Aurretik entrenatu zenuten?
Km erosteko garaian goitik behera izateko eskatu genuen. Eta motzexeago bada ere ongi, bestela, behar bada, lotsagarri geldituko ginen. Niretako ordu hauetan esnatzea nahikoa normala da. Baina gure etxean kostatu da, txikiak-eta. Baina ilusio handiz esnatu dira. Ikastolara joateko baino ilusio handiagoarekin gaur.
Nola moldatzen zarete kilometroa erosteko?
Enpresak erosten du eta lekukoa eramatea zabalik uzten dugu. Bi etapa balira bezala egiten dugu. Seme-alabei protagonismo pixka bat uzten diegu, haiek ere ilusioa dute. Beraiek ere hau bizi dezatela, gauza polita baita. Eta beste km erdian nahi duen langileak eramaten du. Bestela, zozketa. Baina ez da arazo handirik egoten.
Zergatik erabaki duzue parte hartzea Korrikan?
Korrikan parte hartzen dugu beti, baina badira urte batzuk km hartzen dugula. Eguneroko erreminta bat da gure euskara. Sentimendu bat ere bai. Eta erronka bat ere, bai lanean, bai pertsonalki, baita bizitzan ere; beti bizi izan duguna. Gaur ospatzeko eguna da. Eta berriro ere indarrekin aurrera segitzeko.
Zer garrantzia du euskarak zuen barne dinamikan?
Gurasoengandik hasita, beti bizi izan dugu euskararen garrantzia beste hizkuntza guztien gainetik. Lan munduan saiatzen gara ahal den guztia, oztopo guztien gainetik, euskara bulkatzen. Gu esnekiak egiteaz aparte, euskara oso-oso presente daukagu. Langileen artean euskaraz egiten dugu, denok euskaldunak gara. Haserreak ere egoten dira bakarren batek joerarengatik erdaraz hasten denean. Bai Euskarari eta horrelakoetan parte hartzen dugu. Baina beti egoten da non hobetu. Administrazioarekin zaila izan dugu, oztopo asko izan ditugu, arazoak ere, disgusturen bat ere, isunen bat ere. Baina, beno, euskaldunok buru gogorren fama badaukagu, eta horrela segi dezagun.
Korrikaz aparte, zer gehiago behar du euskarak?
Korrikak pizten duen sentimendu, ilusio eta konpromisoa iraunkorra izatea buru gogortasun pixka batekin, administrazioak nola gizarteak biak euskarari jartzen dioten oztopoei aurre egiteko.