2021. urtean Jon Maiak Kantu bat gara disko eta liburua kaleratu zuen. Bertan hiru hamarkadako ibilbidean egindako kantak bildu eta kantatu zituen. Ondoren, lan horretan oinarritutako bira egin zuen, eta kontzertuetan tokian tokiko kolaboratzaileez inguratzen zen. Orain Maiak Kantu berri bat gara lanarekin segida eman dio; lan honetan Gozategi, Negu Gorriak, Gari eta Pello Reparazen (Aurrera Altsasu) abestien bertsioak daude, baina beste guztiak berriak dira. "Identitate bat gara, nortasun bat eta kultura bat; hori da gai zentrala". Kantu berri bat gara kontzertua ere bada eta martxoaren 15ean, ostirala, 22:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean izanen da, "aurrekoaren estilokoa da egituran, gai asko tratatzen dira: elkartasuna, hizkuntza... Herri proposamena dela esango nuke".
Nola sortu zen 'Kantu berri bat gara'?
Lehendabizi pentsatu nuen ea merezi zuen bigarren lan bat egitea. Nire anbizioa ez da kantaria izatea, baizik eta mezu bat zabaltzea. Mezu hori ote neukan pentsatzea izan zen lehenengo pausoa; eta bai. Lehenengo lana kantu bilduma bat izan zen, eta ez zegoen diskurtso koherente bat. Honetan, berriz, koherentzia handia dago. Azkenean, nik Euskal Herriaren iraganari eta etorkizunari egiten diodan begirada da. Aurrekoan ez zegoen hori. Hori izan da nire motibazio nagusia. Gero ere asko bultzatu nau, noski, lehenengoak izan duen arrakastak. Joan garen toki guztietara aretoak bete dira, oso areto handiak tartean. Horrek beti animatzen zaitu; ikustea jendeari interesatzen zaiola eta jendeak harrera beroa egiten diola. Hirugarren arrazoia da talde oso ona daukadala, goi mailako musikariak dira (Gorka Hermosa akordeoilaria, Pello Ramirez biolontxelo jolea, Nacho Soto piano jolea eta sintetizatzailea eta Nerea Quincoces perkusionista eta ahotsa), eta beti ez duzu aurkitzen horrelako tren bat aurrera egiteko. Horrek ere animatu nau.
Nola izan da sortze prozesua?
"Kantuak pentsatu ditut kantuen aitzakiarekin egin dezakedan diskurtsoaren arabera"
Kantuak pentsatu ditut kantuen aitzakiarekin egin dezakedan diskurtsoaren arabera. Lehendabizi pentsatzen dut zer esan nahi dudan eta gero egiten dut kantua. Bereterretxeren kantutik abiatzen naiz. Euskaraz dagoen kanturik zaharrena omen da. 1400. urte ingurukoa da, eta nire galdera da nola izan den posible kantu hori 600 urtean zehar gurea bezalako herri zatituan eta historikoki zapalduan bizirik iristea Spotifyren garairaino inoiz idatzia izan gabe. Nola bidaiatu duen kantu horrek Zuberoko borda batetik datorren asteko Etxarriko kontzerturaino. Giza kate erraldoi bat dago hor atzean, eta, nire ustez, hor dago gure iraupenaren sekretua. Hortik abiatzen da diskoa. Bukatzen da Euskal Herria B izeneko kantu batekin, non hitz egiten dudan euskal nortasun berriei buruz eta euskara berreskuratzen ari diren herriei eta pertsonei buruz. Normalean Euskal Herria esaten dugunean ahaztu egiten dugun Euskal Herri horri buruz; bigarren mailako Euskal Herri hori. Diskoa euskal kantu zaharrenetik etorkizuneko Euskal Herri nire ideiaraino joaten da.
Ibilbide bat egiten duzu.
Bai, mezuz mezu. Kontzertuetan ere kolaborazioak daude, baita maitasun kantak eta denetarik ere. Beti saiatzen naiz herriko edo inguruko jendea izaten, eta oraingoan ere horrela izango da. Kolaborazio horiek bertan deskubritzen joango dira. Hori dena Balu izeneko kaleko grafitilariak egindako irudiez eta proiekzioez lagunduta. Oso iruditegi berezia sortu dugu lan honetan, eta nortasun handia ematen dio ikuskizunari.
Zein da helburua?
Ideia da herriz herri mezu hori zabaltzea. Entzuleari kontzientzia bat zabaltzea: herri txiki bat gara, hiztun gutxi gara, baina oso handia den historia batek elkartzen gaitu. Saiatzen naiz kontzertu bakoitza ahaztu ezina izan dadin lortzen, emozioz eta edertasunez beteta.
Zure lanik handiena dela esan duzu. Zergatik?
Dimentsio handiko lana delako: liburu bat da, disko bat da eta gero zuzenekoak daude hori guztia gizarteratzeko. Nik uste geruza asko dituen lan bat dela. Jende askok lan egin du lan hau gauzatzeko, kolaborazio asko daude (Itziar Ituño, Olaia Inziarte, Luis Pastor kantautore madrildarra, Mikel Kazalis, Maddalen Arzallus, Ibrahima Balde, Ulu media, Elizondoko Abesbatza Ttikia eta Silvio Rodriguez) eta kontzertuetarako ere lan handia dago, musikariak, kolaborazioak eta abar. Nire herri ikuspegi osoena da. Ehunetik ehunean nik erabaki dut nola izan behar den, eta horrek ematen du askoz pertsonalagoa izatea. Orain arteko nire lanik osoena eta sakonena da. Dokumentalak, diskoak, liburuak eta abar egin ditut, baina Kantu berri bat gara handiena da.
Nola uztartzen dira diskoa, liburua eta kontzertua?
Nik dena batera ulertzen dut. Kontzertuan liburua ez dago, baina kantugintzak hor daude, baita abestien azalpenak ere. Egin baino lehen nik dena batera pentsatzen dut. Kantu bat idatzi baino lehen ari naiz pentsatzen kantu horri esker zer esplikatu dezakedan kantuaren aurkezpenean, zer irudi eraman dezakedan proiektatuta, eta gero hasten naiz letrarekin. Musikarekin ere nire pistak edo ideiak ematen dizkiet musikariei. Dena batera pentsatzen dut, gero unibertso oso bakar bat osatzeko.