Udalak sei baso aprobetxamendu saldu nahi ditu

Guaixe 2024ko urt. 15a, 11:31

Kontzenzio ermita, Etxarri Aranatz eta basoaren ikuspegia. ARTXIBOA

Horretarako enkantea deitu du. Eskaintzak ilbeltzaren 25era arte aurkez daitezke.

Etxarri Aranazko Udalak, enkante bidez, herri basoko sei epaitza saldu nahi ditu. Haiengatik guztiengatik udalak 165.967,89 euro eskatzen ditu. Baso aprobetxamendu horietako bost 2023-2024 urteetarako Aprobetxamenduen Urteko Plana eta Hobekuntzen Bi Urtekoan jasota dago. Aurreneko epaitza Lizarrusti, Alleko lezea, Alleko iturria eta Santubaneko larrean dauden pagoek osatzen dute, guztira 1.051,7 m3-ko, 736,4 m-3 egur eta 315,3 m3 zur egiten dute. Hari udalak 25.656,39 euroko balioa eman dio. Bigarren baso aprobetxamendua Argarbi eta Putterrin dago. 1.945 m3-ko bolumena dute pagoek (1.595,5 egur eta 349,5 zur). 44.098,70 euro eskatzen ditu udalak. 

Hirugarren epaitza Otxenta, Gatzarrieta, Fagadieder eta Jentilzulon dauden pagoez osatuta dago. 2.801 m3-ko bolumena du, guztia egurretarako. 39.213,73 eurotan jarri du enkantean. Etxarri Aranazko Udalak saldu nahi duen laugarren baso aprobetxamendua Artxan, Altzarte eta Sagarmiñaundiko mintegian dago. Nagusiki Larizio pinuz eta pagoz osatuta dago, nahiz eta Duglas izei eta haritz ondo batzuk ere badauden. Pago egurrak 374,5 m3-ko bolumena egiten du eta pinuarenak, berriz, 666,5 zur eta 1.069,3 biomasa. 33.265,03 euroko tasazioa du. Bosgarren epaitz Altzituertako bidean, Baxateko axkoian, eta Elbegiko zuloan, San Gregorion, daude. Larizio pinuko 710,6 m3 dira, haietatik 409,3 zur eta 301,3 biomasa. 12.944,13 eurotan dago. 

Atzeneko epaitza 2023ko Ezohiko Ustiapen eta Hobekuntza Planean jasoa dago. Bestela esanda, ekopasabidea egiteko Aritzalko basoan moztutako haritzek osatzen dute. Guztira 159 m3-ko dira, haietatik 78,5 egurretarako eta 80,5 zura gisa baliagarriak direnak. 10.789,91 euroko balioa du epaitzak.