Udaberriko eta udako asteburuetan Etxarri Aranazko plaza musikaz betetzen da Musika plazan egitasmoari esker, eta aurten lehenengo kontzertua apirilaren 13an, larunbata, 20:00etan izanen da: Trikidantz. Emanaldia A13 herri egitasmoaren eta galdeketaren urteurrenaren ospakizunen barruan izanen da ere.
Trikidantz taldeak 2023. urtean kaleratu zuen Bixi bixi bideoklipean, gainera, Etxarri Aranatz agertzen da; herriko plazan, Leitzan eta Aurtitzen grabatu zuten, egun bakar batean. Arkaitz Mindegia taldeko kideak azaldu zuenez, "10:30ean, Sakanako fresko horrekin, nor agertu behar zen?". Hogei bat pertsona, adin desberdinetakoak, agertu ziren. "Leitzan eguerdi aldean jende ugari elkartu zen, eta Aurtitzen ere bai".
"Esan beharra dago eguneko portzentai handia emakumezkoak direla, eta gizonezkoak ez direla ausartu bideklipean parte hartzera". "Batzuk" bazirela gaineratu du: "Ze penda da ez badaukagu basoa eskuan ez animatzea parte hartzera". Etxarri Aranatzen esan omen zuten auzatearekin agian gehiago animatuko zirela. "Egia da auzateak laguntzen duela. Ikusten da jendeak ongi pasa zuela eta guk ere gustura pasatu genuen. Balorazio positiboa egiten dugu". Bideoklipean agertu ez ziren "guraso, senide eta abarri" eskerrak eman die Mindegiak ere. Egun horretan taldekideak ere "orde dezente" pasa ziuzte elkarrekin, eta elkar gehiago ezagutzeko aukera izan zuten.
Bixi bixi kantak taldearen ibilbidea azaltzen du; musika taldeak egin du eta letra Amaia Agirre bertsolariak.