Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi duenez, Danbolintxulon dauden udal igerilekuek maiatzaren 24an zabalduko dituzte ateak, 10:00etatik 20:00etara egonen dira zabalik egunero. Sasoi guztirako txartela eskuratu nahi duenak kanpineko web orriaren bidez eskuratu beharko du, campingetxarri.com webgunean sartuz.
Udalak jakinarazi duenez, jubilatutako pertsonak dohainik sar daitezke igerilekuan, baina, horretarako, nortasun agiria aurkeztu beharko dute. Bestetik, udalak gaztigatu du igerilekuan sartzeko beharrezkoa izanen dela bainu txanoa eramatea. Horrekin batera, Etxarri Aranazko Udalak azaldu duenez, kanpinean ostatua hartuta ez dauden pertsonek goiko aparkalekua besterik ezin dutela erabili. Izan ere, beheko aparkalekua kanpinean ostatu hartuta dauden pertsonendako besterik ez baita. Azkenik, Etxarri Aranazko Udalak arduraz jokatzeko deia egin du, eta une oro igerilekuko arduradunek zehazten dituzten osasun eta segurtasun neurriak betetzera.