Herri galdeketaren hamargarren urteurren ospakizunean, apirilaren 13an, erabakitze eskubidearen alde egiteko dinamika abiaraziko duela jakinarazi zuen Gure Eskuk, eta herrietan aktibatzeko deia egin zuen. Eguerdian egin zen ekitaldian A13 herri ekimenaren izenean Susana Suredak ziurtatu zuenez, "Etxarri Aranatz euskias bizi nehi daun herriye da… euskias ta libre, euskias ta bakien, euskias ta elkartasunien, eukias ta batuik gu aniztasunien". Duela hamar urteko herri galdeketaz esan zuenez, "ariketa abiatsa izendu zan hure, asko ikesi giñuben elkarrekin. Baliyo izan zigun urtetako inertziak gu artien zabaldutako arrakala ta zauriyek ixten hasteko, ezberdiñek ganak batia aittuz gauza asko ta haundiyek ein dezazkegula jabetzeko; herri bet denok osatzen diaula ta denon artien aurria atia biher diaula ikusteko".
Kultur etxean batzarra egin zuen Gure Eskuko bozeramailek Josu Etxaburuk azaldu zuenez, "2014ko apirilaren 13an olatu txiki bat hasi zenEtxarri Aranazen, erabakitzeko eskubidearen aldeko olatu txiki bat. Jarraian, beste 207 herrik lekukoa hartu zuten eta olatu txikia erabakiaren uholde bilakatu genuen. Soilik gure baliabideekin, 208 herritan miloi bat herritarrei eman zitzaien bozkatzeko aukera, eta 218.000tik gora lagunek sartu zuten haien botoa hautestontzietan".
Etxaburuk ziurtatu zuenez, "erabakitzeko eskubidea gauzatzeko baldintzak adostea bat dator demokraziaren oinarri eta balioekin. Ez adostea, ordea, antidemokratikotzat jo daiteke". Gure Eskuko bozeramaileak dei egin zuen "herri libre bat izan nahi dugula erakusten" jarraitzera. Aldi berean, "gure artean saretu behar dugu, lurraldeen artean elkartu, norabide bera hartuz eta elkarrekin erabakiaren bidean aurrera pausuak emanez. Subiranotasun auziari heltzeko aukera guztiak baliatu behar dira". Azken deia ere egin zuen: "datozen hilabeteotan antolatuko ditugun mobilizazio eta ekimenetan parte hartzera deitu nahi zaituztegu".