Astekaria

Etxarritik sakandarrendako

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2024ko urt. 30a, 11:42

Fan Matxine taldea 'Camina' bideokliparen une batean. UTZITAKOA

Duela urte bat inguru Fan Matxine musika proiektua jarri zuten martxan Daniel Sanz 'Pintxo'k eta Izai Mauleon 'Dr Gass'ek, Etxarri Aranatzen. Orain boskotea osatu dute, eta bi astez behin abesti eta bideoklip berriak ateratzen joanen dira

Fan hitza fantastiketik dator; fan bat zale bat da ere, fanatikoa, eta Etxarri Aranazko euskaran joan esan nahi du. Fan hitzaren esanahi horiei matxine hitza musika egiteko makinagatik gehitu eta Fan Matxine taldea sortu dute Etxarri Aranatzen. "Fan dakigu fan matxine kanta aterako dugu hemendik gutxira", esan du Daniel Sanz Pintxo Fan Matxine taldeko kideak eta sortzailetako batek. Duela urte bat inguru Izai Mauleon Dr Gass musikari etxarriarrarekin proiektuarekin hasi ziren, eta ondoren Armo etorri zen. "Berak sintetizadorea, sanplerrak, loopak, ekoizteko eta efektu digitalak egiteko makina bat dauka". Armo gabe Fan izanen zen taldea. "Armo Matxine, Fan Matxine". Proiektura Endika Jaka bateria jole etxarriarra eta Lizarraldeko Oliver Jaurrieta gitarra jolea batu dira, boskotea osatuz. Duela pare bat aste Camina abestia publikatu zuten, eta bi astean behin kanta eta bideoklip berria kaleratuko dutela aurreratu du Pintxok. 

"Etxetik, etxekoa eta etxekoendako proiektu bat da; Sakanan aritzea nahi dugu"

"Filosofia da lagun talde bat etxetik, etxekoa eta etxekoentzat". Fan Matxine Sakanako proiektu bat dela azaldu du Pintxok; musikaria berez ez da Sakanakoa, "baina Etxarrin biltzen gara, egoitza Etxarrin dugu, hiru taldekide etxarriarrak dira, bideoetan etxarriarrak eta sakandarrak agertzen dira...". Gainera, izatez etxarriarra ez izan arren, Egurre taldeko abeslaria izan zen, eta Sakana aldean horregatik ezaguna egin zela azaldu du: "Etxarrirekin nolabaiteko lotura dut, nire etxean baino gehiago maite naute batzuek".

Egurre taldeko abeslaria ez ezik, La Bella Beasain deitutako beste proiektu bat jarri zuen martxan. Fan Matxine proiektuko lau kideek ere esperientzia dute musikaren munduan. Mauleonek Dr Gass deitutako hip hop proiektu bat dauka eta Armo musika sortzen eta disko jartzaile aritu da. Ondoren, proiektuan Oliver gitarra jolea sartu zen, Flitter taldeko kidea. "Taldeak sekulako ospea izan zuen, eta oraindik indarrean dago", azaldu du Pintxok. Gitarra jolea izan arte berak jotzen zuen gitarra, "baina tipo bat gitarra batekin zen, ni ez naiz gitarra jolea. Ematen du ezetz, baina sekulako aldea dago gauza bat eta bestearen aldean". Taldea osatzen azkena Endika Jaka bateria jolea izan da, besteak beste, Brutal Room eta Alkaloide taldeetako kidea. Pintxoren esanetan, "Sakana osoko bateria jolerik onenetarikoa, eta orain proiektura batu egin da". Aurretik bateria "modu digitalean" sartzen zutela azaldu du musikariak. 

Ukituak

Fan Matxinek estilo "eklektikoa" du: "Betiko istorioa baina makinaren ukituekin"

"Estilo pixka bat eklektikoa" egiten du Fan Matxine taldeak: "Punk, punk rock eta ska edo horrelako estiloetatik edaten duen proiektua da. Pentsa Egurre taldetik eta abarretik gatozela". Proiektua rock, hip hop eta beastie hopetik ere gertu dagoela azaldu du Pintxok. Betiko "istorioa" baina makinaren ukituarekin; "hortxe gaude". 

Abesti gehienak euskaraz izango dira, nahiz eta gaztelaniazko eta ingelesezko baten bat egongo direla aurreratu duen Pintxok. "Euskaraz eta esaldiren bat ingelesez izan daiteke ere, baina orokorrean euskaraz izango dira". Horrela sortu zaiela esan du musikariak.

Camina lehenengo kanta eta bideoklipa duela pare bat aste kaleratu zuen Fan Matxinek, Youtuben, eta bi astez behin bideoklipak ekoizten eta elkarbanatzen ariko direla azaldu du taldeko kideak. Sare sozialetan ere lanen berri emango dute. "Baina gure filosofia da lagun talde bat garela, etxetik, etxekoa eta etxekoentzat. Ez da ea Madriletik deitzen gaituzten edo Durangotik edo ez dakit nondik. Gure ilusioa eta helburua da ekoizpenak argitara ematea eta hemen inguruan jotzea. Ez da Hertzainak berriak bilakatzen ote garen edo arrakastaren formula bilatzea". Proiektua etxetik, etxekoa eta etxekoentzat dela hainbatetan errepikatu du Pintxok, "hori baita gure asmoa, ongi pasatu, gure artean gustura, kristoren farrak botatzea bideoklipak grabatzen eta gure tontakerietan ibiltzea". Musika ateratzean "gustura" ari direla ikustea, azken finean. 

Proiektua martxan jarri zutenetik Mauleon eta Pintxo aritu dira kantak "osatzen, egiten, nahasten, ekoizten eta abar, baina banda gabe"; prozesu "teknikoteorikoa" izan dela azaldu du Pintxok. "Entsegu gutxi gabe". Orain "bat-batean" banda osatu dute, eta haien "ametsa" egun batean Etxarri Aranazko gaztetxea "hankaz gora jartzea" da: "Esatea, begira, hau da entzun duzuen guztia". Asmo horri buruz askotan hitz egin dutela aitortu du musikariak. "Sakanan rude pixka bat mugitzea".