatzea lortzen du".

Ekimen "eder" honekin nolabaiteko "zorra edo arantza" zutela esan dute McOnak taldekoek, izan ere, 2022ko edizioan etortzekoak ziren, baina osasun arazoak tarteko, ezin izan zuten parte hartu. "Gure aletxoa" jartzeko Ibil bediren modua dela esan du taldeko Ametsek, "ahal izatera, kolaboratzeko prest gaudelako". Musikaz elkartasuna adierazteko aukera izango dutelako, "eta horrek betetzen gaituelako", Zama doinuz arindu jaialdian parte hartzeko gonbidapenari baiezkoa eman zion Iheskidek. Maule eta Etxarri elkartuko ditu Xiberoots taldeak, "urrats guztiak garrantzitsuak dira. Libre baginen, baldintza azkar bat baietz baten emateko. Bestela, ezin ginen begira gelditu parte hartu gabe". Gonbidapenari baiezkoa emateko arrazoiei galdetuta, Eire taldeak "kontzientzia" sentitzen dutela esan du: "Gonbidapena jaso genuenean ez genuen zalantzarik izan honen parte izan nahi genuela". Ekarpen "minimoena" ere egitea beraiendako garrantzitsua dela gaineratu dute. Komako taldekideek haien "harri koskorra" eta elkartasuna adierazi nahi dutela esan dute.

Kontzertua
Jaialdia ospatu aurretik, taldeek egingo zutena azaldu zuten GUAIXE astekarian; formatu akustikoan bi abesti joko du McOnak taldeak. Ibil bedik ere disko berriko bi kantu joko dituzte, bi taldekideren artean. Iheskideren emanaldia "ezohikoa" izango dela esan du Gaizka taldekideak, "lehenengoa aldia da, eta azkena espero, formatu akustikoan joko duguna". Komako Brigik eta Natxok taldearen errepertorioko bi abesti joko dituzte gitarra akustikoekin. Xiberootsen emanaldia "sinple" izango dela esan dute taldekideek: "Bi euskal kantore, egun horren tematikarekin bat egiten dutenak". "Gogotsu" ariko direla gaineratu dute. Eire taldea aretoetan jotzera ohituta ez dagoela esan dute taldekideek, "alde horretatik berezia izango da guretzat". Bi taldekideak ariko dira eszenatokian, "eta espero dugu gure konplizitatea publikoari transmititu ahal izatea".