Etxerako egur loteak eskatzeko epea zabalik dago

Guaixe 2024ko api. 29a, 11:54

Etxarri Aranazko ikuspegia Utzubar aldetik. ARTXIBOA

Maiatzaren 17ra arte egin daiteke eskaera, eskabide orria beteta eta ordainagiria aurkeztu behar dira. 

Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi du herri lurretako basotik etxeetarako egur loteak banatuko dituela. Haietako bat eskuratu nahi duen familia unitateak honako baldintzak bete beharko ditu: eskatzailea adinez nagusia edo adinez txiki burujabetu nahiz juridikoki zilegitua izatea; udal erroldan izen emanda egotea bi urteko antzinatasunaz, Etxarri Aranatzen bizitzea urtean bederatzi hilabetetan gutxienez eta udalarekin inolako zorrik ez izatea. 

Lote bakoitzak 44 euro balio ditu. Dirua udalaren kontu korronteren batean sartu behar da eta hori egin ondoren ordainagiria udaletxean aurkeztu beharko da, eskabidearekin batera. Garai zkanpo egindako eskaerengatik 60 euro ordaindu beharko ditu eskatzaileak. Eskabideak aurkeztuta, egur loteak zozketa bidez banatuko ditu udalak. Zozketaren eguna eta ordua eta emaitza bandoen bidez jakinaraziko du. Etxebizitza herritik 7 kilometro baino gehiago duenari esleipen zuzena egingo diola ere jakinarazi du.

Lotea egiterakoan hartzaileek honako baldintzak bete beharko dituzte: ezin da zuhaitzak bere arramekin arrastaka atera, kalterik sortuz gero lotearen jabea izango da erantzulea; pistara eta ezpondara eroritako arramak kendu beharko dira; lotea moztu eta gero geldituko den tokoia ezin da 10 zentimetro baino handiagoa izan; loteak ateratzeko epea garilaren 1etik eta irailaren 30era izanen da, epe horren barruan aterako ez balitz, lotea udalaren eskuetara pasatuko litzateke. Hala ere, epeak aldatzen badira interesdunei bandoaren bitartez jakinaraziko zaie. Bestalde, lotea egiterakoan, bideak eta mendia ez kaltetzeko, eguraldi txarra dagoenean eta egun euritsuak direnean ezin izango da mendian lan egin. Gainera, lotearen esleituak ardura osoa bere gain hartuko du, bai berak hartu dezakeen kalteez edota beste pertsonei sor diezaiokeen kalteez. Era berean, istripuak ekiditeko segurtasun neurriak kontutan izango duenaren konpromisoa hartuko du. Etxarri Aranazko Udalak ez du inolako ardurarik izango esleipen honek ondorioak izan arren. Azkenik, esleitutako egur lotea norberak aprobetxatu beharko du, egurra saltzea beti ere debekatuta dago.