Astekaria

"Aberasgarriena sagardoak probatzea da"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2024ko mar. 6a, 13:05

Olatz Zabala Igoa sagardotegi denboraldian bete-betean sartuta dago. Etxarriarrak Astigarragako sagardotegian egiten du lan; sagarrak eskuz biltzen dituzte, eta "etxean" egiten dute sagardoa.

Larrarten "etxean bezala" sentitzea nahi dute.

1. Sakandar bat sagardotegi batean lanean. Nola? 
Sagardotegia bikotearena da, lan asko dago egiteko eta bera bakarrik dago. Bion artean ari gara. Larrarte sagardotegia da, Astigarragan. Sagardoa jaio omen zen herria. Ostegun gauetik igande eguerdira irekitzen dugu. 

2. Aurretik mundu hori ezagutzen zenuen? 
Ez, egin ahala ikasten joan naiz.

3. Nola lortzen dituzue sagarrak?  
Sagarrak guk biltzen ditugu. Sei hektarea sagasti ditugu, eta eskuz biltzen ditugu. Inguruko baserritarrek ekartzen dituzte ere. Normalean horrela egiten dugu; ez dugu kanpotik ekartzen. Aurreko urtean oso sagar gutxi egon zen, eta kanpotik hartu behar izan genuen. Baina ahal dela ez dugu kanpotik ekartzen. Gureak eta inguruko baserritarrenak dira. 

4. Zein da sagardoa egiteko prozesua? 
Hasieran sagasti guztietan begiratu behar da zer sagar diren ikusteko, mota asko daudelako, eta onduta edo heldutasun batera iritsi direnak hartzen dira. Egoera egokienean daudenak. Bilketa prestatzen da; nondik nora bildu behar dugun prestatzen dugu, eta hurrengo urratsa biltzea da. Saiatzen gara sagarrak egunean bertan prozesatzen. Dena eskuz biltzen da, eta lan handia da. Makilak erabiltzen dira, puntan iltze bat bezala dute. Etxera ekartzen ditugu eta lehen urratsa garbitzea da. Pilatzen dira eta kanal batetik garraiatzen dira. Hor bueltaka egoten dira garbitzen. Etxe bakoitzaren mekanismoaren arabera, neurriaren araberako selekzioa egiten da eta ustelak kentzen dira, gera zitezkeen adartxoak eta interesatzen ez zaizkigun gauzak kentzen dira. Hortik txikitzera joaten dira; prentsa bat dago eta sagarrak estutzen ditu. Hortik kupelara joaten dira. Berez ez dauka askorik. Erraza da. 

5. Zenbat denbora behar du? 
Sagarrak bildu eta sagardo egin arte hilabete bat gutxi gorabehera. Txikitu eta hori dena egunean bertan egiten da. Hortik zukua ateratzen da, eta fermentatzen hilabete bat inguru pasatzen da. 

6. Zenbat litro egiten dituzue? 
100.000 edo horrelako zerbait. 

7. Sagardoa egiteko prozesua bisita daiteke? 
Bai, normalean ez dugu arazorik. Saiatzen gara asteburuetan zerbitzua bukatzean edo goizean goiz egiten. Astean zehar ere lasaiago gaude. Baina ez dago problemarik ikusteko. 

8. Nolakoa da sagardotegia? 
Guk bi tokitan antolatuta dugu: behean upategia dago eta 130 bat pertsonendako tokia dago, baina txotx egitean eta jendea hortik ibiltzen denez ez da hainbeste jende sartzen eta lasai mugitzeko eta jateko ehun bat pertsona sartzen dira. Goian erretegia dugu eta bertan 40 bat pertsona sartzen dira. Erretegian ez daude kupelak, baina jaisteko aukera dago. Erretegia urte osoan irekitzen dugu, abenduan eta urtarrilean bitarte hilabete gutxi gora behera izan ezik. Sagardotegia San Sebastian egunaren inguruan irekitzen dugu, eta maiatzeraino gutxi gorabehera. Ordurako sagardoa bukatzen joaten da, eta sagardotegi batera sagardoa probatzera zoaz. 

9. Erretegiaren edo sagardotegiaren giroaren artean aukeratu behar baduzu?
Giroa desberdina da. Nahi baduzu lasai egon, familiarekin eta goxo: erretegia. Nahi baduzu lagunekin, larunbata batean, jaleo pixka bat, jendea ezagutu eta hau eta bestea komentatzen egotea gustatzen bazaizu: sagardotegia. Jendearekin egoteko aukera gehiago ematen du. 

10. Nolako jendea bertaratzen da?
Denetatik. Bertakoak, iparraldekoak eta frantsesak, eta sakandarrak ere egia esan mugitzen dira. Aurreko egunean Kanarietako talde bat egon zen. Sagardotegira etortzen direnak, horretara espreski etortzen dira. Jendeari gustatzen zaio. Bitxia dela esaten dute. tzen zaio. Bitxia dela esaten dute. Esaten digute azkenean ez duzula bazkaltzen joan zarenarekin, jende gehiagorekin bazkaltzen duzula, eta aberasgarria da. 

11. Zer azpimarratuko zenuke?
Hoberenak garela, zer esan behar dut nik. Larrartek daukana da, etxean sentiarazten saiatzen garela. Nik uste horretaz aparte antzekoak direla denak. Sagardotegiak probatu behar dira. Badira beti sagardotegi berdinera joaten direnak, baina probatu behar dira. Lan izugarria da, urte bateko lana hilabete batean ematen da, eta ez da okindegi batean labealdi bat gaizki ateratzen bada bota eta hurrengo egunean beste bat egin dezakezula. Hemen ezin duzu hori egin. Esaten dutenean hori txarra da; ez da txarra, agian zuri ez zaizu gustatzen. Aberasgarriena probatzea da.