Lehen sektoreko langileen ekonomia egoera ez da ona Europan. Agroindustriak ekoizpena etengabe handitzea bermatzen du. Bestetik, merkatuak liberalizatu dira, lehen sektorea ere mundializatu da eta funtsek ere etekina ateratzeko modua opatu dute nekazaritzan eta abeltzaintzan. Horrek guztiak sustatutako logika ekonomikoak eragin du krisia, lehen sektorean: gero eta etxalde eta langile gutxiago izatea, eta daudenak baldintza zailetan aritzea. Horregatik nekazari eta abeltzainek haien ezinegona kalera atera dute Europan. Hego Euskal Herrian otsailaren 6rako, astearterako, protesta prestatzen ari dira.
Ipar Euskal Herrian eta Frantzian autopistak itxi dituzte. Salatu dutenez, gobernuaren laguntzak gero eta eskasagoak dira eta gero eta beranduago ematen ditu. Horregatik aldarrikatu dute ekoizpen kostua baino txikiagoak diren salmenta prezioekin bukatzea. Hau da, lehen sektoreko ekoizleendako prezio duinak eskatzen ari dira.
Europako lehen sektoreko ekoizleak kexu dira Europar Batasunera (EB) kanpotik sartzen diren produktuak ez dituztela haiek betetzera behartuta dauden ekoizpen baldintza berak. Horregatik, merkataritza akordioetan baldintza horiek ezartzea eskatu dute. Bestetik, EBk klima krisiari aurre egiteko eta ingurumena babesteko gero eta baldintza gogorragoak bete behar dituztela, eta horrek asko zailtzen diela lana.
Errepidean
Ventura Mundiñano Ruiz garraiolari etxarriarra Frantziara burdina eramaten eta egurra ekartzen aritzen da. Astean bitan egiten du joan-etorria. Duela bi aste etxerako bueltan, “Baiona parean autopista itxita, ez zitzaidan egoera oso txarra tokatu, eta nahiko ongi iritsi nintzen. Aste honetan, astelehenean, kamioia deskargatzeko puntura egun bat beranduago iritsi naiz. Gaizki, ordu pila bat galduta".
Bidean "sekulako ilarak, errepide mozketak, su hartutako belarra" eta beste ikusi ditu garraiolari etxarriarrak kamioiko kabinatik. Ilbeltzaren 30ean Orleans aldera joaten zela, jendarmeek autopista bateko irteera batetik errepide nazionalera aterarazi zuten Mundiñano. "Hiru metroko zabalera neraman eta arriskurik zegoen eta errepidea ona zen galdetu nien. Ezetz, aurrera egiteko. Herri batera sartu eta bi ordu eta erdi geldi egon ginen. Herria justu justu pasa nuen, hiru metroko zabalerarekin eta autoak bi aldeetan. Herritik ateratzear kamioi bati gasolio depositua lehertu eta ezin ia ibili ere egin. Azkenean atera ginen. Han bi ordu eta erdi galdu genituen. Azkenean, 16:00etan iritsi nintzen". Merkantzia berandu emateagatik Mundiñanok ez du arazorik izan, burdina eta egurrarekin lan egiten duelako. Ez du jasotze eta emate ordutegirik. Baina hozkailuak diren kamioiekin ez da gauza bera gertatzen.
Halako protestak ezagutu izan ditu aurretik Mundiñanok, nekazarienak edo txaleko horienak, esaterako. Etxarriarrak azaldu duenez, "protesten arrazoiaren berri Internet bidez jakiten dugu. Txaleko horiak egon zirenean informazio esku orriak eman zizkiguten, baina oraingo honetan ez". Horrelako egoeratan irratiak eta beste garraiolari batzuen informazioek erraztasunak ematen dituzte. Horregatik, nekazariek Baiona pareko itxiera kendu ondorengo autopista hartatik pasatzen hirugarrena izan zen etxarriarra.
Normalean Mundiñanok kamioian jatekoa eramaten du, "basoan lan asko egiten dugulako eta han ez dagoelako jatetxerik. Afaltzeko jatetxeren bat opatuz gero, kitto". Jakinik zer gerta zitekeen aste honetan etxarriarrak jan-edan gehiago sartu du kamioian, badaezpada.