“Tramitazio guztia berriro hasi beharko lukete”

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko mar. 19a, 11:01

Plataformako kideek martxoaren 6an egindako agerraldian izan zen Amaia Erdozia Anso. UTZITAKOA

Goi tentsioko hiru linea proiektuen garapenean "fase transzendentalean" dagoela gaztigatu du Amaia Erdozia Ansok, Autopista Elektrikorik Ez! plataformako kideak.

Argindar lineen proiektuek administrazio baimenak jaso ondoren, haiei helegiteak aurkeztuko dizkietela jakinarazi dute plataforman dauden eta kaltetuak diren 24 udalek, tartean sakandarrak daude. Helegiteetan alternatibak aurkeztuko dituzte. 

Hasteko goi tentsioko lineako zein proiektu aurreikusita daude Sakanan gaur egun? 
Alde batetik, Red Electrica Españolaren (REE) 400 kW-eko linea bat eta, bestetik, Forestaliaren enpresako beste 2 linea. Biak baterabeste 400 kW izanen lirateke. 

Dagoeneko ibarrean bi linea badaude. 
Proiektu horien garapena luzea izan da. Urteak daramatzagu plataformatik proiektu horien kontra borrokatzen. Hainbat urtez REEko proiektua atzera botatzeko ahaleginetan ibili ondoren, gaur egun Sakanan dauden 220 kW-eko bi lineak kentzea lortu zen 2019an. Baina, bat-batean, REEren 400kW-eko linea horretaz aparte Forestaliaren beste bi linea proiektuak (Kyoko eta Ume edo Tebe) etorri ziren. Berriro borrokan hasi ginen, gure iritziz, halako proiektu txikitzaileak bateraezinak direlako landa eremuko garapen eta etorkizunarekin.

"Halako proiektu txikitzaileak bateraezinak dira landa eremuko garapen eta etorkizunarekin"

Zergatik egin nahi dituzte? 
REEk Castejondik Itsasora eramanen du argindarra. Forestaliarenak Zaragozatik datoz. Cinco Villasen eguzki eta haize indarra elektrizitatea bihurtzeko makro proiektuak egin behar dituzte. Argindar hori, alde batetik, Gasteizeraino eta, bestetik, Bizkairaino eramanen dituzte, handik Frantzian saltzeko. 

Plataforman zer duzue esateko?
Udazkenean ingurumen baimenak jaso zituzten. Baina baimen haiek oso-oso ezohikoak ziren, orain arte inoiz ikusi gabeak. Ingurumen baimenak eskatzen zien Forestaliaren eta REEren lineak dorre beretik joatea. Hori, orain arte, inoiz ikusi gabea zen, oso ezohikoa eta, gainera, harrigarria eta kezka asko sortzen dituena. Teknikoki ere ez baitute azaldu hori posible den, edo nola egin beharko luketen. Baimena jaso bai, baina dena airean gelditu zen. Hasieran bi enpresen lineak paraleloan proiektatu zituzten eta horrek inpaktuak handitzea zekarren. Udalek aurkeztutako helegiteak aintzat hartu zituztelako ingurumen baimenean aldaketa handi horiek eginarazi dizkiete, denak linea bakar baten bidez eramatearena. 

Orain baimen berriak iritsi dira.
Industria Ministerioak Forestaliako bi proiektuei eraikitzen hasteko aurre baimenak eman dizkie. REErena ere aurki iritsiko da. Azken horrek erabilera publikoko aitortza jasotzeko aukera du ere. Baimen horiek jasotzean, badirudi lanean has daitezkeela. Lehendabiziko pausoak ematen hasiko dira. Baina udalen arabera, badira helegitea jartzeko hainbat arrazoi.

"Oraingoa hasieran aurkeztu zen proiektuaren guztiz bestelakoa da"

Zein? 
Lehendabizi, ingurumen baimena jasotzeko jarri izan dizkioten baldintzak erabat aldatu dute hasierako proiektua. Enpresek egin beharko luketena ez daukagu oso argi nola egingo duten: linea guztiak dorre ilara bakarretik eraman nahi badituzte, ez dakigu ezta nola geldituko litzatekeen proiektua. Eta hori hasieran aurkeztu zen proiektuaren guztiz bestelakoa da. Eta, beraz, ezin dute aurrera jo beste ikerketa batzuk eta, berriro, beste ingurumen txosten berri batzuk jaso gabe. Jarriko ditugun helegiteen helburua da proiektu guztia berriro atzera botatzea. Eman duten aukera berri horren tramitazio guztia berriro hasi beharko lukete. 

Kontra egiteko arrazoi gehiago badituzue? 
Bigarren arrazoia da ingurumen inpaktuari buruzko txostena ez zegoela behar bezala osatuta. Eskatzen diren eduki guztiak ez zituen. Hori ere zuzentzeko moduko zerbait da. Aurreko bi arrazoi horiek kontuan izanik, herritarrek eta proiektuak kaltetutako udal eta kontzejuek ez dutela behar bezalako parte hartze eta informazio eskubiderik izan. Eta azken argudioa da hemen lege iruzur bat ere izan dela. Forestaliaren lineak ebakuaziokoak izan beharko lirateke. Baina, benetan, energia garraiatzeko lineak dira. Batak eta besteak tramitazio desberdina dute, eta horren kontra ere egiten du. 

Industria Ministerioaren aurre baimenei ere helegiteak? 
Forestaliaren Kyoko proiektuari helegiteak ilbeltzean aurkeztu zizkieten. Tebe egitasmoari oraintxe ari dira horretan. Eta REErenari aurkeztu bezain pronto hasiko gara helegiteak aurkezten.  

Esan duzunez, aurre baimenekin eraikitzeko bidea zabaldu da. 
Forestaliaren Kyoko eta Tebe lineendako aurre baimenek ez die oraindik lanean hasteko modurik ematen. Beste tramitazio batzuk jarraitu beharko dituzte. REE izanen da lanak hasteko aukera izanen duena, nolabait, beste baimen guztiak batera jasoko baititu. Hori aurreikusten ari gara. Eta hain da argi horrela izan litekeela, dagoeneko REEkoak Etxarri Aranatzen eta Bakaikun mugimendu batzuk egiten hasi direla. Hainbat lur sailen jabeengana joan dira. Haien dorreak jartzeko edo argindar hariak beren lurretatik pasatu behar dituztelako, dagoeneko kontratuak eskaintzen hasi dira.

"Jendeari eskatu diogu ez larritzeko, ez sinatzeko eta informazioa eskuratzeko"

Horren aurrean, zer?
Jendeari eskatu diogu ez larritzeko, ez sinatzeko eta informazioa eskuratzeko. Lehenik ikusi behar dugu nolako baldintzak eskaintzen ari diren. Esan bezala, helegiteak jarriko ditugu. Gure lanketa juridiko eta administratiboak aurrera jarraitzen du. Proiektuaren administrazio bidea ez da inolaz ere bukatu. Hor daude egindako tramite guztiak, helegite guztiak. Eta, oraindik ere, REEren baimena behintzat ez da publikoa, eta lortzen duenean bere proiektuari helegiteak jarriko dizkiogu. 

Nafarroako Gobernuak zer dio?
Duen eraginagatik, Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrenarekin bilera eskatu genuen. Otsailaren 27an izan zen bilera. Itzako eta Etxarri Aranazko alkateak, beste udal bateko zinegotziak eta plataformako abokatua joan ziren bilerara. Ikuspuntuak partekatu genituen. Alde batetik, bilera positiboa izan zen. Aierdik esan zuen Forestaliaren proiektuen kontra egingo dutela eta helegiteak dagoeneko aurkeztu dituztela. Baina REEren proiektua ongi ikusten dute, ez diote helegiterik jarriko. Hala ere, plataforma hobekuntzak egiteko aukerak ikusten dituen puntuak, REEri helaraziko ziela esan zigun. 

Gobernuarekin koordinatuko zarete? 
Hitzordurik ez, baina bai, sintonia nahiko ona izan zen. Adierazi genion ahal dugun edo behar duten heinean gure laguntza izango dutela, komunean ditugun irizpideetan lan egiteko. 

"Plataforman oso argi dugu bide legaletatik bakarrik ezin zaiela aurre egin horrelako mehatxu txikitzaileei"

Helegiteak erantzun bitartean, zer? 
Plataforman oso argi dugu bide legaletatik bakarrik ezin zaiela aurre egin horrelako mehatxu txikitzaileei. Horregatik, informazio, kontzientziazio eta mobilizazio kanpaina bat abiaraziko dugu, herritarrek kontzientzia hartu dezaten zer-nolako kalteak eta eraginak sortuko dituzten horrelako proiektuek. Horretarako udaberrian Alarma gorria, non lineas de alta tension lelodun kanpaina bat abian jarriko dugu, martxoaren 23an hasiko dena. Kaltetutako udalerrietako plaza guztietan elkarretaratzeak egin nahi ditugu, alarma gorri batez eta sirena hotsez; jendea ohar dadin, oraingoan bai, egoera larri batera iritsi garela. Hurrengo hilabetean informazio batzarrak egingo ditugu, herritarrek proiektuen eraginak errazago ikus ditzaten mapak argitaratuko ditugu. Eta kanpaina bukatzeko, apirilaren 27an, Iruñeko Gaztelu enparantzan, kultur elkarretaratze aldarrikatzaile berritzailea egin nahi dugu.