Lizarrak XLVI. Cirilo Zunzarren Oroimenezkoa hartu zuen martxoaren 17an, igandea. Lasterketa Euskaldun Txapelketarako baliagarria zen, eta probak zituen 142 kilometroetan denetariko ihesaldiak eta saiakerak izan ziren. Horietako hainbatetan Rural Kutxa-Alea talde sakandarreko Mikel Uncilla etxarriarrak parte hartu zuen.
Azkenean, boskote bat iritsi zen helmugara eta Laboral Kutxako Ander Ganzabal gailendu zen esprintean (03:31:18), Rural Kutxa-Aleako Adria Regada, Telcom taldeko Pablo Ara eta Esetec taldeko Victor Castellanoren aurretik. Mikel Uncilla 22. sailkatu zen, lehen sakandarra, 43 segundora. Bere taldekide Martxel Etxeberria 43. iritsi zen, 4:59ra. Laboral Kutxako Adrian Martinez 59. sailkatu zen, 6 minutura. Rural Kutxa-Alea izan zen Cirilo Zunzarren Oroimezko talderik onena.