Aste honetan jakin zen Aspek ez duela Aaron Arbizu berrituko. Atzelari etxarriarrak martxoaren 3an, igandea, jokatu zuen Asperekin bere azken partida. Salaberriarekin osatu zuen bikotea, hain zuzen ere Promesen mailako Binakakoan bere bikote zenarekin, eta partida politan 13-18 irabazi zieten Joanes Bakaikoari eta Salaverri II.ari. Pilotari etxarriarra minduta eta triste dago Aspek hartutako erabakiarekin. ETB1-eko zuzeneko emanaldian ez zuen adierazpenik egin nahi izan.
Pilotarien gertutasuna
Pilotarien Elkarteak omenaldi xumea egin zion atzelari etxarriarrari. Aspe eta Baiko pilota enpresetako pilotari agehienak Ogetara hurbildu ziren, eta talde argazkia atera zuten Aaron Arbizurekin. Gainera, txapela oparitu zioten. Atzelari etxarriarraren alaitasuna, ilusioa eta bizipoza nabarmendu zuten askok. Etxarriarrak pilotan jarraitzeko asmoa du.