Lannemezango espetxean ezagutu zuen Oihan Barandalla etxarriarraren bitartez, Georges Ibrahim Abdallah preso libanoarrak eskutitza bat bidali du Etxarri Aranatzera, "Gure Borroka Munduko Herrien Borroka da" izenburuarekin Pello Mariñelaren heriotzaren XXXI. urtemugaren karira egiten ari diren ekimenen testuinguruan.
2024ko maiatzaren 11ko data duen eskutitzean, Georges Abdallakek, "Fedayin" hitz arabiarraren esanahiaren logikan -batasuna esan nahi du- , Palestinako herria egun jasaten ari den eraso genozidaren xehetasunak azaltzearekin batera, indarrak batzearen aldeko mezua bidaltzen du. Indarrak biltzea adierazpen anitzak dituen Palestinar Erresistentzia babesteko, zeinaren parte banaezina diren preso dauden milaka borrokalari palestinarrak. Eta indarrak biltzea ere mundu osoan herriek euren buruaren jabe izan daitezen helburutzat hartuko duen Bloke Sozial Historikoa osatzeko.
Honatx hitzez hitz Abdallah-ren eskutitzaren pasarte bat: "Jakitun izan behar zarete zuen elkartasunezko mobilizazioari esker, euskal herritarrak lehen lerroan dituen mundu mailako mobilizazio masiboei esker lortu dela neurri batean Europako zeinbat Estatuen kapitalaren funtsak ez gehitzea Gazan burutzen ari den genozidiora. Beste modu batera esanda, Europan faszistizazio prozesu orokor bat ematen ari bada ere, lortzen ari da elkartasun mugimendu zabal bat egituratzea, borroka ezberdinen bateratzetik subjektu politiko aktiboa izan behar duen Bloke Sozial Historiko baten osatze bidean. Itxaropen handiz begiratu behar da Estatu Batuetan ikasleen eskutik piztu den elkartasun mugimendua, Europara ere zabaltzen hasi dena".
Tonu baikorra duen mezuan, Abdallah-k nabarmentzen du Palestina nozitzen ari den sufrikariotik loratuko direla elkartasun dinamika berriak, eta orain arte sekula lortu ez duen bezala, eraso sionistak ez duela inoiz Palestinako Herria menperatzea lortuko.
Georges Ibrehim Abdallah
- 1951. urteko apirilaren 2an jaio zen Kobayet herrian (Libanoko iparraldean). 73 urte ditu.
- Artean nerabe zela, 1967an Israelek Palestinaren kontra egindako erasoa zuzenean bizi zuen (Sei Egunetako Gerra). Garai bertsuan, mundu mailan loratu ziren nazio askapen mugimenduak, ezkerreko kutsua zutenak, gakoak izan ziren bere kontzientzia politikoaren eraikuntzan (Aljeria, Vietnam, Kuba…).
- 1971. urtean Palestinaren Askapenerako Fronte Herritarreko (FPLP) kide egiten da, ideario marxista duena eta besteak beste Euskal Herriko askapen mugimenduarekin harreman sendoak dituena. Mugimendu horren baitatik eratzen dira 1980ko hamarkadaren hasieran Libanoko Talde Armatu Iraultzaileak (FARL), zeinen sortzaileetako bat den Abdallah bera den. Talde honek Palestinaren aldeko borroka Mendebaldeko potentzien bihotzera eramatea erabakitzen du, Europan zehar hainbat ekintza entzutetsu eginez.
- Georges 1984. urteko urriaren 24an atxilotu zuten Frantziako Lyonen. Bera bizi zen etxean pasaporte faltsuak eta armak topatzen dituztelako atxilotzen dute. Lau urteko espetxe zigorra ezartzen diote lehenengo epaiketa batean. Epaiketa honen aurretik, 1985eko martxoan, FARL taldeak Frantziako diplomatiko bat bahitu zuen Libanon, eta Frantziari proposatzen dio Abdallah-rengatik "kanjeatzea". Aljeriako gobernuaren bitartekaritza medio, akordioa lortzen da eta FARL-ek bahitua askatzen du. Besteak beste Amerikako Estatu Batuen presioak eraginda, Frantziak ez du bere hitza betetzen eta Abdallah-k preso segitzen du.
- Diplomatiko frantses hau aske geratu eta soilik lau egunetara, Abdallah-ren aurka bigarren auzi bat irekitzeko gakoa izango den "froga" faltsua agertzen da. Abdallah-k erabili izan zuen Pariseko etxe batean arma bat aurkitzen dute 1982. urtean Charles Ray militar estatubatuarra eta Yakov Basimentov diplomatiko israeldarren heriotza eragin zuten ekintzekin lotzen dutena. Froga faltsu hau eskuratzeko ibili ziren "presaren" ondorioz, frogaren beraren faltsutasuna erakusten zuen akatsa egin zuen poliziak: arma gordeta zegoen maleta berdinean, Abdallahren atxiloketaren osteko data duen egunkari bat agertu zen ere, norbaitek ahaztuta utzita. Maleta hartan zegoen flasko batean atzeman zituzten Abdallaren hatz markak, eta hori nahikoa izan zen bi hilketen arduradun egiteko, eta bizitza osorako zigorra ezartzeko.
- Frantziako Estatuan, bizitza osorako zigorrak hamabost urteko espetxealdia pasa ondoren errebisatu daitezke. 1999. Urtetik hona, bederatzi aldiz ukatu diote baldintzapeko askatasuna Abdallah-ri. 2003an, Pabeko auzitegiak baldintzapeko askatasunaren alde egin bazuen ere, fiskaltzak helegitea jarri zuen eta lortu zuen askatasuna indargabetzea. 2012.urtean baldintzapeko askatasuna onartu ziezaioten Abdallah egin zuen eskaerari baiezkoarekin erantzun zioten. Behin lehen instantzian eta baita ere apelazioan aldeko epaiak eman ondoren, Frantziako Gobernuak Abdallah Libanora lekualdatzea bakarrik falta zen. Libano prest zegoen Abdallah hartzeko. Berriro Amerikako Estatu Batuen presioak (Hillary Clinton tarteko), lortzen dute Frantziako Gobernuak auzia Kasazio Auzitegira eramatea eta honek Abdallah-ek preso segitu behar duela ebaztea. Film hoberenetan ere ikusten ez den "Lawfare" kasua.
Gure borroka munduko herrien borroka da!
- Pello Mariñelarena Imaz etxarriarra Pariseko espetxe batean hil eta XXXI. urtetara egindako ekimenaren amaiera gisa, ekitalditxoa eginen da Etxarri Aranatzeko hilerrian maiatzaren 18an, larunbatarekin, 12:30etan hasita. Ekitaldian Pello berak Palestinako Intifadako borrokalarien omenez margotutako koadroa egonen da, eta bertan ateratako argazkia eta elkartasun internazionalista jasoko duen mezua helaraziko zaizkio Georges Ibrahim Abdallah-ri Lannemezango espetxera.
(Informazio hau "Fedayin, la lucha de Georges Abdallah" dokumentaletik eta "GEORGES IBRAHIM ABDALLAH, manual de militancia dentro y fuera de la cárcel" liburutik jasota dago. Liburu hau Saïd Bouamamak idatzitakoa eta Boltxek argitaratu zuen 2022 urtean).