Futbola

Etxarri Aranatzek irain arrazistak salatu, eta partida utzi zuen

Guaixe 2024ko mai. 27a, 10:50

Etxarri Aranatz, joaneko partidan. UTZITAKOA

Erregional mailako igoera faseko itzuliko partida jokatzen ari zen Beriainen kontra, eta bigarren zatian ez zen zelaira atera, taldekide baten defentsan. Etxarri Aranatzek neurriak hartzea eskatu dio Federazioari

Etxarri Aranatzek eta Beriainek erregional mailako igoera faseko itzuliko partida zuten jokoan maiatzaren 25ean Beriainen. Joaneko partidan hiruna berdindu eta gero, itzulikoan dena ematera atera ziren bi taldeak. Lehen zatia bukatzerakoan, zalaparta sortu zen Beriaingo zelaian. Etxarri Aranazko jokalariek eta staffak bere jokalari bati egindako irain arrazistak salatu zituzten, “mono” eta “vete a la selva” bezalako irainak, Etxarriko juntakide baten esanetan  "lehen zatian behin eta berriz entzun behar izan zituenak". Bere jokalariari babesa emanez, bigarren zatian zelaira ez ateratzea erabaki zuten Etxarriko jokalariek, eta hala jakinarazi zioten arbitroari. Hark, hala ere, aktan ez du halakorik jaso.

Bigarren zatian, beharrezko denbora itxaron ondoren Etxarri ez zela zelaira ateratzen ziurtatuta, arbitroak bertan behera utzi zuen partida. Une horretan 2-0 irabazten ari zen Beriain. Federazioaren erabakiaren edo erresoluzioaren esperoan geratu da. Diario de Noticiasek jasotzen duenez, Beriain taldea "harrituta" azaldu da gertakariarekin, eta irain horiek entzutea ukatu du. 

Federazioari neurriak hartzea eskatu dio Etxarrik
Etxarri Aranatz Kirol Elkarteak kaleratutako komunikatu ofizialean jasotzen denez, “C.D Etxarri Aranatz KE-tik gure jokalariari babes osoa eman nahi diogu maiatzaren 25ean Beriainen jokatutako partidaren lehen zatian gertatutakoagatik. Kluba honetatik gure jokalariak jasan dituen irain arrazisten edo beste klub batzuetako jokalariek jasan ditzaketenen aurka gaude erabat”. 

Arrazakeriaren kontrako protokoloa zein den, hori da euren zalantza. “Badakigu gutxi gorabehera zein den arrazakeriaren aurkako protokoloa futbol profesionalean, baina zein da prokotoloa eskualdeko futbolean?” galdetzen du Etxarri Aranatzek. Horregatik, Nafarroako Futbol Federazioari eskatzen diote, “protokoloak badaude, klubei eta batez ere arbitraje-estamentuari azaltzeko; Iker Murugarren Soria arbitroak, federazioko kide batek eta arbitroko kolegioko beste ordezkari batek, gertatutakoaz eta gure jokalariak jasotako irainez behar bezala abisatuta, ez zutelako inolako jarduketa protokolorik martxan jarri”. 

Taldekidearenganako elkartasuna ororen gainean jarri du Etxarrik. “Jokoan zegoen guztiarekin, taldekidearenganako elkartasunagatik erabaki genuen ez jokatzea”, eta eskari zuzena egin dio Nafarroako Futbol Federazioari, “neurri egokiak har ditzala. Gure partetik, eta gure jokalariaren aldetik ere, beharrezko neurriak hartu genituen. Futbol garbi baten alde, ARRAZISTEI EZ”. Gertatutakoak eta bere jokalariak jasotako irainak Foruzaingoan salatu zituen Etxarri Aranatz Futbol Elkarteak.

Erabakia
Federazioak beranduenez asteazkenerako erabaki beharko du Etxarri Aranatz futbol taldearekin zer gertatzen den. Momentuz, partida galdutzat eman du, eta gauzak hala, Beriain Preferentera igoko litzateke. Etxarri Aranatzek igoera fasean lehian jarraitu beharko luke, baina ikusteko dago Beriainen bigarren zatian jokatzera ez ateratzeagatik zer erabaki hartzen duen.