Aizkora

Jon Erdozia txapeldun, lehengusuaren aurretik

Maider Betelu Ganboa 2024ko mar. 4a, 13:30

Jon Erdozia, finala irabazi berri. IBON ERRAZU

Banakako Aizkolari Gazteen Urrezko txapela jantzi zuen Jon Erdozia Gonzalez de Pedroso etxarriarrak, azken enborrean Aritz Oiarbide Erdozia lehengusua aurreratu, eta 8 segundo aterata. Pozik dago Sakanako Aizkora Eskolan trebatutako bikoa

Otsailaren 25ean Banakako Aizkolari Gazteen Urrezko Txapelketako finala jokatu zen Azpeitian. Jon Erdozia Gonzalez de Pedroso eta Aritz Oiarbide Erdozia lehengusu etxarriarrak, Igoin Pikabea eta Jokin Larrieta lehiatu ziren. Finala hunkigarria izan zen, etxarriarrek lehia oso estua izan zutelako. Azkenean, Jon Erdoziak jantzi zuen txapela (7:22), Aritz Oiarbideri (7:30) 8 segundo aterata. Pikabea hirugarren (8:27) eta Larrieta laugarren (9:35) izan ziren. 

Nahiko pareko joan zen finala. Hasieran Aritz Oiarbide jarri zen aurretik. "Lehena hasi nintzen, atzetik Jon, Pikabea eta Larrieta nituela. Hirugarren enborrerako Pikabea eta Larrieta atzean geratu ziren, eta laugarren eta azken enborrean erabaki zen dena. Enborrari buelta batera eman genion, baina bukaeran Jonek 8 segundo atera zizkidan" laburbildu du Aritz Oiarbidek.

 

Urduri
Jon Erdoziak aitortu duenez, "oso urduri" zegoen. "Hasieran, ez dakit nerbioengatik edo, ez nuen kolperik. Eskuek ez zidaten segitzen, eta indarrik gabe bezala aritu nintzen. Arraro". Final handia zen, eta hori beti nabaritzen da. "Aritzekin batera Binakako Gazteen Urrezko finala jokatu genuenean nerbioak bien artean pixka bat banandu genituen, baina hau banakakoa zenez... Ni, behintzat, oso urduri hasi nintzen". Bi lehengusuak finalerdiak irabaztetik zetozen, "baina alde gutxiz. Beraz, faborito izatearen kontu hori, ez. Gainera, aizkoran edozer gerta daike: nerbioengatik punch-ik edo kolperik gabe geratzea, adar bat ateratzea, aizkora apurtzea, Binakako finalean gertatu zitzaigun bezala... denetatik". 

Lehen enborrean, gainera, korte berezi bat egin behar izan zuen Erdoziak. "Enborrak azpian halako boga bat bezala zuela ikusi genuen, adar bat izan zitekeena, eta korte guztia aldatu behar izan genuen. Horrek urduriago jarri ninduen" azaldu du. Hala ere, berean zentratu zen. "Ez nuen aldeetara begiratu ere egin. Ni, nirera. Megafoniatik entzunda banekien nahiko aurrean nengoela, baina beste ezer ez. Azkeneko enborrera iristerakoan ohartu nintzen Aritz nuela aurretik".

Orduan jo zuen azken erasoa. "Azken enborrean nuen guztia eman nuen; ez nuen aizkora aldatu ere egin, eta topera aritu nintzen". Azken aizkorakada jo arte ez zen konturatu Aritz aurreratu, eta txapelduna zela. "Edozer gerta zitekeen". 

Pozik
Final estu eta hunkigarria bizi zuten lehengusuek. Aizkorari lotutako familiarendako, zer esanik ez. "Aittune oso pozik zegoen, imajina dezakezu. Biloba bat txapelduna eta bestea bigarrena, ezin da kexatu" dio, irribarrez, Jon Erdoziak. Juanito Erdozia aizkolaria da euren aitona, eta Juanjo Erdozia aizkolaria, Jonen aita. 

Txapela aitonari eta aitari eskaini die bereziki, "beti gurekin hara eta hona ibiltzen direlako, gu laguntzen. Dena den, gustura aritzen dira, euren saltsan". Baita lehengusuari ere, eta eurak jarraitzen aritzen diren guztiei. Txapela sagardotegi batean egindako bazkarian ospatu zuten, familian.

Aurki banakako beste txapelketa batean parte hartuko dute, baina kategoria zehatzagoetan jokatuko dena, 23 urtez azpiko eta 19 urtez azpiko kategorietan. Eta, ondoren, udako Nafarroako eta Euskadiko txapelketak iritsiko dira.