Afizionatuen mailako Zumarragako XXXII. Goñiren Omenezkoa torneo prestigiotsuko finalak martxoaren 27an, asteazkena, 18:30ean jokatuko dira Zumarragako Beloki pilotalekuan. Hiru final jokatuko dira: Txapelketa herrikoia, promesen mailako lau eta erdiko txapelketa, eta eliteen Binakako Txapelketa. Azken honetan finalista sakandarra dugu, Josu Igoa sakandarra. Igoak Beñat Garmendiarekin osatu du bikoa, eta finalean Ander Murua eta Aingeru Bernaola izango dituzte aurkari.
Txapelketa honek garrantzia handia du pilotari amateurren mailan. Egungo izar handiek bertan jokatu izan dute: Artola, Bakaikoa, jaka, Albisu, Mariezkurrena, Laso, Peña, Altuna, Arbizu, Elezkano, Elordi, Ezkurdia, Peio Etxeberria...
Beloki Pilota Kirol Elkarteak antolatutako Txapelketan aurten 32 pilotarik hartu dute parte, guztira, eta maila handiko txapelketa izan da. Finalak horren adibide dira. Txapelketa herrikoian Agirrek eta Tapiadorrek Ibarluzea eta Izagirre izango dituzte aurkari; Promesen Lau eta Erdian Sanchezek Apezetxearen kontra jokatuko du; eta Eliteen Binakakoan Igoak eta Garmendiak Muruaren eta Bernaolaren kontra jokatuko dute.
Finalak, zuzenean
Finalak zuzenean jarraitu ahal izango dira Kirolzale TV Youtube kanalean. Bestela, ETB4 kateak martxoaren 28an, osteguna, 12:00etan eskainiko ditu. Finala frontoian jarraitu nahi dutenek ondoko linkean erosi ahal izango dituzte, 10 eurotan: https://portal.kirolzale.eus/memorial-goni-2024