Inbertsioen artean eguzki plakak eta desinfekzio gunea

Guaixe 2024ko mai. 29a, 09:00

Ezkerretan konpondu berri den kaleko zorua.

Aurrenak eskolan jarriko ditu, argindarra sortzeko. Atzena, hiltegian jarriko du, azienda garraiatzen duten kamioi eta atoiak garbitzeko. Basoan bideak konpondu eta itxiturak eginen dira. Udalak gobernuari haur eskolan interesa duela jakinarazi dio, baita hura jartzeko baldintzak ere.

Etxarri Aranazko Udalak aurtengo aurrekontuan 2.698.254,84 euroko gastuak jaso ditu, joan zen urtean baino 219.731,76 euro gehiago. Gastu horietatik 401.355,24 euroko inbertsioetara bideratuko ditu udalak. Sarrerak, berriz, 2.661.843,08 euroak, izanen dira, 2023an baino 183.320 euro gehiago. Diru sarrera handietako bat baso aprobetxamenduaren salmentatik jasoko du udalak, 200.000 euro inguru izatea aurreikusten du. 

Inbertsioen atalean handiena egina du udalak dagoeneko: plazako zorua irisgarriagoa bihurtu du lau zatitan, eta liburutegirako sarbidea egokitu du. Horretarako 94.000 euro bideratu ditu. Bestetik, Maria Saez de Albeniz Bregaña alkateak jakinarazi duenez, "oso aurreratuta daude Kalamurtxei kaleko lanak". Ibai ertzean dagoen kale horretan gerrietuek, lur mugimenduek, zorua zartarazi zuten kaleko 10 eta 22 zenbakien artean. Zorua berritzeko lanak duela hilabete eta erdi inguru hasi ziren eta aurki despedituko dituzte. Lanok 75.000 euroko aurrekontua dute. Obra finantzatzeko Etxarri Aranazko Udalak Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsio Planeko dirulaguntza izan du.

Beste bi inbertsio kanpinean egin ditu udalak. Batetik, igogailua berritu dutela jakinarazi du alkateak. Eta, bestetik, barruko aldageletako galdara berritu da ere. Lanek 12.000 eta 14.000 euro balio izan dituzte hurrenez hurren. Plazako haurren jolas parkeko zorua eta zabuak berritzeko lanak ere despedituta daude. 

Energia, hiltegia eta basoa  
Udalak aurten eginen dituen inbertsioen artean dago San Donato eskola publikoan eguzki plakak jartzea. Alkateak azaldu duenez, "50 kW sortzeko ahalmena izanen duen instalazioa jartzeko baimena" jaso du udalak. Horretara 74.000 euro bideratuko ditu. "Han sortutako energia ikastetxean bertan kontsumituko da. Baina soberan geldituko denez, argindar hori udal eraikinen kontsumoa murriztera bideratuko du udalak, horrela energia kontsumoko gastuak murriztuko ditugu". 

Hiltegian zatikatze gela egin ondoren, "orain desinfekzio gunea eginen dugu. Hiltegiaren atzeko aldean egonen da, basoaren kontra. Zabalik egonen da eta azienda garraiatzeko erabiltzen diren kamioiak eta atoiak desinfektatzeko izanen da. Ate batetik sartu eta bestetik ateratzeko ate bana izanen du. Edozeinek erabiltzeko aukera izanen du", azaldu du Saez de Albenizek. Lanek 54.000 euroko aurrekontua dute. 

Baso lanetara, berriz, Etxarri Aranazko Udalak aurten 40.000 euro bideratuko ditu. Batez ere, bide konponketak eta itxiturak eginen dira. Bestetik, Amaiturrietako sarea konpontzerakoan, ur biltegi zaharraren parean, Nabarroren baserrirako bidearen ertzean, porlanezko kutxatila handia egin zuten lurrean. Saez de Albenizek jakinarazi duenez, aurki han iturri bat jarriko du udalak. 


Iturria jarriko den tokia. ARTXIBOA

Haur eskola
Saez de Albenizek jakinarazi duenez, "Nafarroako Gobernuari jakinarazi diogu herrian haur eskola bat izateko interesa dugula. Horrekin batera baldintza batzuk jarri ditugu: 0 eta 3 urte artekoa izatea,  unibertsala izatea eta beste". Hezkuntza Departamentuaren erantzuna iritsi bitartean, 2023an jaiotako haurren gurasoei Danbolintxulo haur ludotekaren eskaintza eginen die udalak. 19. urtea izanen da. 

Etxarri Aranazko musika eskolak aurten 183.320 euroko aurrekontua izanen du. Eskola publikoan segurtasun plana gauzatzeko beharrezko lanak eginen ditu udalak. Eraikin berean LED argi batzuk jartzeko ditu udalak. Lan horiek dagoeneko eginak dauden plazan. 

Udalak euskarari bideratutako hainbat diru sail dituela nabarmendu du Saez de Albenizek: UEMA, egoera zaurgarrian dauden haurrak laguntzen dituen solasean programa, udan euskaraz eta abar. 

Lizarragabengoa 
Alkateak jakinarazi duenez, kontzejuan hainbat lan egiteko daude: bi ur ihes eta bi ureztatze-aho konpontzea. Lizarragabengoako hainbat kale konpontzeko daudela ere jakinarazi du Saez de Albenizek, baina horretarako dirulaguntzak behar dira.