Pello Mariñelarena Imaz 1993. urteko maiatzaren 15ean hil zen Parisko espetxe batean, salbuespeneko espetxe politikak gaiztotu zion gaixotasun baten ondorioz. Berrogeita bost urte lehenago, beste maiatzaren 15 batean, Israelgo Estatu sionista sortu zen, Palestinako Herriak "hondamendiaren eguna Nakba" izenez gogoratzen duen data, 700.000 palestinarren ihesa eragin zuelako. Bi efemeride horiek bat egiteak aukera egokia eskaintzen digute Euskal Herriaren eta Palestinaren arteko anaikidetzean sakontzeko. Eremu anitzetan egin dute bat Euskal Herriaren eta Palestinaren askatasunaren alde borrokatzen direnek, eta eremu horietako bat espetxeak izan dira.
Europa osoan denbora gehien preso daraman ekintzailea Georges Ibrahim Abdallah libanoarra da, Palestinaren alde borrokatzeagatik 1984ko urrian atxilotu baitzuten. Orain hainbeste aipatzen den Lawfare politikaren ondorioz segitzen du preso. Bera bizi zen etxean pasaporte faltsuak eta armak aurkitu zituztelako atxilotu zuten, eta lau urteko espetxe zigorra ezarri. Zigorra betetzen ari zela, bigarren auzi bat ireki zioten, froga faltsuak eta era guztietako trikimailuak erabilita… bizitza osorako espetxe zigorra ezarri arte! Georges Abdallah Lannemezango espetxean dago preso, eta urte luzez Euskal preso politikoekin batera bizitu da, tartean Oihan Barandalla eta Jon Gurutz Maiza etxarriarrekin.
Elkartasun talde batek dokumental bat egin du Georgesen bizitza kontatzeko: Fedayin, la lucha de Georges Abdallah. Maiatzaren 15ean Etxarri Aranatzen ikusteko aukera izango dugu, Oihan Barandallaren parte hartzearekin. Palestinako eta Euskal Herriko presoen egoeraz ere mintzatuko gara, Haimar Altunaren laguntzarekin. Datu bat bakarrik, urriaren 7tik hona, preso dauden palestinarren kopurua 5.300 izatetik 9.100 izatera pasa da, horietatik asko adin txikikoak.