Betidanik izan duela nobela historikoarekiko zaletasuna esan du Juan Luis Larraza Lakunza etxarriarrak. "Erdal idazle klasikoak irakurri ditut, bazterrean utzi gabe, zalantzarik gabe, Toti Martinezen nobelak, batez ere Nafarroarekiko lotura duten guztiak, eta azken urteetan Nafarroaz asko aritu den Begoña Pro Uriarte nobelagilearen lanak". "Handik eta hemendik" edan duenarekin, aspaldi pentsatuta zeukan ideia bati forma ematera animatu zen. Horrela sortu zuen Bernoa, XIII. eta XIV. mendeetako Etxarri Aranatzen oinarritzen den eleberri historikoa. Apirilaren 17an, asteazkena, 19:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean aurkeztuko du. GK KOMUNIKAZIOAk argitaratu du liburua.
Zergatik Etxarri Aranatzen oinarritutako nobela historikoa?
Betidanik izan dut kezka historikoa. Lanbidez tokatu izan zait, zortea izan dut, Nafarroa behetik gora eta eskuinetik ezkerrera ibiltzea, leku asko ezagutu dut, historia asko, herriak eta bazterrak, eta beti aurkitu dut erreferente historiko bat leku horietan. Gero Etxarrira etortzen nintzenean, asteburuetan lagunekin afaltzera, konturatzen nintzen herrian ez zegoela erreferentziarik, ez zegoela historiarik. Ez bakarrik Etxarrin, Sakana osoan. Hasten bagara begiratzen, ez oso urruti ere, 1500. urteetara, Nafarroak bere askatasuna galdu zuen urteetara, dirudienez gaztelarrak hemendik pasatu ziren eta gu ez dakit non geunden. Niri erdi broman beheko herrietan erdi broman esaten zidaten ea non geunden egun hartan, eta San Adriñ edo San Pedro eguna izango zela eta erromerian egongo ginela esaten nien.
"Zerbaiten falta sumatu izan dut, eta horrek historian begiratzera eraman nau"
Zerbaiten falta sumatu izan dut, eta horrek begiratzera eraman nau. Zer daukagu herrian? Paisaia eder bat, leku zoragarri bat, beste asko bezala, baina guretzat gurea; badauzkagu haurtzaroan bizi izan ditugun istorio asko, eta baditugu ermita batzuk eta oraindik ospatzen ditugu erromeria batzuk. Gure gurasoengandik ere istorio asko jaso ditugu. Etxarri sortu omen zen inguruan zeuden herri guztiak batu zirelako, eta haien oihartzunak dira mantentzen diren ermitak eta erromeriak. Ez dut ukatuko zer esan handia izan duela nolabaiteko historia hori gureganaino iristen Rafael Karasatorrek egin izan duen lana. Kontuan eduki beharreko pertsona bat da, oso ongi jantzita dagoena, ez Sakanan edo Etxarrin bakarrik, baizik Nafarroa osoan egin dituen lanak oso kontuan hartzekoak dira. Berak ere argitxo hori pizturik mantendu du. Detaileak dira; mahai batean aurrean, orri zuri baten aurrean jarri eta ea zer ateratzen zaidan lagundu didaten detaileak.
Nolakoa izan zen idazte prozesua?
Egia esan, lehenengo lau orriak tirada batean egin nituen, eta ez zitzaizkidan gehiegi gustatu, baina hor gelditu ziren. Hilabeteak pasatu ziren, eta nolabait gure herrialde honetan euri asko egiten duen, euria egiten zuen beste egun batez berriro hasi nintzen eta jarraipena ematen hasi nintzaion. Horrela, euria egiten zuen aldioro idazten eta idazten jartzen nintzen.
Zertan oinarritu zara?
"Lotura hori emateko ez zitzaidan gauza hobeagorik irudit, galtzada baino"
Etxarrin ez daukagu historiarik. Bai badauzkagu ukitu edo pintzelada batzuk. Pintzelada horiek jarri ditut. Horien gainean eraikina eraiki dut, eta eraikin horren gainean jarri ditut nire pertsonaiak. Pertsonaiek garra dute, ederrak dira, interesanteak dira, biziak dira eta euskaldunak. Oso euskaltzaleak dira. Bigarren atal batean, nobelari bide bat eman behar nion; nolabaiteko lotura bat. Lotura hori emateko ez zitzaidan gauza hoberik iruditu Bernoako galtzada baino. Orain dela urte batzuk deskubritu nuen Etxarriko talde batek galtzadan indusketa lanak egin zituztela, eta iruditu zitzaidan gauza zoragarri bat. Orduan pentsatu nuen nik kontatu nahi nuen haria bideratu ahal izateko galtzada behar nuela: beheko galtzada behetik doana eta goiko galtzada Urbasatik doana. Aralar eta Urbasa elkartzen ditu. Kontuan izan behar dugu guk Urbasarekin harreman handia eduki dugula betidanik, eta hemendik gutxira Maiatzaren Lehena ospatuko da, zentzu handiko eguna eta nik nobelan oraindik handiagoa eman diodana. Espero dut jendeak gustukoa izatea. Galtzada lapurren bidea zela esaten dute, eta nik erreferentzia horrekin zerbait atseginagoa egin nahi izan dut, eta zentzu txar hori eman ordez, zentzu baikor bat eman diot. Etxarriarrok kontrolatzen genituen Ataungo gaztelua eta Aralarren zegoen Ausako gaztelua. Hor gertatzen diren istorioak ezin ditut aurreratu...
Pertsonaiak nolakoak dira?
"Pertsonaiek garra dute, ederrak eta interesanteak dira, eta euskaldunak dira"
Pertsonaiak pilo bat dira. Bi pertsonaia nagusi daude, baina ez dira hasieran ateratzen. Sortu ditudan pertsonaiak asmatutakoak dira, denak, nahiz eta izen batzuk bizirik dauden herritar batzuen izenak diren. Baina, betiere, markatzen dut izenek ez dutela zerikusirik bizirik dauden pertsonekin, kontuan hartuz Erdi Aroaz ari garela. Pertsonaiak sortu nituen, eta pertsonaia horiekin jolasean hasi nintzen eta istorioak asmatzen hasi nintzen. Batak beste bat ekarri zuen, gero pertsonaia bat galdu nuen, nahita, jakina, eta beste batzuk etorri ziren. Hor korapilo bat sortu zen, eta azkenean borobildu ahal izan nuen, betiere kontuan hartuta erreferente historikoak. Nobela historikoa dela esaten dugunean horregatik da, erreferentzia historikoak dituelako kontakizunak.
Pertsonaiak erreferentzia historikoetan sartu dituzu?
"Pertsonaiak sortu nituen eta horiekin jolasean eta istorioak asmatzen hasi nintzen"
Erreferentzia historikoak hain gutxi izanda horiek oso kontuan izan ditut eta mimatu ditudala esan daiteke. Oso kontuan eduki ditut, eta horren inguruan gertatu dira gertatu diren istorioak. Horren inguruan dantzatu dira pertsonaiak. Erreferentzia historiko gutxi horiek, oso gutxi direla, oinarrizkotzat izan ditut. Gainera, batzuk aldatu ditut eta notatxoa jarri dut azalduz ez zela horrela izan. Nobela da, ez historia; nobelak dena aguantatzen du. Pena bat da erreferentzia historiko gehiago ez izatea. Nafarroako Artxibo Nagusian tanteo batzuk egin ditut, eta bilaketa batzuk egin ditut, eta orain arte idatzi dudanari buruzko data edo detaile gehiagorik ez dut aurkitu. Zertxobait beranduxeagokoa bai, eta aterako dugu.
Kontuan hartuz erreferentzia gutxi daudela, zergatik Erdi Aroa?
Hori oso gauza pertsonala da. Niri Erdi Aroa izugarri gustatzen zait, nobela historikoa izugarri gustatzen zait, eta irakurri dut, ez dut dena esango, baina bai asko; Aragoi, Bizkaia eta inguruko herrialdetako nobela historiko asko irakurri ditut. Beti eduki dut horrelako inbidia bat. Zergatik ez dugu guk horrelako erreferentzia bat izan behar? Badakigu asmatutakoa dela, ez dela egiazkoa, baina noizean behin bizitza honetan ilusioz bizitzea ere interesantea da, eta ilusio hori lortzen badugu paperean jartzea eta lerro bat bestearen ondoren jartzean forma ematea, interesgarria izan daiteke. Hori nuen aspaldian buruan.
Irakurleek agertzen den Etxarri ezagutuko dute?
"Zer, noiz, nola eta nork galderak erantuzten dituzte pertsonaiek liburuan zehar"
Kontuan izan behar da erreferentzia nagusia Etxarriren sorrera dela. Etxarri gaztelu bat zen, hor toponimiak markatzen duen tokia Dorremuino bat dago. Toponimiekin eta izenekin jolastu naiz asko. Zergatik da Dorremuinoa? Zerbaitengatik izan da. Jauregia zegoen Etxarrin; non zegoen? Halako tokitan esan digute beti. Eliza zegoen, non? Herri harresitua zen, eta nork egin zuen harresi hori? Nork ordaindu zuen? Etxarri erreferentzia zentrala da, herria, horregatik. Zer, noiz sortu, nola eta nork galderak bota nituen. Zer? Herria. Noiz? Erdi Aroan. Nola sortu zen? Erregeen diruarekin? Ez. Erriberako jauregiak Nafarroako Erregeek ordaindu zituzten, baina hona ez ziren inoiz etorri, ez zuten dirudik jarri. Nork? Pertsonaiak egon behar zuten. Galdera horiei erantzuten diote liburuan agertzen diren pertsonaiek.
Idazteko orduan galdera horiek ere jarraitu dituzu?
Ez. Publizitatean pentsatzen hasi nintzenean, nola sortu herritarrengan nolabaiteko kezka, etorri zitzaizkidan horiek burura. Ni Etxarrikoa naiz, eta Etxarri gehi Arañaz, ñrekin, eta lau galdera hauek egiten badizkiot nire buruari, herritar bezala kezkatuko nintzateke. Interesgarria dirudi.
Noiz hasi zinen liburua idazten?
Egia esan, hiru urte eraman dizkit. Eskertu nahi dut herrian pelmada aguantatu didaten lagunak, kuadrillakoak, afarietara joaten ginenean hasten nintzelako: leku honetan egon zarete? Nondik igotzen da? Eta beste hau... Lagun arteko afarietan dokumentazioa bildu izan dut. Etxarriko indusketa taldeak ere dokumentazio bat edo beste eman dit. Jasotzen nuen dena, isil isilik, eta gero etxera iristen nintzenean apuntatzen nuen. Irteerak egiten ere saiatu naiz, baina belaunak ez dit aukera gehiegi eman. Txirrindulan gerturatu naiz. Gainera, toki horiek erabili izan ditugu txikitatik ganaduarekin ibiltzen ginelako, eta haurtzaroa kalean pasa dugu, euria egin edo elurra egin.
Bizitza osoan jasotakoa islatzen ere saiatu zara.
Gure haurtzaroan, gure garaian, ez zegoen ez telebistarik ez telefonorik, orduan, guregana iritsi ziren kanta batzuk, jolas batzuk eta bizimodu batzuk... Nik betidanik izan dut gogoa horiek jasotzeko. Baina nola jaso? Bananbanan ez dute garrantzia handirik, ez dute hamar orriko kodernotxorik osatuko. Baina honekin hasi nintzenean, bikain etorri zitzaidan: haurtzaroko kantak, abestiak, jolasak eta bar sartzeko baliatu nuen, eta hor geldituko dira liburuan.
Bigarren zatia egongo da?
Bai, egongo da bigarren zati bat. Nafarroako artxibategian egiten ari naizen ikerketan materiala oso interesgarria atera da. Inork ezagutzen ez genuen dokumentazioa atera da, eta hari ere forma ematen nabil.