aizkora

Aizkoran trebatzeko aukera, Sakanan bertan

Guaixe 2024ko ots. 5a, 12:07

Sakanako Aizkora Eskolako gaztetxoak, 2023ko Sakanako Herri Kirol Egunean.

Mank-ek antolatutako Sakanako Aizkora Eskolan izena ematea zabalik dago, otsailaren 26ra arte

Sakanako Mankomunitateak atzera ere Sakanako Aizkora Eskola antolatu du, herri kirolak sustatzeko konpromisoarekin jarraituz. Mank-ek duela 20 urte inguru sortu zuen lehenengoz aizkora eskola, aizkoran trebatu nahi dutenei baliabideak eta materiala eskaini ahal izateko. Azken urteetan sekulako arrakasta izan du, eta aurten ere hala izatea aurreikusten da. 

Sakanako aizkora eskola martxoaren 4an hasi eta maiatzaren 9an despedituko da. Astelehenetan eta ostegunetan izanen dira trebakuntza saioak, 19:30etik 20:230etara, Juanito eta Juanjo Erdoziaren esku, erdoziatarren Etxarri Aranazko bordan. 10 eta 20 urte bitarteko neska mutilek eman dezakete izena, otsailaren 26ra arte, Mank-eko Kirol Zerbitzuan (683 343 854, kirolak@sakana-mank.eus). Prezioa 55 eurokoa da. Izena lehenbailehen egitea aholkatu dute Mank-etik, “dauden hamabost tokiak berehala betetzen baitira”. 

Sakanako Mankomunitateak Nafarroako Gobernuaren laguntza du Sakanako Aizkora Eskolarako. Eskolan erabiltzen den egurra Urbasako Parke Naturaletik dator, dohaintza bidez eskuratua, eta aizkorari lotutako kirol praktika mantentzeko helburua eta konpromisoa du. 

Juanito eta Juanjo Erdozia monitoreak “oso gustura” aritzen dira neska-mutilak trebatzen. “Ilusio handia dute eta gustura etortzen dira eskolara”. Eskolatik makina bat aizkolari atera da.