Bi konpositoreen arteko mende bateko bilakaeraren abestiak

Guaixe 2024ko mai. 20a, 10:33

Etxarri Aranazko Abesbatzak '1824-1924' kontzertua eman zuen maiatzaren 19an, herriko elizan.

"Kasualitatez" bi konpositoreren urteurrenak dira aurten: erromantizismo alemaniarraren ordezkari nagusienekotzat jotzen den Anton Bruckner jaiotzaren 200. urteurrena eta erromantizismoaren eta modernismoaren arteko zubi kontsideratutako Gabriel Faureren heriotzaren ehun urte. "Lehenengo jaiotzaren eta bigarrenaren heriotzaren artean mende bateko bilakaera musikala dago, klasizismo berantiarretik hasi eta musika garaikidearen hasieraraino, erromantizismotik igaroz", azaldu du Irati Morentin Etxarri Aranazko Abesbatzako kideak.

Mende horretan sortu ziren errepertorio koraleko pieza "ikonikoetako" batzuk hartu eta 1824-1924 kontzertua osatu dute, maiatzaren 19an, Etxarri Aranazko elizan interpretatu zutena. Publikoarendako ezagunak dira abestietako asko.

Azken urteotan Etxarri Aranazko Abesbatzak kontzertu "tematikoak" ematen ditu; gai komun baten inguruko lanetan oinarrituak, "eta kasu honetan ikuspegi historikoa du, obrak kronologikoki konposizio urtearen arabera antolatzeraino". Abestien aukeraketaz koruaren batzorde teknikoa arduratzen dela azaldu du Morentinek. "Soka bakoitzeko arduradunek eta zuzendariak osatzen dute batzordea, eta kontzertuaren gaia, partitura eta atrezzoaz arduratzen dira".

Morentinek azaldu duenez, denboraldi "lasaia" izaten ari da: "Aipatzekoa da musika koralak ez daukala beste garai batzuetan zuen arrakasta, eta geroz eta zailagoa da kontzertuak lortzea; pandemiaz geroztik are gehiago". Hala ere, kontzerturen bat edo beste ateratzen dela esan du abesbatzako kideak. Ikasturte honetan, hain zuzen, zazpi kontzertu eman dituzte: Etorkizuna dantza taldearekin urtero ematen duten, Gabonetakoa, Bidaurretan, Arbizun, Barasoainen, Palentzian eta Artikan. Datozen hilabeteetarako aurreikusita dituzten kontzertuak, maiatzaren 19koa eta Nafarroako Abesbatzen Elkartearen Gogo bete kantuz zikloaren barruan ekainaren 8an Etxalekun emanen dutena daude.

Abesbatza
40 kidek osatzen dute momentu honetan Etxarri Aranazko Abesbatza: hamar baxu, hamar kontralto, hamar soprano, bederatzi tenore eta zuzendariak. Igandean emanen dute 1824-1924 kontzerturako "lan handia" egin dutela esan du Morentinek: "Bakarka zein taldean; abesti berri asko ikasi eta beste hainbeste berrikusi behar izan ditugulako". 

Kontzertu bat prestatzeko "gutxinaka" kantak solfeatzen eta erritmoak ikasten joaten dira. Ondoren, letrarekin hasten dira eta azken urratsa "goitik behera" berrikusten joaten dira. "Prozesu serioa ematen badu ere, barre eta algaretarako tartea ere izaten dugu. Lan egin bai, baina ongi pasatu ere bai". Lehiaketa zirkuitura itzultzeko prestatzen ari da.