Nafarroako Sinboloei buruzko Foru Legearen 5. artikuluari eta Toki Entitateen Antolaketa, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoari buruzko Erregelamenduaren 85. artikuluari jarraituz, UPNk Etxarri Aranazko Udalean duen zinegotziak, Juan Frommknecht Lizarragak, epaitegian errekurtsoa jarri zuen. Zinegotzi erregionalistak argudiatu zuen lege horiek betetzeko udaletxeko bilkura aretoan nahitaezkoa zela Nafarroako eta Espainiako banderak eta erregearen irudia jartzea. Udalak halako lege betebeharrik ez zegoela adierazi zuen.
Nafarroako Administrazio Auzitegiak UPNko zinegotziari arrazoia eman dio eta, legea betetzeko, Etxarri Aranazko Udala behartu du bilkura aretoan Nafarroako eta Espainiako banderak jartzera, baita Erregearen irudia ere.