Ilbeltzaren 27an Euskal Herriko Ezker Hormako Kluben Arteko Paleta Goma Txapelketako finalak jokatu ziren Gasteizko Ogeta pilotalekuan, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak (EEPF) antolatuta. Finalisten artean palista sakandarrek pisu handia izan zuten. Etxarri Aranazko Gure Pilota klubean trebatutako Irati Igoa Sesma etxarriarrak maila nagusiko finala jokatu zuen Maider Ardanazekin bikoa osatuta, azken honen Auñamendi klubaren izenarekin parte hartuta. Eta nabarmentzekoa da kadeteen arteko finala %100 sakandarra izan zela, Gure Pilotako bi taldek jokatu baitzuten: Lexuri Lazkoz Ruizen eta Maialen Larraza Senarren taldeak, batetik; eta Auritze Beltza Beristainen eta Onditz Gaintzarain Berastegiren taldeak, bestetik.
Euskal Herriko maila nagusiko txapelak eta kadeteen mailakoak Sakanara etorri ziren. "Etxarriko Gure Pilotako harrobia oso indartsua da; txapelketa garrantzitsuenetan finaletara iristeko aukerak dituzte Gure Pilotako palistek. Gure Pilotan gero eta pilotari gehiago daude, eta onak" azaldu du Irati Igoak.
Euskal Herriko onenak
Euskal Herriko Paleta Goma Txapelketan probintzia bakoitzeko palista onenek hartzen dute parte. "Elite mailan edo maila nagusian, Nafarroako Paleta Goma Txapelketako txapeldunek eta txapeldunordeek lortzen dute Euskal Herriko Txapelketan aritzeko txartela, eta gainontzeko probintzietan ere. Beraz, palista onenak lehiatzen dira".
Gure Pilota klubekoa da, berez, Irati Igoa, baina Auñamendi klubaren izenean lehiatu zen. "Kontua da Etxarri Aranatzen, nire mailan, bakarra naizela. Ikasketengatik Naroa Otxoak aurten Hernanin jokatzen du. Nafarroan nire kintadan sei-zazpi palista gara, eta, hortaz, txapelketak iristen diren bakoitzean gure artean adosten dugu txapelketa bakoitzean nola lehiatuko garen, dauden beharren arabera. Esaterako, Mendillorrikoak aurten Oberenara joan dira, Auñamendin soilik Maider Ardanaz dago eta Etxarri Aranatzen ni neu. Maiderrekin Nafarroako Txapelketa Auñamendi taldearen izenean jokatuko genuela adostu genuen, eta hura irabazita Euskal Herrikora joan ginenez, Auñamendirekin jarraitu dugu".
Nafarroako elite mailako palistek elkarrekin entrenatzen dute normalean, berdin du zein klubekoak diren. Oberenan entrenatzen dute normalean, "baina duela bi aste Nafarroako selekzioarekin prestaketan hasi garenez, NUP-en entrenatzen gara orain".
Igoa eta Ardanaz, ikusgarri
Euskal Herriko Paleta Goma Txapelketako maila nagusian bikain aritu dira Maider Ardanaz eta Irati Igoa. Hasieran ligaxka jokatu zuten, hiru jardunaldi, eta ondoren final laurdenak, finalerdiak eta finala iritsi ziren. Partida guztiak irabazita heldu ziren final handira; bertan Gasteizko Errekaleor klubeko Ruiz de Azua eta Martin izan zituzten aurkari. Final ikusgarrian, 21 eta 30 gailendu ziren nafarrak. "Finala espero baina errazago izan zen guretako, nolabait esateko. Bagenekien bikote potentea zela eta irabazteko ederki izerditu beharko genuela, baina partida hasieratik dominatuta izan genuen. Lortutako abantaila ongi kudeatu genuen, eta nahiko eroso ibili ginen. Ez genien gerturatzen ere utzi. Oso pozik gaude" aitortu du Igoak. Abenduan Sakanako Pala Txapelketan finalerdian erori izanaren arantza kendu zuen etxarriarrak. "Etxarriko txapelketa hain da polita... pena handia nuen finalerdian erori izanagatik. Euskal Herriko Txapelketan amorru hori atera genuen, eta buelta eman genion".
Beltza eta Gaintzarain
Kadeteen mailako finala Gure Pilotako Lexuri-Lazkoz-Maialen Larrazak eta Auritze Beltza-Onditz Gaintzarainek jokatu zuten. Oso final lehiatua izan zen, Beltzaren eta Gaintzarainen alde erori zena, 11 eta 15. Kadeteetan formatu ezberdina izan zuen txapelketak. Final laurdenak, finalerdiak eta finala jokatu zituzten. "Finala oso polita izan zen, oso borrokatua. Lau palistek maila handia dute, eta gutxigatik erabaki zen".
Frontoian giro ederra zegoen. "Lehendabizi kadeteen eta jubenilen txapelketak jokatu ziren, gero gurea, maila nagusikoa, eta, azkenik, senior mailako mutilena. Gure Pilotako kadeteak gure partida ikustera geratu ziren, ni animatzeko, eta eskerrak, zale gehienak Errekaleorreko bikotea animatzera joan baitziren. Egia esan, oso gustura ibili ginen".
Trinketean, mutilekin
Orain Nafarroako Trinketeko Txapelketa Mistoa jokatzen ari da Irati Igoa, neskak eta mutilak elkarrekin nahasita sortutako taldeen artekoa. Iratik Maider Ardanazekin eta Manexekin jokatzen du. "Horrela, Maiderrek ezin badu, edo nik Mulierrekin futbol partida jokatu behar badut, bada, Manexek ordezkatzen gaitu". Momentuz bi partida jokatu dituzte; bata irabazi dute, eta bestea galdu. "Oso gustura ari gara. Mutilekin jokatzen maila askoz ere handiagoa da, indarra ere handiagoa... izugarri disfrutatzen ari gara. Gure kategorian palista berberekin jokatzen ohituta gaude, eta hau nobedade handia izan da. Mutilen kontra jokatzearekin asko ikasten ari gara eta disfrutatzen dugu, beste maila bat dagoelako". Mutilak ere iritzi berekoak dira. "Eurak ere beti elkarren artean lehiatzen dira, eta, esan digutenez, beraiendako ere oso pozgarria da gurekin jokatzea. Eurek ere gutaz ikasten dute, disfrutatzen dute eta gustura daude".
Mulier futbol taldean, bikain
Irati Igoak paleta goma futbolarekin partekatzen du. Mulier taldeko jokalaria da, eta aurten oso ongi ari da Hirugarren Federazio FUTFEM mailan jokatzen duen talde nafarra. Hirugarren Federazio FUTFEM kategorian sei multzo daude estatu osoan, eta Mulier bigarren multzoan dago. "Oso gustura gaude. Bosgarrenak gara sailkapen orokorrean, hirugarren taldetik 2 puntura. Lehen talde nafarra gara, Osasuna C eta Berriozar taldeen aurretik". Burgos, Salamanca, Errioxa, Santanderreko hiru talde, Eibar, Oiartzun, Añorga, Bizkerre, Arratia, Tolosa eta Mutilbera daude euren multzoan.
Ilbeltzaren 27an Eibar liderra izan zuen aurkari Mulierrek, 16:00etan. "Partida oso borrokatua izan zen, baina zorte txarra izan genuen, gol bat ate propioan sartu eta gero 1 eta 3 galdu genuen. Baina oso denboraldi polita izaten ari da" dio Iratik. Etxarriarrak bere taldeko gol bakarra sartu zuen. Eta hori, berarendako partida ez zela oso ongi hasi kontuan hartuta. "lehendabiziko 3 minutuetan sekulako burukada eman zidaten eta bekaina zabaldu zitzaidan. Odola mara-mara hasi zen, eta gure medikuak puntuak jarri behar zizkidan, baina materialen bat falta zela, eta badaezpada ez zidaten josi. Gasak, aposituak eta benda jarri zidaten, eta hala jokatu nuen. Partida bukatu eta azkar-azkar joan behar nuen Gasteizera, 19:00etan pala finala jokatzera".
Pala finala bekainean partxea jarrita jokatu behar izan zuen Igoak, "beldurra nuen ea mugituko ote zitzaidan eta odoletan hasi, baina nahiko ongi aguantatu zuen" dio, irribarrez. Futbol partida jokatzetik eta bekaina zabalik jokatu zuen finala, "eta ongi, e? Kristoren partida izan zen".
Asteburuan larunbat goizean trinketeko partida du, eta igandean 11:30ean Mulierrekin futbol partida, Santanderren, Monte Soccer Feminas taldearen kontra. Guztia uztartzea eromena izan behar da, baina "nahiko ongi" moldatzen da Igoa. "Futbol eta pala entrenamenduak ez dute bat egiten eta, orain arte, ez dut partidarik huts egin".
Hirugarren Federazio FUTFEM mailan lehen sailkatzen den taldea igotzen da bigarren mailara. "Gure helburua kategoriari eustea zen, eta hori aspaldi lortu genuen. Orain, helburua partida guztiak borrokatzen jarraitzea da, eta ahalik eta gorenen sailkatzea".