Naizen elkarteak Etxarri Aranatzen ospatu zuen urteurrena

Guaixe 2024ko ots. 6a, 12:00

Galan parte hartu zutenen talde argazkia. NAIZEN

Prestatutako egitaraua familien, gertuko pertsonen eta erakundeetako ordezkarien topagune izan zen.

Adingabe transexualen familiak biltzen dituen Naizen elkarteak bere bederatzigarren urteurren gala Etxarri Aranatzen ospatu zuen otsailaren 3an, larunbatean. Elkarteak kultur etxean antolatutako galan urteko lorpenen eta erronka berrien errepasoa egin zuten. Naizenek aukera baliatu zuen ZiNaizen proiektua aurkezteko, Zinegoak proiektuaren barruan dagoena. Bestalde, galan saria eman zioten Estibaliz Urresola zinema zuzendariari. 20.000 erle-espezie filmaren sortze prozesuan, Urresolak Naizen elkartearen eta bertako familia askoren laguntza izan zuen. Elkartetik adierazi zutenez, "gure seme-alaben eta familien errealitatea pantaila handira hain zintzo eta maitasunez eramaten du. Film zoragarria da, eta haurren transexualitatera hurbiltzea ahalbidetzen du, ez aurreiritzi, diskurtso edo ideietatik abiatuta, baizik eta ikusia izatea behar duen neskato horren bizipenetatik, familia horrek gertatzen ari dena ulertzeko, onartzeko eta horretan laguntzeko bizi dituen zailtasunetatik" abiatuta, adierazi du. Itziar Lazkano aktoreak jaso zuen saria. 

Aitortza jaso zuen ere Roberto Itoitzek, Naizeneko gurasoak. "Orain arte egindako lan guztiagatik, bere eskaintza eta maitasuna emateagatik, eta gure seme-alabentzat gizarte hobe batentzat amets egiteagatik". Galan dantza eta musika ere izan ziren. Bestalde, arratsaldean Etxarri Aranazko frontoiak zirku tailerra eta txokolate jana hartu zituen. Kultur etxean izan zen magia ikuskizun batekin despeditu zen Naizenen urteurren festa. 

Elkarteak antolatutako galan Naizeneko kideez aparte erakundeetako ordezkariak ere izan ziren, besteak beste, Etxarri Aranazko alkate Maria Saez de Albeniz Bregaña, Zurekin Nafarroako Patricia Abad eta Carlos Guzman Perez, EH Bilduko Bel Pozueta Fernandez, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosa Vega. 

Elkarteaz
2015eko martxoaren 8an, Chrysallis Estatuko elkarteko Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zortzi familiak eratu zuten Chrysallis Euskal Herria, gaur egun, Naizen. Beren errealitatea hedatu zuten formatu mistoko hitzaldien bidez: beren elkartearekin lankidetzan aritzen diren sexologiako profesionalek ezagutza teorikoa ematen dute, eta elkarteko familiek beren bizipenaren testigantza partekatzen dute.

Informazio eta aholkularitza zerbitzua dute, bai telefono bidez, bai posta elektroniko bidez. Zerbitzu horren bitartez, familiei lagun egiten diete, eta aholkularitza sexologikoa eta familia esperientziak eskaintzen dizkiete, familiatik familiara. Gainera, hainbat arlotako profesionalak artatzen eta aholkatzen dituzte: irakasleak, hezitzaileak, psikologoak eta orientatzaileak.

2015ean hasi ziren harremanak eta elkarrizketa, lehenik, Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin, "erakunde horiek eskumenak dituzten gai politikoetan aurrera egiteko, bi autonomia erkidegoetan pertsona transexualen eskubideak bermatuko dituzten lege aldaketak bilatuta. Arazo larri eta premiazkoenetako bat zen bi autonomia erkidegoetako pertsona transexualak artatzeko bi ospitale unitateetan jasotzen zen tratua. Beste gai garrantzitsu bat eskola esparruko errealitate horietan lagun egiteko abordatze egokiak bermatzeko beharra zen".