Agur, Maribi

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Igoa Goñi 2024ko mai. 6a, 10:16

Gerraosteko izu eta eskasian aurrera egitea izan zen Maribiren lehen bizi ikasgaia. Gaztaroan, langile eta askatasunen aldeko borrokek zipriztinduta, frankismoaren orri beltza pasa eta etorkizun hobeago baten peskizan. Ilusioz gainezka ekarri zituen seme-alabak, berak izan zuena baino bizitza hobeagoa eskaintzeko gogo biziarekin. Maitasunez hazi zituen seme alaba horiek beraien bidea ibiltzen hasi ziren. Maribiren ahaleginei esker sortutako Etxarriko ikastolan, besteak beste.

Aitzitik, itxuraldatua agertu nahi bazuen ere, betiko zapalkuntzarekin egin zuten topo, eta etxeko sehaskan edoskia zuten borroka emariari heldu  zioten. Ama beti bidelagun izango zuten. Konplize. Amari kostako zaio ulertzea borrokan engaiatu den seme edo alabaren barne bulkada. Barru barrutik galdera batek kolpatuko dio bihotza….. Zergatik konplikatu horrela bizia, seme? Baina malkoekin batera irentsiko du galdera hau ere. Berak agian ez du ulertzen, baina badaki maitasunak, eskuzabaltasunak eraman duela alaba edo semea borrokan konprometitzera. Badaki borrokarako hautua egin duen semea denetan sentiberena dela, umetan galdera gehien egiten zituena, negar gehien egiten zuena, injustizia ororen aurrean asaldatzen zena.  

Eta semea preso ikusi duenean, amak berarekin bat egitea erabakiko du. Ama izango da presoak kalean dituen begi, belarri eta mingain leial eta zintzoena. Ama zapia lepora lotu eta kalera aterako da, atez ate ibiliko da entzun nahi duen guztiari semearen egoera eta borrokaren berri ematen. Elizara joanen da, eta udaletxera, eta herriko elkarteak bisitatuko ditu. 

Semea libre ez ikustearen arantzarekin joan zara. Hori zurekin dugun zorra. Gainontzekoan, harro egoteko modukoa da hemen utzi duzuna, hemen utzi dituzunak. Ama baino askoz gehiago izan zara, Maribi.

 Eskerrik asko zure borrokagatik, eskerrik asko Herria egiteagatik! Garaipen egunerarte!