Aurreko urteetan bezala, aurten ere Etxerat-ek Sakanako Etxera eguna antolatu du. Apirilaren 6an izanen da. UPNk Etxarri Aranatzen duen zinegotzi Juan Frommknecht Lizarragak kritikatu egin du "Etxera’ kolektiboak antolatutako ETAko presoen aldeko ekitaldietarako Etxarri Aranazko Udalak espazio publikoak utzi izana". Zinegotzi erregionalistaren arabera, "udalaren babesari esker, Etxarri Aranatz Etxeraten herria bihurtuko da egun horretan".
UPNk zabaldutako prentsa oharrean Etxera Egunaren egitarauaren berri ematen da. Bereziki erreparatu dio Jaione Karrera abokatuak emanen duen hitzaldiari: Zer da salbuespenezko espetxe politika? Nola eragiten die Sakanako presoei? izenburua duena. Erregionalistak salatu duenez, hitzaldia "kultur aretoan" izanen da. Gogorarazi duenez, hizlariak "urtebete eta sei hilabeteko zigorra jaso zuen erakunde terroristan parte hartzeagatik, abokatuen BL kolektiboko kide izateagatik; ETAko presoei buruzko informazioa biltzen zuten eta ondoren erakunde terroristari ematen zioten". Frommknechtek gaineratu duenez, "abokatu kolektibo haren helburua ETAko presoen doktrinamendua zen eta presoek erakunde terroristarekiko zuten leialtasuna mantentzea".
Zinegotzi erregionalistak gogorarazi duenez, "ez da lehen aldia Etxarri Aranatz 'Etxera lurraldea' bihurtzen dena. Udalbatza osatu zen egunean, EH Bilduko hamar zinegotziek kolektiboaren ikurra erakutsi zuten argazkiak egiterakoan". Era berean, zinegotzi erregionalistak salatu duenez, "logo hori alkatearen bulegoan dago, neutraltasun politikoaren printzipioa urratuz". UPNk iragarri du martxoaren 21eko, osteguneko, osoko bilkuran eskatutako baimenei eta antolatutakoaren ondorioa udalak izan ditzakeen gastuei buruz galdetuko duela iragarri du.