Etxarri Aranazko San Donato futbol zelaian giro ezin hobea bizi izan zen maiatzaren 12an. Erregional mailako azken partida zegoen jokoan, eta Etxarri Aranatz liderrak lidergoa zuen jokoan, puntu batera San Jorge taldea baitzuen. Etxarri Aranatzek Liceo Monjardin hartu zuen, arerio sendoa.
Partidaren hasieratik sumatzen zen Etxarrik liga irabazteko gogoa zuela. Zortzigarren minutuan Javier Fernandez de Garaialdek Etxarri aurreratu zuen, eta atsedenaldia baino lehen bigarrena sartu zuen, atzera ere, Fernandez de Garaialdek. Partida hasi eta berehala Iñigo Arratibelek hirugarrena sartu zuen, zaleen gozamenerako, eta nahiz eta Liceo 3-1 gerturatu, Jon Erdoziak laugarrena sartu zuen 69. minutuan. Partida bukaera aldera bigarrena sartu zuen Liceo Monjardinek eta 4-2 irabazita, erregional mailako txapelduna izan da Etxarri (66 puntu), San Jorge puntu batera izan duela (65 puntu). Ederki ospatu zuten Etxarrin.
Bestalde, Lagun Arteak Rotxapea B talde hartu zuen Zelai Berrin, ligako azken partidan. Lehen zatian lehia bizia izan zuten bi taldeek, baina markagailua ez zen mugitu. Bigarren zatian Rotxapea aurreratu zen, eta 83. minutuan banakako berdinketaren gola sartu zuen Gorka Egurzak, etxean puntu bat utziz. Lagun Artea sailkapen orokorrean seigarren sailkatu da (46 puntu), igoera faseko postuetatik 12 puntura.
Igoera fasean, Beriain aurkari
Etxarri Aranatzek Preferentera igotzeko igoera fasea jokatuko du orain. Beriain izango du aurkari. Joaneko partida maiatzaren 19an jokatuko dute etxarriarrek, etxean, San Donato zelaian. Itzuliko partida maiatzaren 26an izango da, Beriainen. “Oso garrantzitsua zen lider bukatzea, lider izanik igoera fasea errazagoa dugulako. Beriain taldearen kontrako lehian irabazten badugu, zuzenean igoko gara Preferentera. Eta galtzen badugu beste aukera bat izango dugu, igoera fasea jokatzen ari diren gainontzeko taldeekin jokatzera pasako garelako” azaldu du Mattin Altzelaik.
Pozik daude Etxarrin, eta bolada onean. “Denboraldian zehar sentsazioak ezberdinak izaten dira, baina uste dut sentsazio onenekin egon garen momentua orain dela. Momentu onenean gaude. Futbola ere boladak dira. Bolada ona justu denboraldi bukaeran harrapatu dugu, eta hori aprobetxatu beharra dugu”. Etxarri Aranatzek Preferentean egon behar duela, hori uste dute etxarriarrek. “Uste dugu Preferente mailan egotea merezi dugula, eta saiatuko gara”. Hori da aurtengo helburu nagusia, Preferentera igotza. “Lortzen badugu, afari bat baino gehiago egingo dugu. Ospakizun handia”.