Independentziari buruzko galdeketa ospatuko dute

Guaixe 2024ko urt. 30a, 09:31
Etxarri Aranatz independentziaren aldeko herri galdeketan lehen boto emaileak sartzen. ARTXIBOA

Aurten hamar urte beteko dira etxarriarrek Euskal Herriko independentziari buruzko herri galdeketa antolatu eta hartan parte hartu zutela. Galdeketa oroitzea eta ospatzea merezi duela iritzita, efemeridea ospatzeko aurreneko pausoak ematen hasi dira.

Arenys de Munten independentziaren inguruko aurreneko herri galdeketa antolatu zuen 2009. urtean. Ondoren Kataluniako beste 300 bat herritan egin ziren galdeketak. Halako zerbait herrian egin zitekeela iritzita, etxarriar talde bat elkartu eta A13 ekimena sortu zuten. Independentziari buruzko herri galdeketa apirilaren 13an egin zenez, datatik hartu zuten izena. A13ko kideek etxarriarrei honako galdera luzatu zieten: Euskal Herri independente bateko herritarra izan? 851 etxarriarrek eman zuten botoa, %42,55eko parte hartzea izan zen. Aldeko botoak 804 (%94,48) izan ziren, ezezkoak 18 boto (%2,12), boto txuriak 18 (%3) eta baliogabeak, azkenik, 3 (%0,35). Herri galdeketarekin batera, egun osoko egitarau zabala prestatu zuen. 

Aurten hamar urte betetzen dira independentziari buruzko herri galdeketa egin zela. Euskal Herrian mota horretako aurreneko galdeketa izan zen Etxarri Aranazkoa. Hura antolatzeko "erabakitzeko eskubidearen aldeko herritar talde polita" elkartu zen. Efemeridea gogoan, hura gogoratu eta ospatu beharra dagoela iritzita, etxarriar talde batek batzar irekia deitu zuen ilbeltzaren 24rako. Elkartu zirenek erabaki zuten, baietz, merezi duela zerbait egitea. Herri galdeketa sustatu zen egun berean ospatu nahiko lukete efemeridea: apirilaren 13an, larunbatarekin. Batzarrean izan zirenetako batek azaldu duenez, "oraindik dena berde dago, baina bakarren batek lagundu nahi badu, jo dezala 2014an galdeketa sustatu zuen ekimeneko kideren batengana".


Etxarriarrak 2014ko herri galdeketan botoa emateko ilaran.

Olatua
Etxarri Aranazko herri galdeketa pizgarria izan zen eta ondoren Euskal Herrian halako hainbat galdeketa egin ziren. Gure Eskuk sustatu zituen independentziaren aldeko galdeketak 2017an. Sakanan Gure Eskuko taldeak bederatzi herrietan sortu ziren eta haietan galdeketa egin zen, zehazki: Irurtzunen, Irañetan, Arruazun, Lakuntzan, Arbizun, Urdiainen, Altsasun, Olatzagutian eta Ziordian. 

Herri bakoitzean sortu zen taldeak erabaki zuen erabakitze eskubideari buruzko ariketan herritarrei zein galdera egin. Herri batzuetan bi galdera zituzten boto paperek. Formulazio desberdinekin, baina herri gehienetan etorkizun politikoa erabakitzeko burujabeak izatea nahi zuten galdetu zuten. Herritik herrira subjektua ere aldatzen zen Euskal Herri, Nafarroa edo herri burujabe bateko herritarra izatea nahi ote zen galdetu zuten. 

Emaitzari dagokionez, 2017ko garagarrilaren 17an hauteslekuetara 2.962 sakandar joan ziren botoa ematera. Hau da, parte hartzea %23,68koa izan zen. Independentziaren aldeko botoak %94,87 izan ziren.