Udalak Kalamurtxei kaleko lanak emateko deialdia egin du

Guaixe 2024ko ots. 21a, 11:12

Kalamurtxei kaleko zoruko zartadurak. UDALA

Interesa duen enpresak otsailaren 27ko 23:30era arteko epea du eskaintza egiteko.

Etxarri Aranazko Udalak Kalamurtxei kaleko 10 eta 22 zenbakien arteko etxe elkarri atxikien iparraldeko kale zatia konpondu nahi du, ibaiaren aldamenean dagoena. Ubeldearen eta kalearen artean hainbat metro daude. Urbanizazioko kalea egin ahal izateko harri lubeta bat egin zen ibaian 2005an. Gainean duen kargagatik harri lubetan behera egin du eta kalean zartadura ugari agertu dira. 

Udala zoruko zartadurak porlanez estaltzen saiatu zen, baina arazoa bere horretan jarraitzen du eta zartaduren ondorioz, kalearen zorua mugitu denez, haren inklinazioa ere aldatu da. Arazoa konpontzeko udalak kaleko materialak kendu eta berriak jarriko ditu. Lanen aurrekontua 52.091,43 eurokoa da (BEZik gabe). Lanak hartzen dituen enpresak bi hilabete izanen ditu horiek egiteko. Obra finantzatzeko Etxarri Aranazko Udalak Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsio Planeko dirulaguntza izanen du.