“Zure seme-alabaren lagun bat etxera eramatea bezala da”

Guaixe 2024ko mar. 11a, 09:00

Luzi Gonzalez de Pedroso Saez eta Ana Balda Sanjuan. UTZITAKOA

Ama bakarreko familien egoera zaurgarria ikusita, behin-behineko laguntza eman daitekeela jakinarazteko hitzaldia antolatu dute. Ana Balda Sanjuan Gizarte Zerbitzuetako gizarte langilek hitzaldia zergatik antolatu duten azaldu du.

Luzi Gonzalez de Pedroso Saez hezitzailea eta Ana Balda Sanjuan Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Haurtzaroa eta Familia programaz arduratzen dira. Premia ikusita, Familia harrera Sakanan informazio hitzaldia antolatu dute, Etxarri Aranazko kultur etxean, martxoaren 14ko 17:30ean. Hitza hartuko dute Nafarroako Gobernuko Familia saileko ordezkari batek, bi harrera familia sakandarrek eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako ordezkari batek.

Zer da harrera familia?
Labur esanda, bere familiakoa ez den haur bat hartzen duena da. Haur horren ezaugarria da bere familia biologikoak, edo erreferentziazko familiak, ezin diola kasurik egin. Haur horrek badu familia. Baina edozein gauzarengatik, bere gurasoak ez daude, edo gurasoak ez daude ongi momentu jakin batean, edo beti, edo arazoren bat izan dezakete. Tarte horretan haur horiei bizitza normalizatu bat emateko, beste familia batek hartzen ditu. Haur horiek hartzen dituena da harrera familia. 

Harrera familia motak daude?
Familia motak baino gehiago harrera mota desberdinak daude. Hori hobeki azalduko dute hitzaldian, nik labur azalduko dut. Larrialdiko familiek bat-batean inongo familia erreferenterik gabe gelditu diren haurrak hartzen dituzte. Haur hori nora doa? Bada, momentu horretan haurra hartzeko prest dagoen familiara. Behin-behineko harrera ere badago. Kasu horretan ez dakizu guraso horiek noiz egonen diren prest haurra berriro hartzeko. Badago asteburuko harrera. Nahiz eta haurra familia batean bizi, asteburuetan haur hori hartzen duten familiak daude. Esaterako, nerabeak. Beharbada bere familia biologikoak balio etiko edo arazo batzuk ditu. Halakoetan, beste familia batekin asteburu pasa joaten da; beste balio batzuk, bizitzeko beste modu bat, beharbada, bizimodu osasuntsuagoak ezagutzeko. Betiko harrera ere badago, adopzioaren oso antzekoa dena. Azkenik, espezializatutako harrera dago. Horretarako eskakizun batzuk daude. Hartzen diren haurrak edo nerabeak jarrera edo osasun arazoak dituzte. Harrerak daukan berezitasuna da familia biologikoarekin ez dela harremana mozten; bisitak sortzen dira. 

Beti da hobea haur horiek familia batekin egotea gobernuaren erakunde batean baino?
Dudarik ez izan. Familia bateko giroa beti da askoz ere atseginagoa, osasuntsuagoa eta aberasgarriagoa ume batendako.

Hitzaldian eredu guztiak aurkeztuko dituzue? 
Nafarroako Gobernuko teknikariak datoz eta eredu denak aipatuko dizkigutela uste dut. Eskualdeko harrera familia pare bat ere animatu dira beraien esperientzia kontatzera; hori oso aberasgarria iruditzen zaigu. Azkenean, errealitatea zein den azalduko dute. Ez da oso luzea izanen. Informazioa beraiek ekarriko dute batez ere.

Zergatik antolatu duzue harrera familiei buruzko hitzaldia?
Nafarroan badaude harrera familiak. Baina haietako asko Iruñerrian daude. Sakanan ere baditugu. Baina gure esperientziagatik behar batzuk ikusi ditugu, batez ere amak guraso bakarra diren familietan. Amak eta bat, bi edo hiru ume elkarrekin bizi dira. Ama hori ongi ez dagoenean, asteburuetan lanean dagoenean... Halakoetan, haur horiek erreferentziarik gabe gelditzen dira. Esaterako, izan genuen kasu bat. Ama batek ebakuntza bat izan zuen. Inguruan ez zuen familiarik, eta hiru ume nora joan ez zekitela gelditu ziren. Azkenean, zentro batera joan behar izan zuten. Guk esaten genuen: ama ospitalean egon zen bost egun haietan, Sakanako edozein herritan egon daiteke familiaren bat haur ba t edo bi har ditzakeena. Horrela, umeek ikastetxean segi zezaketen, eta normal segitu beraien bizitza. Harrera mota guztiak ezagutarazi nahi ditugu. Baina azken hori ere ezagutarazi nahi dugu guk: oso-oso behin-behinekoa eta oso bat-batekoa, eta oso motzak izan daitezkeenak. Baina, aldi berean, oso lagungarriak direnak. 

Beraz, helburua da haurrek beraien bizitza herrian bertan egiten jarraitzea? 
Hori da. Zure seme-alabaren lagun bat etxera eramatea bezala da. Batez ere, pentsatuz hemen familia ez duten pertsonengan. Asko dira ama bakarrik duten familiak, osaba-izebarik, aitona-amonarik ez dituztenak. Tarteka pixka bat paper hori egitea da. Azpimarratu nahi dugu 14koa informazio bilera dela, joateak ez dio inori inongo konpromisorik sortuko. Informazio bilera da, besterik gabe. 

Edozein izan daiteke harrera familia?
Bai, printzipioz ez da ezaugarri berezirik behar. Nafarroako Gobernuak balorazio elkarrizketak-eta egiten dituzte, baina, berez, bai, edozein anima daiteke, umeak izan edo ez izan. 

Harrera familiek norbaiten laguntza jasotzen dute?
Nafarroako Gobernuak jarraipena egiten du. Babesa dute. Beharbada, diru babesa ere badute. Alde horretatik, jarraipena dago, ez zaude bakarrik. 

Zer onura ditu harrera familia izateak? 
Batez ere emozionala da. Zureak izan daitezkeen haur batzuk ongi daudela ikustea, bere familia biologikoak eman ezin diena zuk ematen diezula. Eta haur horiek ongi daudela, edo hobeki sentiarazi ahal dituzula.