Juanjo Mintegi Dorronsoro izatez ataundarra da, baina ia mende laurdena darama Etxarri Aranatzen bizitzen. Auzolagunendako ezaguna da, pandemia garaian arratsaldeak akordeoiarekin alaitzen zituelako, eta zenbait kalejiratan parte hartzen duelako ere. Eskusoinuarekiko eta euskal doinuekiko afizioak uztartu ditu, eta "dakidana" elkarbanatzeko asmoz Youtuben kanal bat zabaldu du: Eskudoinuak. Bertan, euskal doinutegiaren historia errepasatuko du, eta tartean elkarrizketak eginen ditu. Saioak ostiralero igoko ditu, eta dagoeneko zortzi elkarbanatu ditu. Otsailaren 23an bederatzigarrena igo zuen: Euskal dantza doinuak izenburu duen saioan Migel Angel Sagaseta Urdiaingo apaizarekin izan duen solasaldia elkarbanatu du.
Nondik dator proiektu berriaren izena?
Eskudoinuak deitzen da. Ni oso txarra naiz logo, marrazki, izen eta halakoekin eta alabari galdetu nion. Proiektua martxan jarri nahi nuela esan eta lehenengo saioa igo aurretik ea nola zihoan komentatu nion eta izen bat eta logo bat beharko nuela esan zidan. Orduan Xabier seme zaharrenari galdetu nion eta eskusoinua eta euskal doinuak lotzen zituen zerbait nahi nuela esan nion; hitz bat, eta euskara zenez Euskal Herrian Euskarazen e hori izatea pentsatu genuen. Bozeto bat marraztu zidan eta asko gustatu zitzaidan. Egia esan ez diot garrantzia handia ematen horri, nire helburua da nik dakidana edo daukadan informazioa, egiten dakidana azken finean, zintzilikatu.
Bideo kanal bat da. Nola etorri zaizu?
"Saio bakoitzean egile bakoitzean sakonduko dut, eta pare bat doinu joko ditut"
Euskal Herrian izan ditugun doinu egileei buruz hitz egiten dut, duela urte askotatik gaur egun arte. 1786tik hasi naiz, kronologikoki. Lana utzi nuen, nire ofizioa zena, eta nire afizioari heltzea pentsatu nuen, baina ez nekien nola forma eman afizio horri. Diskoa grabatzeko aukera izan zitekeen, eskusoinua gustatzen zaidalako, eta nahiko kuriosoa zen, baina ez zen betetzen zidan zerbait. Orduan beste afizio batekin elkartu nuen: euskal doinuak. Betidanik asko erakarri naute. Baina asko da, asko. Bertso doinuak, kantu zaharrak eta kantu tradizionalak. Bi atal bezala desberdintzen ditut; 1700 urtetik XX. mendera arte, Ez dok hamahirura arte; ordutik tradizionalak izango dira. Doinu horiek soinuarekin uztartu nahi nituen, baina ez nuen ezta kristoren txapa eman nahi soinuarekin. Orduan pentsatu nuen egile bakoitzean sakonduko nuela, saio bakoitzean egile bat omenduko nuela, eta berak egindako doinu pare bat joko nituela. Pixka bat horrelaxe hasi nintzen informazio bila, eta oso gustura.
Nolakoak dira saioak? Zer biltzen dute?
Denbora aldetik bakoitza desberdina da. Gaian eta omenaldia egiten diodan pertsonan zentratzen da. Badira 36 minutu irauten duten bideoak, izan ere, niretzako Euskal Herriko espresio sentimendua adierazteko kanta horien oinarria bertso doinuak direlako, eta lehenengo saioan Aurkezpena izenekoan proiektua aurkeztu nuen, eta ondoren bertsoari buruzko saioa izan zen. Bertso doinuei buruz gauza batzuk badakizkit, baina Juanito Dorronsororengana joan nintzen eta solasaldi edo tertuliatxo bat izan genuen. Berak lan izugarria egin du horri buruz eta 3.000 bertso doinu baino gehiago jaso ditu. Saioan esaten dudan bezala, ez dira kultura asko egongo doinuteri guztiak 3.000 doinu edukiko dituenik. Guk bertso doinuetan bakarrik ditugu, eta Juanitori esker. Berarekin oso ongi egon nintzen, gainera osaba dut eta hasteko modu egokia zen. Omenalditxo bat egiteko aukera ere bazen. Zerbait aportatu badezaket, adituengana joango naiz. Dagoeneko zortzi igo ditut: Aurkezpena, Bertso doinuak, Etxahun zaharra, Iparragirre, Elizanburu, Bilintx, Etxahun eta Behin batean Loiolan. Bederatzigarrena otsailaren 23an izango da, Migel Angel Sagasetari dantza doinuen inguruan egindako elkarrizketa.
Nola prestatzen dituzu?
Eskusoinua jotzen zerbait inprobisatzen dut, baina gai hauek ez ditut hainbeste kontrolatzen eta gidoia egina daukat. Atal batzuk ere osatuta ditut. Denboraldi baterako egitaratuta daukat kanala. Maitasunarekin zintzilikatu nahi ditut, serio hartu dut. Gauza batzuk badakizkit, eta Juanitoren liburuetan asko dator. Bai bere bizitzari buruz bai bere idatziei eta bertsoei buruz. Interneten ere informazio asko dago eta gustatzen zait ere. Euskadi Irratiko Kutxa beltza deitutako saio batetik ere informazioa hartzen dut. Ahal dudan tokitik, iturri guztietatik jasotzen dut eta egiten dudana da nire logoarekin hasi saioa, zerbait esaten dut, doinuarekin doinu bat jotzen dut, bere bizitzaren nondik norakoak kontatzen ditut, bitxikeriak eta abar, eta beste doinu batekin bukatzen dut.
Zein maiztasunarekin igotzen dituzu?
"Astero bideo bat igo nahi dut; ostiral arratsaldetarako propramatzen dut"
Saiatzen naiz astean behin igotzea, eta bideoak programatzen ikasi dut ere. Ostiraletan 16:00ak inguruan zintzilikatzea nahi dut. Kasi profesionala egiten ari naiz.
Bideo bakoitzak lana eskatuko dizu, ezta?
Ematen duena baino gehiago. Baina hori gertatzen da edozein gauzatan. Zerbait egiten duen edonork badaki zenbat kostatzen zaion egitea, gero ikusleak ikusten ez badu ere. Niretzako lan gutxien elkarrizketak egiten ditudanean izango da. Azken finean, tertulia bat da. Kamara grabatzen jarri eta ondoren muntaia egitea. Bestela, hamar minutuko saio bat egiteko hamabost bat egun egoten naiz. Baina polita da. Gero gertatzen zaizu batengana informazio bila joaten zarela eta berak beste informazio bat ematen dizu eta beste bide bat irekitzen dizu. Horrela da. Adibidez, Bilintxen bideoarekin penatuta gelditu nintzen gauza askoz gehiago nituelako esateko, baina Youtubeko mundu honetan ere pixka bat kontuan izan behar da denbora, jendea ez dagoelako ohituta bideo luzeak ikustera. Dida eta sakondu gabe ikusten dira. Horrek bultzatuta Behin batean Loiolan egin nuen. Kantaren atzean dagoen istorioaren inguruko monografikoa da.
Bidean ere jendea ezagutzen duzu.
Eta izugarri pozten nau horrek. Niretako erreferenteak izan direnak beraiekin egoteko aukera izatea. Oraindik ez da gehiegi etorri hori. Orain arte egin ditudanak hilda daude, kantu zaharrak dira; lehenengo bloke hori bukatzen ari naiz eta horren ondoren landu nahi ditut doinu tradizionalak. Fandangoekin hasiko naiz. Lehenengo saiatuko naiz informazio pixka bat ematen nondik datorren fandangoa eta egileak egiten saiatuko naiz. XX. mendearen hasierakoak dira. Saio bat egin nahi dut Altsasuko Potajerik buruz. Gizon hori ikaragarria zen eta ez hemen ezaguna da, baina kanpoan ez hainbeste. Ez dago informazio asko.
Kepa Junkera bisitatzen egon zinen.
"Priektu honekin Kepa Junkerarekin egoteko aukera izan dut; ilusio handia egin zidan"
Proiektu honekin lotuta Keparekin egoteko asmoa nuen, eta berarekin harremanetan jarri nintzen eguberrietan. Kristoren ilusioa egin zidan niretzako bera Jainkoaren ondorengo zerbait delako. Asko estimatzen dudan pertsona izan da, eta gertatu zena gertatuta ez nekien nola manejatuko nintzen ere. Oso baldintzatuta dago, baina oso gustura egon nintzen. Berak bidali zizkidan familiaren argazkiak, bere aitonarenak, eta gustura hartu zuen berak ere bisita. Gero korreo bidez esteka bat bidali zidan Con cariño jartzen zuela, eta bere Facebookeko sarrera bat zen esanez Juanjo Mintegi bisitan egon zela eta ni ateratzen naizen argazki bat; bera ere ateratzen zen, baina moztu egin zuen. Nik ez ditut sare sozialik, baina ilusioa egin zidan.
Harremanak iraungo du, beraz.
Elkartuko garela, ziur. Bere saioa egiten dudanean nahiko nuke berarengana joan eta erakutsi. Badakit zer esango didan: "Egiten duzuna ongi dago eta askatasun osoa duzu nahi duzuna esateko". Bere etxera joan nintzenean nire tramankulu guztiekin joan nintzen, ez dakizu nola sortuko den egoera, eta bideokamera, mikroa eta abar eramaten nituen. Bere aldetik jarrera izugarri baikorra izan zen, nahi dudana idazteko eta grabatzeko esan zidan. Baina momentuan erabaki nuen ez grabatzea. Berarekin arratsalde pasa egon nahi izan nuen, eta gozamen hutsa izan zen. Oso gustura aritu nintzen Arriaga antzokian egin zuen disko grabazioaren inguruan hitz egiten.
Noizbait pentsatu izan duzu bideoak egiten egongo zinela?
Lan osagarri moduan eta pozik sentitzen naiz. Kontziente naiz hor geldituko den zerbait dela, eta nik horri balore handia ematen diot. Hemendik urte batzuetara esango dute: "Bazegoen tipo xelebre bat...". Ni ere aprobetxatzen naiz Interneten dauden bideo askorekin, eta nik dakidana Interneten utziko dut ere.
Proiektuaren inguruan zerbait esan dizute?
Egia da nirekin komunikatzea ez dela erraza, eta beste izen bat duenez, inork ez daki Juanjo Mintegi dela bertan sartu arte. Komentarioren bat idazten didate, eta gauza oso polita da. Badago jendea zain egoten dena. Euskaraz da, euskaldun gutxi eta euskal hiztunak gutxiago, eta mundu guztiari bideratuta dagoen zerbait da, baina nik uste dut adin batetik aurrerako jendeari gehiago gustatuko zaiola bere imajinarioarekin bat egiten duelako. Jende horrek gaurko tekonologiarekin lotura izatea ez da hain arraza. Orduan poza ematen dit esaten didatenean amarekin ikusi dutela, edo ostiraleko plana familia elkartzea Eskusoinuak ikustea eta gero pilota partidak ikustea dela esaten didatenean. Oso polita da hori entzutea. Nik ahal dudan bitartean saiatuko naiz. Doinutegia lantzeko gai asko daude. Bertso doinuak, dantza doinuak, euskal musika korala, eliza doinuak, haurren doinuak, pailazoak eta abar. Mundu bat da, eta horretan euskaldunak oso aberatsak gara. Potentzial handia dago.
Eskusoinua jotzen jarraituko duzu?
Bai. Afizio asko ditut, baina soinua jotzea sentimenduz egiten dudan zerbait da eta denbora asko eskaintzen diot.