Korrikak Azterketak Euskaraz kolektiboa omendu du 2024ko edizioan. Jon Goikoetxea etxarriarraren familiak gertutik ezagutzen du Seaskako ikastolen aldarrikapena. Goikoetxea duela 14 urte Azkainen, Lapurdin, bizi da. Amaia Saez, bere bikotekidea, Baionakoa da, eta bere semealabak Azkainen jaio dira. Saez Ziburuko Piarres Larzabal Kolegioko irakaslea da, eta Haitz 13 urteko semeak ere bertan ikasten du; beste bi haurrek ere, Lurrek (10 urte) eta Arteak (7 urte) Seaskako ikastolan ikasten dute.
Nolakoa da iparraldeko hezkuntza sistema?
Amaia. 11 urtera arte ikastolara joaten dira, ondoren 11 urtetatik 15era kolegiora eta hortik aitzina lizeora joan behar izaten dira gure ikasleak, 18 urte bete arte. Gure ikasleentzako aukera bakarra euskaraz segitzeko Baionako Etxepare Lizeoa da, beraz, gehiengo bat Baionara joaten da.
Zer dago Azterketak Euskaraz aldarrikapenaren atzetik?
A. Gure sisteman bi azterketa nagusi daude, bat 14 urterekin pasatzen dena, Brebeta, eta beste bat, 18 urterekin egiten dena, Baxoa. Aldarrikapen hau aspaldikoa da, ikasle nintzen garaian mahai gainean zegoen. Zergatik? Eskubidea ematen diguten ikasketak euskaraz egiteko, bai didaktika mailan bai kurtsoetan dena euskaraz errezibitzen dute, baina gero azterketa horiek frantsesez egitera behartu nahi dituzte. Brebetaren kasuan, oker ez banaiz, 1995ean onartu zen matematika eta historia euskaraz erantzuteko eskubidea, orduan zuzendu ahal zitzaien euskaraz, baina geroztik atzerapausoak eman ditugu. Erreforma bat erori zitzaigun duela sei edo zazpi urte Brebetan zientziak ere sartzen zituztena; baina atzerapausoak eman dira eta zientziak ez dituzte onartzen. Hala ere, ikasleen gehiengo handi batek euskaraz erredaktatzen dituzte azterketak, jakinez gehienetan ez zaiela onartuko zuzenketak egitea. Nota nahiko baztertzaileak jaso dituzte. Seaskako sisteman saiatu gara konpentsatzen beste modu batean. Adibidez, iaz onartu zitzaien euskaraz erredaktatzea, baina aurten arau ofizialak jaso ditugu eta lege berriaren arabera ikasleek azterketak frantsesez jasoko dituzte, eta euskaraz erantzuterakoan penalizatuko dituzte. Hori Brebetarekin. Baxoari dagokionez oraindik beste erreforma baten inguruan dago gakoa. Erreforma bat izan zen Lizeoan duela urte batzuk, eta euskaraz aurkezten ahal zituzten hainbat ahozko. Gaur egun ezin dira euskaraz aurkeztu. Are gehiago, gai batzuk, euskara adibidez aukera gisa aurkeztu behar dute, eta ezin dira euskaraz aurkeztu. Kontraesan handiak daude horren inguruan. Hau gertatzen da jakinez Europa mailan lege bat dagoela erraten duena zuk ikasten duzun hizkuntzan azterketak pasatzeko eskubidea duzula. Gu hortik biziki urrun gelditzen gara.
Beraz, zein da egoera?
A. Beste erreforma bat egin dute eta orain arte ikasle batek Brebeta izan edo ez Lizeora sartzeko eskubidea zuen bere ikasturteko bataz bestekoa kontuan hartuta. Orain lege berriak idazten ari dira, eta datorkigunaren arabera, datorren ikasturtetik aitzina, Brebeta beharrezkoa izango da Lizeora pasatzeko. Horrek ekarriko du Brebeta ez duen ikasle batek ezingo duela, normaltasunez behintzat, Lizeora pasa. Hau dena zehazteke dago, baina zentzu horretan goaz. Horrek erran nahi du Brebetak ikasle baten ibilbide eskolarrak baldintzatuko duela, eta ondorioz gure problematika areagotuko da.
Korrikak Azterketak Euskaraz mugimendu omen du. Zer iritzi duzue?
A. Iritzi baikorra, dudarik gabe. Jadanik mahai gainean zegoen egoera bat oraindik gehiago aitzina eman du, azken urteetan beste gune eta eremu batzuen sostengua errezibitu dute ikasleek eta irakaskuntzak, baina orain Korrikaren pasatzearekin oraindik are gehiago errezibitzen ari gara. Pozgarria da bakarrik ez gaudela sentitzea. Bestalde, erran behar da hemen Iparraldean ikastolen gainean erori den problematikatzat hartzen duela jendeak, eta lehenengo aldiz hemen gure inguruan ikusi dugu beste eskoletan ere Azterketak Euskaraz banderola egiten eta denen eskura dagoen egoera bat dela. Izan ere, problematika ikastolen sistematik aparte dago. Hemen Ikasbi dago, eta ikasle hauek ez osorik baina parte bat euskaraz ikasten duten heinean hauek ere ukituak dira, ezin baitute azterketarik euskaraz egin.
Jon. Korrikaren aurretik Nafarroa Oinezko San Ferminetako gunean txupinazoa bota zuten Azterketak Euskarazekoek, eta beste pausu bat eman da. Gehiago zabaltzen ari da, eta gehiago jakinarazten ari da hemen zer arazo dagoen.
Guraso gisa nola bizi duzue egoera?
J. Gaizki. Gainera, Hegoaldetik etorrita bertan aukera gehiago daudela ikasketak hasieratik bukaeraraino euskaraz egiteko… Honuntza ailegatu, eta egia esan ez nekien nola funtzionatzen zuen; bertan eta barnean zaudenean eta ikusten duzunean zer injustizia den ikasketak parte bat euskaraz egin ahal izatea eta gero kontuan hartzen den momentuan, azterketaren notarekin, ezin euskaraz egin ahal izatea, gaizki bizitzen duzu, badakizulako ez dela egoera justu bat.
"Badakigu arazoa erabaki politiko bat dela; bigarren mailako biztanle sentiarazten digu"
A. Guraso gisa injustizia handi bat bezala bizitzen dut. Iruditzen zait gure semealabei besteei baino aukera gutxiago ematen zaizkiela, eta tristea iruditzen zait nire garaiko borroka bat oraindik mahai gainean izatea. Aukera guztiak daude horrela ez gertatzeko, eta badakigu arazoa erabaki politiko bat dela. Azken finean, bigarren mailako biztanle sentiarazten digu.
Haitz. Niretzat zailtasun bat gehitzea da ikasketa prozesuan, eta gaizki bizitzen dut.
Zertan tokatzen zaizue inplikatzea?
J. Azterketak Euskaraz mugimenduan egiten diren mobilizazioetan eta deialdietan parte hartuz; manifestazioak, elkarretaratzeak eta egiten diren gauza guztietan. Orain dela urte bat egoitza publikoetan sartzea izan zen, eta Bordelera ateraldiak egin dira bertan Irakaskuntzako prefektura dagoelako eta handik mugitzen da gure zonaldearendako guztia. Ikastolan, Hegoaldean bezala, lan txandak egiten, bulegotan parte hartu, hainbat komisiotan...
Zein da Iparraldeko ikastolen egoera?
A. Orokorrean ikastoletako ikasle kopurua goraka doa. Baina medioak geroz eta txikiagoak ditugu, eta urtez urte erortzen zaizkigun erreformen ondorioz, gure irakaskuntza propioa kinka larrian da. Hemen euskara ez da ofiziala, eta horren ondorioz gure ikasleek hainbat injustizia pairatzen dituzte beste hainbat arlotan.
Nolako etorkizuna aurreikusten duzue?
Haitz. Etorkizun ona baina zaila. Ona, geroz eta jende gehiago doalako ikastoletara eta gehiago inplikatzen delako. Baina zaila ez digutelako erraz jartzen, eta beraz borrokatzen segitu beharko da.
A. Semeak errandakoa. Sinesten dut eredu honetan eta euskaraz bizitzeko aukera eta eskubide osoak ditugula Iparralde guztian ere. Aldiz, akigarria dela aitortzen dut, pauso bat aitzina ematen dugunerako bi atzera egiten duelako. Hau eguneroko borroka da.
J. Esan bezala, ona geroz eta ikasle gehiago daudelako, eta gure gertuko kasuan ikusten dugun lehen ikastolarekin lotura ez zutenak, familia euskaldunak baino ikastolarekin lotura ez zutenak, ikastoletan hasten ari direnak. Orduan jendeak sinesten du, eta jendearen inplikazioaren aldetik ona. Baina alde batetik eta bestetik trabak jartzen dituzte, eta lan egin behar da.